Lehen irakurgaia

Zuhurtziaren liburutik 9, 13-18.

Zein gizakik ezagut dezake Jainkoaren asmoa ?
Nork konpreni Jaunak nahi duena ?
Gizaki hilkorren gogoetak laburrak dira,
eta gure ideiak segurtasungabeak ;
gorputz galkorra arimarentzat zama bat baita,
eta buztinezko etxola hunek nekarazten baitu
mila gogoeta derabilan gure izpiritua.
Nekez ezagutzen ditugu lurreko gauzak,
eta penarekin aurkitzen esku menekoa duguna ere ;
nork, beraz, ikertu ditu zerukoak ?
Eta nork ezagutuko zukeen zure asmoa,
zuhaurek ez bazinio eman Zuhurtzia,
eta gain hartarik igorri zure Izpiritu saindua ?
Horrela xuxendu dira lurtiarren bideak ;
horrela ikasi dute gizakiek zer duzun atsegin,
eta, Zuhurtziaren bidez salbatuak izan dira.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

89. Salmoa
Gure geriza zaude zu, Jauna, mendez mende.

Hilkor gizonak sar diten berriz errautsean,
Zuk erran duzu : Gizonak berriz errauts izan.
Mila bat urte zure begien aitzinean,
Atzoko egun ala gauaren idurian.

Hartzen ditutzu eta hek amets baten pare,
Nola belarra hek sortu eta hil baitire.
Argi hastean handitzen eta dena lore,
Gauerakoan histen, eihartzen, ez deus ere.

Gure egunez erakuts guri zer diozun,
Gaiten gogotik zuhurtziarat hel, zu lagun.
Gu ganat itzul, noiz arte, Jauna, zaude urrun ?
Zure direnez urrikaldurik, otoi, entzun !

Bihotz beteka goizetik ixur amodio,
Goiz-arrats dugun bai kantu eta bozkario.
Gure gainean bego Jaunaren bihotz ona :
Zuk lagun zazu gure eskuek egin lana.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Filemoni 9b-10. 12-17.

Seme maitea,
nik, Paulok, jadanik zahartua, eta orai, gainera,
Kristo Jesusengatik preso nagonak,
fagore bat eskatu nahi dautzut
presondegian sortu dutan nere seme Onezimorentzat.
Berriz igortzen dautzut, bihotz bihotzekoa dutan hau.
Nerekin atxiki nahiko nuen, zure orde zerbitzari izan nezan,
Ebanjelioarengatik presondegian nagolarik.
Halere, ez dut zure baimenik gabe deus egin nahi izan,
fagore hori gogotik egin dezazun eta ez bortxaz.
Beharbada, hortarako ihes joan zitzaitzun apur batez,
gero betiko har zinezan,
eta ez esklabo bezala,
esklabo baino zerbait gehiago, anaia maite-maite bezala :
neretzat maite-maitea da, bainan maiteago zuretzat,
bai gizon bezala, bai Jaunaren baitan.
Beraz, ni adiskide banauzu, har zazu Onezimo nihaur bezala.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Argi gaitzazu begitarteko argiekin,
Zure nahia dugun egin.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 14 , 25-33.

Jendalde handiak bazoatzin Jesusekin ;
heienganat itzulirik , erran zioten :
“ Norbait nereganat heldu bada,
eta ez banau ni bere aitamak eta emaztea, haurrak eta anai-arrebak
eta bere burua ere baino maiteago,
ez daiteke izan nere dizipulu.
Bere gurutzea garraiatzen ez duena eta ondotik heldu ez zaitana,
ez daiteke izan nere dizipulu.
Alabainan, zuetarik nor, dorre bat eraiki nahi badu,
ez da lehenik jartzen gastuen konduak ateratzeko,
eta bururatzekorik baduen ikusteko ?
Bestela, zimenduak ezarri ondoan, ezin balu bururatu,
ikusiko duten guziek trufa eginen liokete, erranez :
‘ Gizon hori eraikitzen hasi da, bainan ezin burura’.
Halaber, zein errege, beste baten kontra gerlarat joan nahi badu,
ez da lehenik jartzen gogoan erabiltzeko,
ea hamar mila gizonekin buru egiten ahal dion
hogei milarekin kontra heldu zaionari ?
Eta ezin badu, bestea oraino urrun delarik,
mandatariak igortzen diozka bakearen eskatzeko.
Berdin, zuetarik nehor ez daiteke nere dizipulu izan,
dituen guzieri uko egiten ez badiote.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.