Nehemiren liburutik 8, 1-4a. 5-6. 8-10.
Zazpigarren hilabeteko besta egunean,
Jende guzia, gizon bakar bat bezala bildu zen,
Uretako ate aitzinean den plazan.
Ezdraz lege-irakasleari erran zioten
Jainkoak Izraeli emana zion Moisen legearen liburua ekartzeko.
Orduan Ezdraz apezak Legea ekarri zuen batzarraren aitzinera :
gizon, emazte eta ezagutza zuten haur guzien aitzinera.
Zazpigarren hilabeteko lehen eguna zen.
Uretako ateko plazari buruz,
Ezdraz liburuan irakurtzen aritu zen, goizetik eguerdi arte,
gizon, emazte eta ezagutza zuten haur guzien aitzinean :
herri osoa han zagon Legearen liburua entzuten.
Ezdraz lege-irakaslea
hartarako altxatuak ziren taulen gainean zagon.
Ezdrazek liburua zabaldu zuen herri osoaren aitzinean,
bera besteak baino gorago jarria baitzagon.
Liburua zabaltzearekin, herri osoa xutitu zen.
Orduan, Ezdrazek Jauna, Jainko handia, goretsi zuen,
eta herriak, eskuak altxaturik, ihardetsi zuen : “ Amen! Amen ! ”
Gero, ukurtu eta ahuspez eman ziren Jaunaren aitzinean.
Ezdrazek irakurtzen zuen Jainkoaren Legearen liburutik,
gero Lebitarrek itzultzen zuten, erran-nahia agertuz,
eta denek konprenitzen zuten.
Nehemi gobernariak, Ezdraz apez eta lege-irakasleak,
eta irakasten ari ziren Lebitarrek, herriari erran zioten :
“ Gaurko eguna Jaunari, zuen Jainkoari, kontsekratua da !
Ez doluan jar, ez egin nigarrik ! ”
Zeren herri osoa nigarrez ari zen, Legearen hitzak entzutean.
Ezdrazek erran zioten ere :
“ Zoazte eta jan haragi guria, edan arno gozoa,
eta igor janaria deus prestatu ez duteneri ere,
egun hau Jaunari kontsekratua baita.
Ez atsegabetu : Jaunaren bozkarioa zuen indarra baita ! ”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
18. Salmoa
Jaunaren poza gure indarra betirako.
Jainko legea on ona da,
Bihotz gogoen pizgarria ;
Jaunaren hitza ezin alda,
Jende lañoen zuhurtzia.
Haren manuak beti zuzen,
Bihotzarentzat bozkario.
Garbiki dute joanarazten
Soari argi baitzaizkio.
Jainko beldurra zoin garbia,
Menderen mende garbi doa.
Jaunak errana zoin egia,
Gezur izpirik gabekoa.
Nik erran hitzak onar-zkitzu,
Nere bihotzak derrautzuna.
Zuri ari naiz : zu zaitut zu
Nere harria, nere Jauna.
Jondoni Paulok Korintiarreri 1a : 12, 12-30.
Haurrideak,
gorputzak bat izanik ere, menbro ainitz ditu ;
bainan menbro guziek, ainitz izanik ere,
gorputz bat bera osatzen dute.
Gauza bera da Kristorekin ere.
Gu guziak, Judu ala pagano, esklabo ala libre,
Izpiritu bat berean bataiatuak izan gira, gorputz bat bakarra egiteko.
Eta guziek Izpiritu bat beretik edan dugu.
Gorputza, alabainan, ez du menbro bakar batek osatzen,
bainan ainitzek.
Oinak erran baleza :
“ Eskua ez naizenaz geroz, ez naiz gorputzekoa ”
halere gorputzekoa litzateke.
Beharriak erran baleza :
“ Begia ez naizenaz geroz, ez naiz gorputzekoa ”
halere gorputzekoa litzateke.
Gorputz guzia begi balitz, non entzumena ?
Eta dena beharri balitz, non usaimena ?
Bainan gorputzean, Jainkoak menbro bakotxari bere tokia eman dio,
berak nahi bezala.
Denak menbro bat balira, zer nolakoa litzateke gorputz hori?
Bainan ez, menbroak ainitz dira ; gorputza, ordea, bat bakarra.
