Premiere lecture

Ezekiel profetaren liburutik 37, 12-14.

Hunela mintzo da Jauna :
“ Nik idekiko ditut zuen hilobiak,
eta ateraraziko zaituztet zuen hilobietarik, ene populua,
eta Izraelgo lurrerat berriz eremanen.
Jakinen duzue ni naizela Jauna,
zuen hilobiak idekiko ditudalarik,
eta zuek handik ateraraziko, ene populua.
Ene izpiritua ezarriko dut zuen baitan, eta biziko zirezte ;
zuen lurrean ezarriko zaituztet,
eta jakinen duzue ni naizela Jauna: erran eta egiten dutala.
Jaunak errana !

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Psaume

129. Salmoa
Jauna bihotzez da betea,
Zoin maite duen salbatzea !

Leize hautarik zuri oihuz,
Entzun nezazu, entzun, Jauna !
Dena beharri nitaratuz,
Entzun nik egin dei auhena !

Gaizkiez orroit bazaude zu,
Zuri so, Jauna, nor dagoke ?
Denen barkatzen maite duzu :
Beldur bezenbat badut bake.

Jaunaren beha dut bihotza :
Egia daukat haren hitza.
Nik segurago Jauna goza,
Gauzainek baino goizargia.

Jauna bihotzez da betea,
Zoin maite duen salbatzea.
Hak du Izrael salbatuko,
Hoben guziak joanen daizko.

Deuxieme lecture

Jondoni Paulok Erromanoeri 8, 8-11.

Haurrideak,
Haragiaren arabera dabiltzanek , Jainkoari ezin kausi.
Zuek aldiz, ez zabiltzate haragiaren arabera,
bainan Izpirituaren arabera.
Jainkoaren Izpiritua zuen baitan denaz geroz.
Norbaitek Kristoren Izpiritua ez badu, hori ez da Kristorena.
Bainan zuen baitan balin bada Kristo,
zuen gorputza hila izana gatik ere bekatuaz,
Izpirituak bizia emaiten dautzue, zuzentasunari esker.
Jesus hilen artetik piztu duenaren
Izpiritua zuen baitan bizi bada,
hilen artetik Jesus piztu zuenak
zuen gorputz hilkorrak ere biziaraziko ditu
zuen baitan bizi den Izpirituaren bitartez.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Acclamation de l'Evangile

Jesu Kristo guri mintza, argi gure bihotza.
Zu zira piztea eta bizia, Jesus Jauna !
Ez da sekulan hilen zutan fede duena.

Evangile

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 11, 1-45.

