Izai profetaren liburutik 52, 7-10.
Bai ederrak direla mendi gainetan
bakearen berria ekartzen duen mezulariaren oinak,
berri ona eta salbamendua erranez dabilanaren oinak,
Ziongo hiri sainduari erraiten diolarik:
Errege da zure Jainkoa.
Entzun: zure zaintzaleak oihuka ari dira,
irrintzinaka guziak batean,
ikusten baitute Jauna berriz heldu dela Zionera.
Egin bozkarioz oihu, Jerusalemeko harresi zahar eroriak,
Jaunak bere herria kontsolatu baitu
eta salbatu Jerusaleme.
Jaunak, herrialde guzien aitzinean,
erakutsi du bere besoaren indar gaitza.
Eta lurraren bazter guziek ikusiko dute
Jainkoarenganik salbamendua.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
97. Salmoa
Lur guziak du ikusia
salbamenduko iguzkia.
Kanta Jaunari kantu berri,
Harek eginak baitira oro miragarri.
Salbatzaile da jeiki Jauna:
Ikusi dute zoin ona dugun, zoin zuzena.
Izraelentzat zer laguna:
Erakutsi du bere betiko bihotz ona.
Lur guziak du ikusia
Gure Jaunaren salbamenduko iguzkia.
Kanta Jaunari lur guzia !
Pitz eta kanta, bai bozkaria, bai loria !
Egin Jaunari soinu, kantu !
Jo xirribika, jo salmo, ttunttun eta xistu !
Hebrearreri epixtolaren hastapena 1, 1-6.
Haurrideak, askotan eta asko moldez
Jainkoa mintzatu zen lehen gure arbasoeri, profeten bidez.
Guri mintzatu zaiku, azkenak diren egun hautan,
bere Semearen bidez.
Hura ezarri baitu ororen premu, haren bidez egin baitu mundua.
Hura da Aitaren aintzaren dirdira, eta haren izaitearen irudia,
eta guziak bere hitz boteretsuaz dakarzki.
Seme hori, bekatuen garbiketa egin ondoan,
jarri da Jainko guziz handiaren eskuinaldean zeru gorenetan;
aingeruak baino gorago ezarria da,
ondaretzat duen izena heiena baino askoz goragokoa baita.
Alabainan, aingeruetarik zeini dio Jainkoak sekulan erran:
“ Nere semea zira zu, nik zaitut gaur sortu ” ?
Eta oraino:
“ Ni aita izanen nau, eta hura izanen dut seme.”
Bere lehen sortua munduan sarraraztean, aldiz, erraiten du :
“ Adora dezatela hura Jainkoaren aingeru guziek !”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Guri egungo egun sainduak, zer argia !
Herriak etor, Jaunari eror belauniko,
Egun, argi bat, zein handia, lurrera jautsi zaikulako !
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 1, 1-18.
Haste hastean bazen Hitza.
Hitza Jainkoarekin zen,
eta Jainko zen Hitza.
Haste hastean Jainkoarekin zen.
Haren bidez eginak izan dira oro,
eta egin denetik deus ez da hura gabe egin .
Haren baitan zen bizia, eta gizakien argia zen bizia.
Argiak ilunbetan argitzen du,
eta ilunbeek ez dute onartu.
Agertu zen gizon bat Jainkoak igorria: izena zuen Joanes.
Lekuko izaitera etorria zen, argiaren lekuko izan zadin,
haren bidez guziek sinets zezaten.
Bera ez zen argia, bainan argiaren lekuko izan behar zuena.
Hitza zen egiazko argia,
mundurat etorriz gizaki guziak argitzen dituena.
Munduan zen, eta mundua haren bidez egina zen,
bainan munduak ez du ezagutu.
Bereetarat etorri da, eta bereek ez dute onartu.
Bainan onartu duten guzieri,
haren izenean sinesten duteneri
eman diote Jainkoaren seme izaiteko ahala.
Hauek ez dira odoletik sortu, ez haragiaren nahitik,
ez eta gizonaren nahitik,
bainan bai Jainkoarenganik.
Eta Hitza haragi egin da,
eta gure artean egin du bere egoitza.
Ikusi dugu haren aintza,
Aitarenganik, Seme bakar gisa, daukan aintza,
Graziaz eta egiaz betea.
Joanesek lekukotasun egiten dio, goraki diola:
“ Hau da nik erraiten nuena:
Ene ondotik heldu dena aitzindu zait,
ni baino lehen baitzen.”
Bai, haren betearen betetik denek ukan dugu,
eta grazia graziaren gainean.
