Lehen irakurgaia

Jeremi profetaren liburutik 17, 5-8.

Hunela mintzo da Jauna :
Madarikatua konfiantza gizakiaren baitan duen gizona,
giza indar hutsean oinarritzen dena
eta bihotza Jaunarenganik urruntzen duena.
Basamortuko zuhaixka iduriko du,
ez du ikusiko deus onik heldu.
Basamortuko bazter idorretan egonen da,
lur gazi, bizi ezinean.
Benedikatua konfiantza Jauna baitan duena,
bere esperantza Jauna duena.
Ur bazterrean landatu zuhaitza iduriko du :
ur bizigarrietarat hedatzen ditu erroak :
ez du beroaren beldurrik, eta haren hostoa hezerik dago ;
idorteak ez du izitzen, ez baitu fruitu emaitetik trabatzen.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

1. Salmoa
Bai dohatsua Jaunari dagon fededuna.

Bai dohatsua zuzen ibilki den gizona :
Ez du onartzen gizon makurrek diotena.
Bekatoreen bidean ez da hura sartzen,
Ez eta ere trufatzaileen lagun jartzen.

Zuzen denari Jainko legea zer gozoa !
Gau eta egun haren legean du gogoa.
Iduri luke ur bazterrean den zuhaitza :
Ordu denean fruitu nasaiak baitakartza.

Haren ostoa ez da zimeltzen, ez erortzen :
Egin guziak ongi doazko eta zuzen.
Ezta ez hala gizon makurrez, ezta hala :
Bainan haizean lasto-errautsa den bezala.
Gizon zuzenen urratsak Jaunak zaintzen ditu,
Gizon makurren bideak, aldiz, onik eztu.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Korintiarreri 1a : 15, 12. 16-20.

Haurrideak,
Kristo hilen artetik piztua dela aldarrikatzen dugu ;
zuetarik batzuek, bada, nolaz diote hilak ez direla pizten ?
Alabainan, hilak ez badira pizten,
Kristo ere ez da piztu.
Eta Kristo ez bada piztu, hutsa da zuen fedea,
eta oraino zuen bekatuetan zaudezte.
Eta beraz, Kristo baitan hil direnak ere galduak dira.
Kristoren baitan ezarria dugun esperantza
bizi huntarako baizik ez bada,
gizaki guzietan urrikalgarrienak gira.
Bainan ez, piztu da Kristo hilen artetik,
piztuko direnetan lehen fruitu.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Bozkaria zaitezte, egin jauzi,
Zuen saria nasaia baita zeruetan.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 6, 17. 20-26.

Jesus hamabi Apostoluekin menditik jautsi,
eta zelai batean gelditu zen.
Dizipulu multzo handia zen harekin,
bai eta jendeketa handia ere, Judea osotik, Jerusalemetik,
eta Tir eta Sidoneko itsasaldetik etorria.
Jesusek, dizipulueri beha, erran zioten :
“ Dohatsuak zuek, behartsuak,
zuena baita Jainkoaren erreinua !
Dohatsuak zuek, orai gose zireztenak,
asea ukanen baituzue !
Dohatsuak zuek, orai nigar egiten duzuenak,
irri eginen baituzue !
Dohatsuak zuek, gizonek hastiatzen zaituztetenean,
beren artetik botatzen, eta laidoztatzen,
eta zuen izena mespretxuz arbuiatzen dutenean
Gizonaren Semearengatik.
Egun hartan, bozkarioz jauzi egizue,
handia baita zuen saria zeruan ;
gauza bera egiten zioten profeteri horien arbasoek.
Bainan dohakabeak zuek, aberatsak,
hartua baituzue zuen gozoa !
Dohakabeak zuek, orai aseak zireztenak,
gose izanen baitzirezte !
Dohakabeak zuek, irri egiten duzuenak,
doluan eta nigarretan izanen baitzirezte !
Dohakabeak zuek, jende guzia zuetaz ongi mintzatuko denean,
gauza bera egiten zioten gezurrezko profeteri horien arbasoek !

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Parropia bakotxak egokitu behar du