Egun hartan,
Lazaro deitu gizon bat eri zen.
Betaniakoa zen, Mariaren eta hunen ahizpa Martaren herrikoa.
(Maria hau – Lazaro eriaren arreba –
Jesus usain gozoz gantzutu zuena,
eta oinak bere ilez xukatu ziozkana zen).
Bi ahizpek berria Jesusi igorri zioten :
“ Jauna, maite duzuna eri da.”
Hori aditzearekin, Jesusek erran zuen :
“ Eritasun hori ez da heriotzerako,
bainan Jainkoarentzat gorets-bide,
horri esker goretsia izan dadin Jainkoaren Semea. ”
Jesusek maite zituen Marta, hunen ahizpa eta Lazaro.
Hau eri zela jakin ondoan,
beste bi egun egon zen leku berean.
Gero, dizipulueri erran zioten :
“Goazen berriz Judearat.”
Dizipuluek erran zioten :
“ Irakasle jauna, berrikitan juduek harrika hil nahi zintuzten
eta berriz harat zoazi ? ”
Jesusek ihardetsi :
“ Ez ote ditu egunak hamabi oren ?
Egunaz dabilana ez da behaztopatzen,
mundu huntako argia ikusten baitu ;
bainan gauaz dabilana behaztopatzen da,
argirik ez duelakotz bere baitan.”
Hola mintzatu ondoan, erran zioten :
“ Lazaro gure adiskidea lokartu da, bainan banoako iratzartzera.”
Dizipuluek erran zioten :
“ Jauna, lokartu bada, salbu da.”
Haren heriotzeaz mintzo zen Jesus,
heiek aldiz uste zuten ohiko loaz ari zela.
Jesusek orduan garbiki erran zioten :
“Lazaro hila da, eta han ez izanaz bozkariatzen naiz,
zuengatik, sinets dezazuen.
Bainan goazen harenganat ! ”
Tomasek, Biritxia deituak, beste dizipulueri erran zioten :
“ Goazen gu ere, hunekin batean hiltzera.”
Etorri zen beraz Jesus, eta kausitu zuen Lazaro
lau egun hartan hilobian ezarria.
Betania Jerusalemetik hurbil zen, oren erditsu baten bidean.
Judu ainitz etorrriak ziren Marta eta Mariarenganat,
anaiarengatik doluminen emaitera.
Jesus heldu zela entzun orduko, Marta biderat joan zitzaion ;
Maria aldiz etxean gelditu zen.
Martak erran zion Jesusi :
“ Jauna, hemen izan bazina, nere anaia ez zen hilen.
Bainan, badakit eskatuko diozun guzia
Jainkoak emanen dautzula, oraino ere.”
Jesusek ihardetsi : “ Piztuko da zure anaia.”
Martak berriz :
“ Badakit piztuko dela azken egunean, hilen piztean.”
Jesusek erran zion :
“ Ni naiz piztea eta bizia.
Nitan sinesten duena, hilik ere, biziko da.
Eta nitan sinetsiz bizi dena, ez da hilen sekulan.
Sinesten duzu hori ? ”
Martak ihardetsi :
“ Bai, Jauna, sinesten dut zu zirela Mesias, Jainkoaren Semea,
mundu huntarat etortzekoa zena.”
Hori erran eta, joan zen Marta
bere ahizpa Mariaren deitzera, eta ahapetik erran zion :
“ Irakasle jauna hemen da, galdegiten zaitu.”
Hori aditu orduko, Maria xutitu zen berehala,
eta Jesusenganat joan.
Jesus ez zen oraino herrian sartua,
Martak aurkitu zuen lekuan zagon.
Orduan, hari doluminen emaiten etxean zauden juduak,
Maria laster jeiki eta atera zela ikusirik, jarraiki zitzaizkion,
ustez eta hilobirat zoan nigar egitera.
Maria, Jesus zagon tokirat heldu zelarik,
hura ikustearekin, oinetarat erori zitzaion, erranez :
“ Jauna, hemen izan bazina, nere anaia ez zen hilen.”
Nigarrez ikusi zuelarik Maria,
eta nigarrez ere harekin etorri juduak,
Jesusi barnea inarrosi zitzaion, eta durduzaturik,
erran zuen : “ Non ezarri duzue ? ”
Ihardetsi zioten : “ Jauna, zato ikustera.”
Jesusek nigar egin zuen.
Juduek erran zuten orduan : “ Beha zein maite zuen ! ”
Heietarik zenbaitek erran zuten :
“ Itsuari begiak ideki ziozkanak
ez ote zezakeen Lazaro hiltzetik begira ? ”
Jesus, berriz ere barnea inarrosia, etorri zen hilobirat.
Harpe bat zen, harri lauza batek hetsia.
Jesusek erran zuen : “ Kenazue harria.”
Martak, Lazaro zenaren arrebak, erran zion :
“ Jauna, usaindua daiteke, laugarren eguna da.”
Orduan Jesusek Martari :
“ Ez ote dautzut erran :
sinesten baduzu, Jainkoaren aintza ikusiko duzu ? ”
Kendu zuten, beraz, harria.
Jesusek, begiak zerurat altxaturik, erran zuen :
“ Aita, eskerrak zuri, entzun nauzulakotz.
Nik badakit, bai, beti entzuten nauzula ;
bainan inguruan dutan jendearengatik mintzatu naiz hola,
zuk igorri nauzula sinets dezaten.”
Hortan, ozenki oihu egin zuen :
“ Lazaro, zato kanporat ! ”
Eta hila atera zen, oinak eta eskuak oihal-zerrendaz loturik,
eta aurpegia hil-oihal batez inguratua.
Jesusek erran zioten : “ Laxa zazue eta utz joaitera.”
Mariaren ganat etorri judu ainitzek,
Jesusek egina ikusi zutelarik, haren baitan sinetsi zuten.

