Ezekiel profetaren liburutik 47, 1-2. 8-9 . 12.
Jaunarenganik nuen ikuspen batean,
gidatzen ninduen gizonak Tenpluko atarirat ereman ninduen.
Eta hara: Tenpluko ate azpitik ura zarion iguzki alderat,
Tenplua harat beha baitzagon.
Ura Tenpluaren eskuinaldetik jausten zen, aldarearen hegoalderat.
Gero, iparraldeko atetik aterarazi ninduen
eta kanpotik itzulia eginarazi zautan
iguzkialderat beha zagon ateraino.
Eta han ere ura eskuinaldetik zoan ixurian.
Erran zautan :
“ Ur hau iguzkialderat doa :
Jordaneko haranerat jausten da eta Itsaso hilean sartzen ;
eta hango ur ustelak onduko ditu.
Ibaia helduko den edonon,
uretako bizidun guziak han biziko dira, eta arrain asko izanen da :
ur hau sartuz geroz, itsasoko urak garbituko dira,
eta ibaia sartzen den toki guzietan, bizia izanen da.
Ibaiaren bi bazterretan
mota guzietako zuhaitz fruitudunak haziko dira ;
ez zaiote hostorik eroriko, ez eta fruiturik eskastuko.
Ilabete oro, fruitu berriak emanen dituzte,
saindutegitik sortzen den urak ureztatzen baiditu.
Fruituak janari izanen dira et hostoak sendagai.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
45. Salmoa
Huna Jaunaren bizilekua gutartean !
Jainkoa dugu bai ihes leku, bai indarra,
Oren beltzetan esku emaile zoin azkarra.
Guk beldurrik ez, mugi baladi, mugi lurra,
Eta mendiak itsasperaino tanpez lerra.
Ur handi batek bere ibaiez pizten dio
Jaun zerukoa den hiriari bozkario.
Hartan da Jauna : deusek ezin du lurrerat jo ;
Argi zirrintan Jainkoa lagun doakio.
Gurekin dugu zeruetako Jaungoikoa :
Menderen mende beti gure zain du besoa.
Zatozte, beha Jaunak zer lana, zer ahala :
Bazterrez bazter mundu guzitik joan du gerla.
Jondoni Paulok Korintiarreri 1a : 3, 9b-11. 16-17.
Haurrideak,
Jainkoak eraikitzen duen etxea zirezte.
Etxegile trebeak bezala,
Jainkoak eman dautan dohainaren arabera, nik oinarria ezarri dut.
Beste batek eraikitzen du gainean ;
bainan ikus beza bakotxak nola eraikitzen duen.
Nehork ez dezake ezarria den oinarriaz besterik ezar ;
eta oinarri hori Jesu Kristo da.
Ez ote dakizue Jainkoaren tenplua zireztela,
eta Jainkoaren Izpiritua zuen baitan bizi dela ?
Jainkoaren tenplua hondatzen duena, Jainkoak hondatuko du ;
Jainkoaren tenplua saindua baita :
tenplu hori zuek zirezte.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Badator ordua, eta orai da egiazko adoratzaileek
Aita izpirituz eta egiaz adoratuko baitute.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 2, 13-22.
Hurbil zen Juduen Bazko-besta eta Jesus Jerusalemerat igan zen.
Tenpluan merkatariak aurkitu zituen idi, ardi eta uso saltzen,
eta diru-trukalariak ere, han jarririk.
Sokaz azote bat eginik,
Tenplutik haizatu zituen denak bai eta ardi eta idiak ere,
trukalarien diruak barreiatu eta mahainak uzkaili.
Uso-saltzaileeri erran zioten :
“ Ken horiek hemendik !
Ez egin nere Aitaren etxea merkatu-etxe.”
Haren dizipuluak orroitu ziren izkiriatua dela :
Zure etxearen maiteminak erreko nau.
Juduek orduan galdatu zioten :
“ Zer ezaugarri emaiten daukuzu horren egiteko ? ”
Jesusek ihardetsi zioten :
“ Suntsi zazue Tenplu hau,
eta hiru egun barne berriz eraikiko dut.”
Juduek erran zioten :
“ Berrogeita sei urte behar izan dira Tenplu hunen egiteko,
eta zuk hiru egun barne berriz eraikiko duzula ?”
Hura, ordea, bere gozputzaren tenpluaz ari zen.
Horrengatik, hilen artetik piztu zenean,
orroitu ziren haren dizipuluak hori erran zuela ;
eta sinetsi zuten Liburu Saindua, bai eta Jesusek erran hitza.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Propositions à adapter par chaque paroissse