C urtea / Jesusen Bihotz Sakratuaren besta

Testu guziak telekargatu Ikus kantuak eta fededunen otoitzak

Lehen irakurgaia

Ezekiel profetaren liburutik 34, 11-16.

Hau dio Jainko Jaunak :
Orai, nihaur joanen naiz nere ardien biltzera, eta zainduko ditut.
Artzainak, artaldea barreiatu zaionean,
ardiak zaintzen dituen bezala,
nik zainduko ditut ene ardiak,
eta hedoi eta ilunbe egunean
barreiatuak izan diren toki guzietarik aterako ditut.
Herri eta lurralde arrotzetarik aterako ditut, eta bilduko,
eta beren lurralderat eremanen.
Izraelgo mendietan alhatuko ditut,
ibar heze eta lurraldeko bizileku guzietan.
Larre aberatsetan alhatuko ditut,
eta Izraelgo mendi goretan izanen dituzte alhapideak.
Han etzanen dira sorropilo berdeetan,
eta bazka gizenetan alhatuko, Izraelgo mendietan.
Nik alharaziko dut ene artaldea, nik harraraziko diot atseden,
dio Jainko Jaunak.
Ardi galdua bilatuko dut, baztertua artalderat erakarriko.
Min hartua lotuko dut, eritua sendatuko,
gizena eta azkarra begiratuko dut, zuzenki alhatuko.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

22. Salmoa
Jauna dut artzain, ez naiz egonen beharrean.

Jauna dut artzain : ez naiz egonen beharrean.
Zer gainetarat nerabilan.
Ur bazterreko pausa lekurat banerama,
Pitz dakitan hor pitz arima.

Haren ondotik bide zuzenez ni banoa :
Haren izena zoin gozoa.
Ilunbez ala gaitz-erreketan joanik ere,
Nik ez beldurrik, hor baitzare.

Zure begia, zure makila hor direno,
Badut nik bake, badut gozo.
Zuhauk dautazu ezartzen neri mahain xuri,
Etsai guzien harrigarri.

Ixurtzen duzu nere bururat usain ezti,
Basoan badut gaindiz gaindi.
Nik zoriona eta grazia ditut lagun,
Nere bizian gau ta egun.

Banago eta Jaun zerukoa den etxean,
Epe luzerik luzenean.


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Erromanoeri 5, 5b-11.

Haurrideak,
Jainkoaren amodioa ixuria izan da gure bihotzetarat,
emana zaikun Izpiritu Sainduari esker.
Oraino indar gabe ginaudelarik,
bere tenorean Kristo hil da gaixtoentzat.
Bai, nekez onar lezake norbaitek
presuna zuzen batentzat hiltzea ;
beharbada, baliteke norbait presuna on batentzat
hiltzeko prest izaitea.
Bainan Kristo guretzat hil da, gu oraino bekatoros ginelarik :
Jainkoak hola erakusten du guretzat duen maitasuna.
Orai, Jainkoak Kristoren odolaz zuzentzat hartu gaituelarik,
zenbatez gehiago ez ote gaitu salbatuko gaztigutik,
Kristoren bitartez !
Alabainan, haren etsai ginelarik
Jainkoak berekin adiskidetu bagaitu,
bere Semearen heriotzeari esker,
zenbatez gehiago, behin adiskidetuz geroz,
ez ote gaitu salbatuko, Kristoren biziari esker !
Are gehiago, Jainkoaz harro gaude Jesu Kristo gure Jaunari esker,
haren bitartez ardietsi baitugu Jainkoarekin adiskidetzea.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Jesus, Artzain onak, bere ardiak ezagutzen ditu,
eta ardiek ezagutzen dute,
heientzat bere bizia emaiten baitu.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 15, 3-7.

Jesusek parabola hau erran zioten :
“ Zuetarik nor, ehun ardi izanki eta bat galtzen badu,
ez da, beste lauetan hogeita hemeretziak basamortuan utzirik,
galduaren bila joaiten, aurkitu arte ?
Eta aurkitu duenean, bizkarrean hartzen du, bozkariotan,
eta, etxeratzean, adiskideak eta auzoak bildurik,
erraiten diote :
“ Bozkaria zaitezte nerekin,
aurkitu baitut ene ardi galdua .”
Nik diozuet :
bozkario gehiago izanen da zeruan
bihozberritzen den bekatari bakar batengatik,
bihozberritze beharrik ez duten
lauetan hogeita hemeretzi zuzenengatik baino.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

(P. Andiazabal apeza, “Mezetako deiak”, C urtea  – sail berria)

Jainkoarekin baketuak girenaz geroz, haren Semearen heriotzeari esker, fidantziarekin erakuts ditzogun gure galdeak.

1. Eliza Jainkoaren amodio samurraren seinale izan dadin, hersturan edo bekatuan eiiren gizonentzat, egin dezagun otoitz.

2. Denak Jainkoaren amodioaz maitatzerat deituak gira : ezkongai, ezkondu burraso edo adixkide, denek Jainkoa baitan kausi dezaten beren modela eta indarra, egin dezagun otoitz.

3. Zenbat, amodiorik gabe bizi, abandonatuak, tronpatuak, edo zuzenkontrako amodiotan ibilki : ez diten etsimendutan eror, ogin dezagun otoitz.

4. Gutarik bakotxa bere bokazionearen arabera, Jainkoak maite duelako bozkarioan bizi dadin, eta amodio horren ezagutarazterat lehia, egin dezagun otoitz.

Jauna, zure artaldeko ardi bakotxa amodio bereziaz maite duzu. Bil zazu barreiatua den zure artaldea, eta emozu indar eta zorion. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Parropia bakotxak egokitu behar du