Zuhurtzia liburutik 6, 12-16.
Argitsua da Zuhurtzia, itzalezina haren distira.
Maite dutenek nekerik gabe ikusten dute,
eta haren bila dabiltzanek aurkitzen.
Haren lehia duteneri, aitzinerat datorkiote,
bera lehenik agertzen zaiotela.
Haren bila goiz-goizetik doana ez da nekatuko :
ate ondoan jarria aurkituko du.
Zuhurtziarik handiena da hartaz gogoeta egitea ;
eta harengatik gauak beilan emaiten dituena,
laster izanen da griñarik gabe.
Bera dabila harat eta hunat haren gai direnen bila,
eta bideetan arraiki agertzen zaiote ;
hura gogoan duten aldi bakotxean biderat ateratzen zaiote.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
62. Salmoa
Egarriz noa, deika noa,
noiz ikus ote, noiz Jainkoa.
Nere Jainkoa goizetik noa zure bila :
zutaz egarri banabila.
Lur agortua euriz egarri den bezala
ni zure minak nerabila.
Zauden etxean zu, Jauna, ikus zaitzadala,
indarrez, ospez, hain zabala.
Bizia baino zure grazia gozoago ;
zuri gogotik kantuz nago.
Jaun izenari nere bizian laudorio :
eskuak luze nagokio.
Nere arimak Jauna du, Jauna, gozoz gozo :
nere ezpainek bozkario.
Ohe gainean, Jainkoa, zutaz orroitzean
gauez gau nago zu gogoan ;
Izan zare zu nere laguntza gal-bidean :
Gostuz nagozu hegalpean.
Jondoni Paulok Tezalonikarreri 1a : 4, 13-18.
Haurrideak, hilak zer bilakatzen diren,
ez zaituztegu ezjakinean utzi nahi,
atsegabetu ez zaitezten, esperantzarik ez dutenak bezala.
Jesus hil eta piztu dela sinesten badugu,
Jesusekin bat eginik hil direnak ere Jainkoak berekin hartuko ditu.
Huna zer diogun Jaunaren erranetik :
guk, Jauna etortzean bizirik izanen girenek,
ez ditugu hilak aitzinduko.
Zeren, goiaingeruaren oihuz
eta Jainkoaren tronpeta hotsez seinalea emanik,
Jauna bera jautsiko da zerutik,
eta lehenik, Kristorekin bat eginak piztuko dira.
Gero gu, oraino bizirik izanen girenak,
heiekin batean eremanak izanen gira hedoietan,
airean Jaunaren biderat.
Horrela beti Jaunarekin egonen gira.
Elkar susta zazue, beraz, hitz hauekin.
EDO BERTSIO LABURRA :
Jondoni Paulok Tezalonikarreri 1a : 4, 13-14.
Haurrideak, hilak zer bilakatzen diren,
ez zaituztegu ezjakinean utzi nahi,
atsegabetu ez zaitezten, esperantzarik ez dutenak bezala.
Jesus hil eta piztu dela sinesten badugu,
Jesusekin bat eginik hil direnak ere Jainkoak berekin hartuko ditu.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Egon zaitezte atzarririk, eta prest izan oraidanik.
Ez dakizue Kristo Jauna etortzekoa den orena.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 25, 1-13.
Jesus bere etortzeaz mintzo zitzaioten bere dizipulueri,
eta parabola hau erran zioten :
“ Zeruetako Erreinua hamar neskatxen iduriko izanen da :
beren argiak harturik, jaun ezkonberriaren biderat atera ziren.
Heietarik bost zentzugabeak ziren, eta bost zentzudunak.
Zentzugabeek argiak hartu zituzten, bainan oliorik ez ;
zentzudunek, aldiz, argiekin batean olioa hartu zuten untzietan.
Jaun ezkonberriak berantzen baitzuen,
logaletu ziren denak eta lokartu.
Gauerditan oihu bat entzun zen :
‘ Horra jaun ezkonberria ! Atera zakizkiote biderat ! ’
Orduan neskatxa heiek guziak jeiki ziren
eta beren argiak prestatu zituzten.
Orduan, zentzugabeek zentzuduneri erran zioten :
‘ Zuen oliotik emaguzue, argiak hiltzen baitzaizkigu.’
Zentzudunek ihardetsi zioten :
‘ Ez ginuke aski zuentzat eta guretzat ;
Zoazte, izaitekotz, saltzaileetarat, eta eros zuentzat.’
Erostera zoatzilarik, jaun ezkonberria etorri zen.
Prest zirenak ezteietarat sartu ziren harekin, eta hetsi zen atea.
Geroxago, beste neskatxak ere etorri ziren, erranez :
‘ Jauna, Jauna ! Idekaguzu ! ’
Bainan harek ihardetsi zuen :
‘ Egiaz diozuet, ez zaituztet ezagutzen.’
Zaudezte, beraz, atzarririk, ez baitakizue ez eguna, ez orena.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Parropia bakotxak egokitu behar du