EDO BERTSIO LABURRA :

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 11, 1-7. 17. 20-27. 34-45.

Egun hartan,
Lazaro deitu gizon bat eri zen.
Betaniakoa zen, Mariaren eta hunen ahizpa Martaren herrikoa.
(Maria hau – Lazaro eriaren arreba –
Jesus usain gozoz gantzutu zuena,
eta oinak bere ilez xukatu ziozkana zen).
Bi ahizpek berria Jesusi igorri zioten :
“ Jauna, maite duzuna eri da.”
Hori aditzearekin, Jesusek erran zuen :
“ Eritasun hori ez da heriotzerako,
bainan Jainkoarentzat gorets-bide,
horri esker goretsia izan dadin Jainkoaren Semea. ”
Jesusek maite zituen Marta, hunen ahizpa eta Lazaro.
Hau eri zela jakin ondoan,
beste bi egun egon zen leku berean.
Gero, dizipulueri erran zioten :
“Goazen berriz Judearat.”
Etorri zen beraz Jesus, eta kausitu zuen Lazaro
lau egun hartan hilobian ezarria.
Jesus heldu zela entzun orduko, Marta biderat joan zitzaion ;
Maria aldiz etxean gelditu zen.
Martak erran zion Jesusi :
“ Jauna, hemen izan bazina, nere anaia ez zen hilen.
Bainan, badakit eskatuko diozun guzia
Jainkoak emanen dautzula, oraino ere.”
Jesusek ihardetsi : “ Piztuko da zure anaia.”
Martak berriz :
“ Badakit piztuko dela azken egunean, hilen piztean.”
Jesusek erran zion :
“ Ni naiz piztea eta bizia.
Nitan sinesten duena, hilik ere, biziko da.
Eta nitan sinetsiz bizi dena, ez da hilen sekulan.
Sinesten duzu hori ? ”
Martak ihardetsi :
“ Bai, Jauna, sinesten dut zu zirela Mesias, Jainkoaren Semea,
mundu huntarat etortzekoa zena.”
Jesusi barnea inarrosi zitzaion, eta durduzaturik,
erran zuen : “ Non ezarri duzue ? ”
Ihardetsi zioten : “ Jauna, zato ikustera.”
Jesusek nigar egin zuen.
Juduek erran zuten orduan : “ Beha zein maite zuen ! ”
Heietarik zenbaitek erran zuten :
“ Itsuari begiak ideki ziozkanak
ez ote zezakeen Lazaro hiltzetik begira ? ”
Jesus, berriz ere barnea inarrosia, etorri zen hilobirat.
Harpe bat zen, harri lauza batek hetsia.
Jesusek erran zuen : “ Kenazue harria.”
Martak, Lazaro zenaren arrebak, erran zion :
“ Jauna, usaindua daiteke, laugarren eguna da.”
Orduan Jesusek Martari :
“ Ez ote dautzut erran :
sinesten baduzu, Jainkoaren aintza ikusiko duzu ? ”
Kendu zuten, beraz, harria.
Jesusek, begiak zerurat altxaturik, erran zuen :
“ Aita, eskerrak zuri, entzun nauzulakotz.
Nik badakit, bai, beti entzuten nauzula ;
bainan inguruan dutan jendearengatik mintzatu naiz hola,
zuk igorri nauzula sinets dezaten.”
Hortan, ozenki oihu egin zuen :
“ Lazaro, zato kanporat ! ”
Eta hila atera zen, oinak eta eskuak oihal-zerrendaz loturik,
eta aurpegia hil-oihal batez inguratua.
Jesusek erran zioten : “ Laxa zazue eta utz joaitera.”
Mariaren ganat etorri judu ainitzek,
Jesusek egina ikusi zutelarik, haren baitan sinetsi zuten.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Propositions de priere universelle

Propositions à adapter par chaque paroissse