Begiak ez diezoke eskuari erran : “ Ez dut zure beharrik” ;
ez eta buruak ere oineri : “ Ez dut zuen beharrik”.
Gehiago dena, ahulenak iduri duten gorputz-zatiak
beharrezkoenak dira.
Eta gure gorputzean arruntenak uste ditugunak,
itzal handiagoz inguratzen ditugu ;
eta lotsagarriak, ohore gehiagoz erabiltzen.
Alabainan, berez ohoragarri direnek ez dute horren beharrik.
Jainkoak gorputza apailatu du,
berez ohoregabekoak diren menbroeri
ohore handiena emana izan zaien.
Nahi zuen ez zadin zatiketarik izan gorputzean,
bainan menbro guziek elkarren griña izan zezaten.
Menbro batek min duenean, beste guziek harekin min dute ;
eta menbro bat ohoretan delarik,
beste guziak harekin bozkariotan dira.
Zuek, bada, Kristoren gorputza zirezte,
eta zuetarik bakotxa gorputz horren menbro
Jainkoak Elizaren baitan ezarri dituenen artean, badira
lehenik apostoluak, bigarren profetak, hirugarren irakasleak,
gero, mirakulu egileak,
sendatzeko dohaina dutenak, beren haurrideen laguntzekoa
edo gidatzekoa, edo misteriozko hitzen erabiltzekoa.
Guziak apostolu ote dira ? Guziak profeta ?
Guziak irakasle ? Guziak mirakulu egile ?
Guziek ote dute sendatzeko dohaina ?
Misteriozko hitzen erabiltzekoa ?
Edo hitz horien interpretatzekoa ?
EDO BERTSIO LABURRA :
Jondoni Paulok Korintiarreri 12, 12-14. 27.
Haurrideak,
gorputzak bat izanik ere, menbro ainitz ditu ;
bainan menbro guziek, ainitz izanik ere,
gorputz bat bera osatzen dute.
Gauza bera da Kristorekin ere.
Gu guziak, Judu ala pagano, esklabo ala libre,
Izpiritu bat berean bataiatuak izan gira, gorputz bat bakarra egiteko.
Eta guziek Izpiritu bat beretik edan dugu.
Gorputza, alabainan, ez du menbro bakar batek osatzen,
bainan ainitzek.
Zuek, bada, Kristoren gorputza zirezte,
eta zuetarik bakotxa gorputz horren menbro
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Jaunak Jesus, bere Zerbitzaria, igorri du,
Behartsueri Berri Onaren ekartzera,
Preso direner libertatea iragartzera.
Jesu Kristoren Ebanjelioaren hastapena san Luken liburutik 1, 1-4 ; 4, 14-21.
Ainitz lehiatu dira
gure artean izan diren gertakarien historia idaztera,
hastapenetik beren begiez ikusi
eta Hitzaren zerbitzari bilakatu direnek
jakinarazi daukutenaren arabera.
Horrengatik, neri ere on iduritu zait,
hastetik artoski ororen berri galdegin ondoan,
zuretzat, Teofilo maitea, kondaira landu baten izkiriatzea,
ukan ditutzun irakaspenak segurak direla ikus dezazun.
Jesus, Izpirituaren indarrez, Galilearat itzuli zenean,
haren omena eskualde guzian zabaldu zen.
Juduen zinagogetan irakasten zuen, denek goresten zutela.
Nazareterat joan zen, hazia izan zen herrirat.
Ohi zuen bezala, larunbatkari zinagogan sartu zen,
eta xutitu irakurtzearen egiteko.
Izai profetaren liburua eman zioten eskurat.
Liburua zabaldu zuenean, hitz hauek aurkitu zituen izkiriaturik :
Jaunaren Izpiritua nere gainean dago, Jaunak sagaratu bainau.
Igorri nau berri onaren ekartzera,
preso direneri libro direla iragartzera,
eta itsueri ikusiko dutela,
zapalduak libratzera,
Jaunak eman graziazko urtearen berri emaitera.
Liburua hetsi, laguntzaileari eman eta jarri zen.
Denak, zinagogan, hari zauden, begiak landatuak.
Orduan erraiten hasi zitzaioten :
“ Gaur bete da izkiriatua den hau, entzun duzuenentzat.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Parropia bakotxak egokitu behar du