Legea Moisen bidez emana izan zaiku;
grazia eta egia, berriz, Jesu Kristoren bidez etorri zaizkigu.
Egundaino nehork ez du Jainkoa ikusi:
Seme bakarrak, Aitaren altzoan denak,
eman dauku haren berri.
EDO BERTSIO LABURRA :
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 1, 1-5. 9-14.
Haste hastean bazen Hitza.
Hitza Jainkoarekin zen,
eta Jainko zen Hitza.
Haste hastean Jainkoarekin zen.
Haren bidez eginak izan dira oro,
eta egin denetik deus ez da hura gabe egin .
Haren baitan zen bizia, eta gizakien argia zen bizia.
Argiak ilunbetan argitzen du,
eta ilunbeek ez dute onartu.
Hitza zen egiazko argia,
mundurat etorriz gizaki guziak argitzen dituena.
Munduan zen, eta mundua haren bidez egina zen,
bainan munduak ez du ezagutu.
Bereetarat etorri da, eta bereek ez dute onartu.
Bainan onartu duten guzieri,
haren izenean sinesten duteneri
eman diote Jainkoaren seme izaiteko ahala.
Hauek ez dira odoletik sortu, ez haragiaren nahitik,
ez eta gizonaren nahitik,
bainan bai Jainkoarenganik.
Eta Hitza haragi egin da,
eta gure artean egin du bere egoitza.
Ikusi dugu haren aintza,
Aitarenganik, Seme bakar gisa, daukan aintza,
Graziaz eta egiaz betea.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
(Andiazabal, « Mezetako deiak », B urtea, sail berria)
Bihotz beraz dei egin diezogun gutarterat etorri den Jaunari, gizon guzien salbamendua galdatuz.
1. Jainko biziaren Semea, Aitaren amodioa agertzen daukuzuna, zure Eliza salbamenduaren seinale izan dadin , zuri oihuz gaude!
2. Aitaren betiereko Hitza, Jainkoaren ganako bidea erakusten daukuzuna, zure Ebanjelioaren lekuko egin gaitzazun, zuri oihuz gaude!
3. Zuzentasun-Iguzkia, Izpirituaren argiaz dirdiratzen duzuna, zure bila dabiltzanak argi ditzazun, zuri oihuz gaude!
4. Pobreen adixkidea, xume ta umilak maite ditutzuna, holakoen alde lanean ari direnak susta ditzazun, zuri oihuz gaude!
5. Munduaren Salbatzailea, Kurutzean pairatu-eta hil zirena,
lanik, osasunik, amodiorik gabe direnak lagunt ditzazun, zuri oihuz gaude!
6. Gizon guzien Eroslea, Maria ganik gorputz hartu duzuna,
fededuneri zure bizia eman diezozuten, zuri oihuz gaude!
Jauna, gure Salbatzailea eta Jainkoa,
egizu gure bizia izan dadin beti
orai egiten dauzkitzugun galdeen araberakoa.
Zu bizi baitzira gizaldi eta gizaldietan.
(Andiazabal, « Mezetako deiak », C urtea – sail berria)
Egun huntan, Jainko gure Aitak gizonen lurrari bere Semea eman dio, haren salbatzeko. Erakuts ditzogun gizon guzien beharrak .
1. Jesus haur guziak bezala ahul eta hobengabe sortu da. Munduko haur guzientzat, herri aberatsetako ala goserik daudenetako haurrentzat, eri direnentzat, egin dezagun otoitz.
2. Gazte guziak bezala handitu da Jesus. Gazte guzientzat, geroari buruz esperantza dutenentzat, eta galdua dutenentzat, lagunak dituztenentzat eta lagunik gabe bakarrik daudenentzat, egin dezagun otoitz.
3. Jesus gaur sortu da, Aitari bere gizon biziaren eskaintzeko. Ezkonduentzat eta ezkongabeentzat, bat dauden familientzat eta deseginak edo desegiten ari direnentzat, beren lanaz mundu hau biziarazten dutenentzat, egin dezagun otoitz.
4. Jesusen sortzeak balio neurrigabea eman dio biziari. Bizitze luze bat eremaiten dutenentzat, esperantzak argi dezan heien bihotza, eta elgarren arteko amodioak susta ditzan, eta ere haurrideen amodioak ekar diezoten egun goxoen iragaiteko zoriona, egin dezagun otoitz.
Jauna, zure Semearen sortzeak eman dio argi gure biziari eta zorion munduari . Begira gaitzazu fedean eta esperantzan azkar,
egun guziez ukan dezagun zuk bezala maitatzeko ahala.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez .
Propositions à adapter par chaque paroissse