Lehen irakurgaia

Jalgitza liburutik 17, 8-13.

Izrael herria basamortuan gaindi zoan.
Amalektarrak etorri ziren
eta Refidimen hasi zuten gudua Izraeldarren kontra.
Moisek erran zion Josueri :
“ Hautazkitzu zenbait gizon
eta zoazi Amalektarren kontra gudukatzera.
Ni, bihar mendiaren gainean izanen nauzu,
Jainkoaren makila eskuan.”
Josuek Moisek errana egin zuen,
eta Amalektarren kontra gudukatu.
Mois, Aaron eta Hur mendi gainerat iganak ziren.
Moisek eskuak gora zauzkanean, Izrael zen garaile.
Beheiti erortzen zitzaizkionean, Amalek zen garaile.
Bainan Moisen eskuak nekatzen ari ziren ;
harri bat hartu eta azpian ezarri zioten, eta bera jarri zen gainean.
Aaronek eta Hurek besoak atxikitzen ziozkaten,
batek alde batetik, besteak bestetik.
Horrela Moisen eskuak altxaturik egon ziren, iguzkia sartu arte.
Eta Josuek Amalektarrak garaitu zituen eta ezpataz garbitu.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

120. Salmoa
Jaunaren baitan nik indarrak
Egin baititu zeru-lurrak.

Begiak dauzkat mendi alde :
Indarrak neri nondik ote ?
Jaunaren baitan nik indarrak,
Egin baititu zeru-lurrak.

Balitz bidean zerbait zilo,
Zain dagozuna ez dago lo.
Ez dago ez lo, ez kuluxkan,
Zer Izraelen arta daukan !

Beti zure zain dago Jauna :
Eskuin aldean hau laguna !
Ez zaitu joko iguzkiak,
Ez eta gauaz ilargiak.

Gaitzetik Jaunak zaintzen zaitu,
Zure arima bere baitu.
Badago Jauna zure aldean,
Joan itzultzetan mendez mende.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Timoteori 2a : 3, 14- 4, 2

Seme maitea,
iraun zazu sendo ikasi eta egiatzat onartu duzun guzian ;
badakizu norenganik ikasia duzun.
Liburu Sainduak haur-haurretik ezagutzen ditutzu :
emaiten ahal dautzute salbamendurat deraman zuhurtzia
Jesu Kristorenganako fedearen bidez.
Liburu Sainduan idatzirik dagon guzia Jainkoak inspiratua da,
eta baliagarria irakasteko, arrazoinen emaiteko,
zuzentzeko eta zuzentasunean hezteko ;
hari esker, Jainkoaren gizona ongi moldatua izanen da,
eta edozein egintza onetarako prest.
Jainkoaren aitzinean,
eta bizien eta hilen jujatzera etorriko den Jesu Kristoren aitzinean,
hunen etortze eta erregetzarengatik manatzen dautzut :
aldarrika zazu Jaunaren Hitza,
ordua denean eta ez denean,
sala gaizkia, larderia, susta,
bainan pazientziarekin eta irakasteko griñarekin.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Zuzen da Jauna bere bidetan, beti zuzen,
Hurbil da Jauna hari otoizka daudeneri,
Heien oihua entzunik ditu salbatzen.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 18 , 1-8.

Beti eta etsitu gabe otoitz egin behar zutela erakusteko,
Jesusek parabola hau erran zioten bere dizipulueri :
“ Bazen herri batean juje bat
Jainkoaren beldurrik eta gizakiaren axolarik gabea.
Bazen herri berean alarguntsa bat etortzen zitzaiona erraitera:
‘ Egidazu justizia etsaiarekilako auzian.’
Luzaz eza eman zion jujeak ;
bainan gero bere baitan egin zuen :
‘ Ez dut Jainkoaren beldurrik,
ez eta gizonen axolarik,
bainan emazte hori aspergarri zait :
eginen diot justizia,
beti buruhaustera etor ez dakidan’ ”.
Eta Jaunak erran zuen ere :
“ Beha zer dion juje zuzengabe horrek !
Eta Jainkoak ez ote diote justizia eginen
gau eta egun oihuka ari zaizkion bere hautetsieri ?
Beha egonaraziko ote ditu ?
Nik diozuet : berehala justizia eginen diote.
Bainan Gizonaren Semea etorriko denean,
federik aurkituko ote du munduan ? ”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.