Hasiera liburutik 2, 7-9. 3, 1-7.
Jainko Jaunak moldatu zuen gizona lurreko buztinetik,
sudurrerat ufatu zion biziaren hatsa, eta gizona bizidun izan zen.
Jainkoak baratze bat landatu zuen Edenen, iguzki aldean,
eta hartan ezarri bere eskuz moldatu gizona.
Jainko Jaunak lurretik sortarazi zituen mota guzitako zuhaitzak,
begientzat eder eta ahoarentzat gozo,
eta baratzearen erdian biziaren arbola,
eta ongi-gaizkien jakitate-zuhaitza.
Sugea zen Jainko Jaunak egin animaletan maltzurrena.
Erran zion emazteari :
“Beraz, Jainkoak erran dautzuela :
Ez jan baratzeko fruitu guzietarik ? ”
Emazteak sugeari :
“Baratzeko zuhaitzen fruituetarik jaten dugu.
Bainan baratzearen erdian den zuhaitzaren fruituaz,
Jainkoak erran dauku :
Hortarik ez jan eta ez hunki, ez zaitezten hil.”
Sugeak erran zion emazteari :
“ Ez zirezte hilen, ez.
Badaki alabainan Jainkoak, zuek hortarik jan orduko,
zuen begiak idekiko direla,
eta Jaungoikoa bezainbat izanen zireztela,
ongiaz eta gaizkiaz jakintsun.”
Orduan emazteak ikusi zuen zuhaitzak jateko gozoa zuela,
begientzat ederra eta ezagutzaren ardiesteko ona.
Haren fruituetarik hartu zuen eta jan.
Eman zion senarrari, eta hunek jan.
Orduan ideki zitzaizkien begiak,
eta biluz-gorri zirela ohartu ziren.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
50. Salmoa
Jauna, barkatu, egin baitugu denek bekatu.
Urrikal zaite nitaz, Jauna,
Hain duzu eta neurrigabeko bihotz ona.
Nere hobena ken errotik,
Garbi nezazu, garbi osoki bekatutik.
Nere gaizkien berri dakit
Hobenak oro beti begitan badagozkit.
Zuri dut zuri egin kalte,
Gaizki zaizuna zure begitan dut nik bete.
Bihotz garbia ezar nitan :
Barnetikako xede azkarrak har ditzadan.
Zure begitik ez ni haiza,
Ez, Izpiritu Saindua kenduz, huts bihotza.
Pitz berriz nitan zure boza ;
Zerurateko gogo zabalak bete neza.
Jauna, ezpainak zabal neri,
Nere ahoak goraipa zaitzan herriz herri.
Jondoni Paulok Erromanoeri 5, 12-19.
Haurrideak,
Gizon bakar baten bidez, Adam, sartu da bekatua mundurat,
eta bekatuaren bidez herioa ;
Horrela, herioa gizaki guzienganat zabaldu da,
denek bekatu egin baitute.
Egia da, Moisen legea baino lehen bazela bekatua munduan,
bainan legerik ez denean,bekaturik ez daiteke nehoren gain eman.
Halere, Adamen ganik Moiseraino, herioa nagusi izan da,
Adamen bekatuaren parekorik egin ez zutenen gainean ere.
Eta Adam, etortzekoa zenaren itxura zen.
Bainan Jainkoaren dohainarekin,
ez da bekatuarekin bezala gertatzen.
Alabainan, gizon bakar baten bekatuaz guziak hil badira,
askoz nasaiago zabaldu dira guzietarat
Jainkoaren grazia eta dohaina,
beste gizon bakar bati esker, Jesu Kristori esker.
Eta ondorioeri behatuz, Jainkoak eman daukun dohainarekin
ez da gizon bakarraren bekatuarekin bezala gertatzen.
BAlabainan, bekatu bakar harek kondenamendua ekarri du ;
dohainak, aldiz, bekatuak ainitz izanik ere, zuzentasuna ekarri du.
Alabainan, bakar batek bekatu eginik,
gizon bakar batengatik nagusi izan bada herioa,
zenbatez gehiago, ez ote dira, bakar batengatik, Jesu Kristogatik,
nagusi izanen betiko bizitzean
zuzen egiten dituen graziaren dohain betea ukan dutenak.
Beraz, baten bekatuak gizaki guzieri
kondenamendua ekarri zioten bezala,
berdin baten zuzentasunak gizaki guzieri
ekartzen diote bizirako zuzentasuna.
Alabainan, baten desobedientziarengatik
guziak bekatoros gertatu ziren bezala,
berdin baten obedientziarengatik, guziak zuzen gertatuko dira.
EDO BERTSIO LABURRA :
Jondoni Paulok Erromanoeri 5, 12. 17-19.
Haurrideak,
Gizon bakar baten bidez, Adam, sartu da bekatua mundurat,
eta bekatuaren bidez herioa ;
Horrela, herioa gizaki guzienganat zabaldu da,
denek bekatu egin baitute.
Alabainan, bakar batek bekatu eginik,
gizon bakar batengatik nagusi izan bada herioa,
zenbatez gehiago, ez ote dira, bakar batengatik, Jesu Kristogatik,
nagusi izanen betiko bizitzean
zuzen egiten dituen graziaren dohain betea ukan dutenak.
Beraz, baten bekatuak gizaki guzieri
kondenamendua ekarri zioten bezala,
berdin baten zuzentasunak gizaki guzieri
ekartzen diote bizirako zuzentasuna.
Alabainan, baten desobedientziarengatik
guziak bekatoros gertatu ziren bezala,
berdin baten obedientziarengatik, guziak zuzen gertatuko dira.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Jesu Kristo guri mintza, argi gure bihotza.
Ez da ogiz bakarrik bizi gizona,
Bainan Jainkoaren ahotik jalitzen den hitz oroz.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 4, 1-11.
Jesus, bataioaren ondotik,
Izpirituak basamorturat ereman zuen, debruak tenta zezan.
Berrogoi egun eta berrogoi gauez barur egin ondoan, gosetu zen.
Tentatzailea hurbildu zitzaion eta erran zion :
“ Jainkoaren Seme balinbazira,
errazu harri horiek ogi bilaka daitezen.”
Bainan Jesusek ihardetsi :
“ Izkiriatu duk : Ez da ogiz bakarrik bizi gizona,
bainan Jainkoaren ahotik ateratzen den hitz oroz.”
Orduan eremaiten du debruak hiri saindurat :
ezartzen du Tenplo kaskoan, eta erraiten dio :
“ Jainkoaren Seme balinbazira, bota zure burua gain behera.
Ezen izkiriatua da : Bere aingerueri zutaz manu eman diote,
eta eskuetan eremanen zaituzte,
zure zangoa ez dadin harrian behaztopa.”
Jesusek erran zion :
“Izkiriatua duk ere : Ez tenta Jauna, zure Jainkoa.”
Eremaiten du oraino debruak mendi gora baten gainerat.
Erakusten diozka munduko erresumak oro beren ederrean,
eta erraiten dio :
“ Horiek oro emanen dauzkitzut, ahuspez adoratzen banauzu.”
Orduan Jesusek erran zion :
“ Habil hemendik, Satan ! Izkiriatua baita :
Jauna, zure Jainkoa duzu adoratuko,
eta hura bakarrik zerbitzatuko.”
Orduan debruak utzi zuen,
eta aingeruak hurbildu zitzaizkion zerbitzatzera.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Propositions à adapter par chaque paroissse