Lehen irakurgaia

Josueren liburutik 5, 10-12.

Jordan ibaia iragan-eta,
Izraeldarrek Gilgalen ezarri zuten kanpalekua,
eta Bazkoa ospatu zuten hilaren hamalauean,
arratsaldean, Jerikoko zelaian.
Bazko-biharamunean, lurraldeko fruituetarik jan zuten :
ogi altxatu gabea eta ogi-buru erreak.
Egun hartarik aitzina, mana-erauntsia gelditu zen,
lurraldeko fruituetarik jaten hasi baitziren.
Izraeldarrek ez zuten gehiago manarik izan,
eta urte hartan, Kanaan lurraldeko emaitzak zituzten janari.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

33. Salmoa
Goza ta beha zoin den gozoa,
Zoin den maitea gure Jainkoa.

Jaunari beti esker emaiten nagokio,
Hari nik beti laudorio.
Jaunaren baitan arima kantuz banabila :
Bihotz apalak pitz ditela.

Denek batean gorets dezagun Jainko Jauna,
Eta goraipa Jaun izena.
Jaunaren bila nindoan eta huna Jauna :
Beldurra baitaut urrun joana.

Jaunari beha egon begiak dirdiraka :
Ez zaitezten gal, ez ahalka.
Dohakabeak dei egin dio, Jaunak entzun,
Hersturik ez dut hura lagun.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Korintiarreri 2a : 5, 17-21.

Haurrideak,
norbait Kristorena bada, kreatura berri da.
Mundu zaharra joana da, berria sortu da.
Hau guzia Jainkoarenganik dator :
Kristoren bitartez berekin baketu gaitu,
eta baketzeko zerbitzua guri eman dauku.
Alabainan, Jainkoa da Kristoren baitan
mundua berekin baketzen ari zena,
guzieri beren bekatuen kondurik eskatu gabe,
eta baketzearen mezua gure ahoan ezarriz.
Kristoren mandatari gira,
Jainkoa gure bidez ari balitz bezala.
Kristoren izenean eskatzen dautzuegu :
bakea egizue Jainkoarekin.
Bekatua ezagutu ez zuena,
Jainkoak guregatik bekatuarekin bat egin zuen,
haren baitan gu bilaka gaiten Jainkoaren zuzentasun.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Jesu Kristo guri mintza, argi gure bihotza !
Nola baitio aitak behatzen semeari,
Ona da Jauna eta guziez urrikari,
Berant hasarre eta bihotzen altxagarri.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 15, 1-3. 11-32.

Zergalari eta bekatari guziak Jesusenganat hurbiltzen ziren
haren entzuteko.
Farisauak eta lege-irakasleak marmarikan ari ziren, erranez :
“ Horrek ongi etorri egin diote bekatarieri,
eta heiekin jaten ere.”
Orduan Jesusek parabola hau erran zioten :
“ Gizon batek bi seme bazituen.
Gazteenak erran zion aitari :
‘ Aita, emadazu dagokitan etxe-partea.’
Eta aitak ontasunak partekatu ziozkaten.
Handik egun gutiren buruan,
gazteena, zituen guziak bildurik, urrungo herrialde baterat joan zen,
eta han, aiserian biziz, bere ontasun guziak jan zituen.
Dena xahutu zuenean, gosete handia sortu zen herrialde hartan ,
eta beharra senditzen hasi zen.
Joan zen, eta lurralde hartako gizon baten mutil jarri ;
harek bere lurretarat igorri zuen xerrizain.
Xerriek jaten zuten leketarik sabela bete nahiko zukeen,
bainan nehork ez zion deusik emaiten.
Orduan, bere baitan sarturik, egin zuen :
‘ Zenbat langilek nere aitaren etxean nahiko jatekoa baduten,
eta ni hemen goseak hiltzen ari !
Xutitu eta aitarenganat joanen naiz, eta erranen diot :
Aita, bekatu egin dut zeruaren eta zure kontra.
Ez dut gehiago zure seme izenik merezi.
Langiletzat har nezazu.’
Xutitu eta aitarenganat joan zen.
Urrun zela oraino, aitak ikusi zuen eta, urrikaldurik,
lasterka joan zitzaion, besarkatu eta musuka hasi.
Semeak erran zion :
‘Ez dut gehiago zure seme izenik merezi.’
Bainan aitak mutileri erran zioten :
‘ Ekarrazue berehala soinekorik ederrena, eta jauntzozue.
Emozue eraztuna erhian
eta oinetakoak zangoetan.
Ekarrazue aratxe gizena eta hil :
dezagun jan eta besta egin.
Nere seme hau hila baitzen, eta berriz bizi da,
galdua baitzen, eta aurkitu dut.’
Eta besta hasi zuten .
Seme zaharrena landetan zen.
Etxeratzean, hurbildu zelarik,
soinua eta dantzak entzun zituen.
Mutil bat deiturik, zer zen galdatu zion.
Harek ihardetsi :
‘ Zure anaia etorri da, eta zure aitak aratxe gizena hil du,
semea osagarritan itzuli baitzaio.’
Orduan seme zaharrena hasarretu zen,
eta ez zuen sartu nahi.
Atera zen aita eta otoizka hasi zitzaion.
Bainan harek ihardetsi zion aitari :
‘ Hainbeste urte badu zure zerbitzuan nagola,
zure manurik behinere huts egin gabe,
eta egundaino ez dautazu pittika bat eman,
nere adiskideekin besta egiteko.
Bainan, zure seme hori,
zure ontasuna emagalduekin jan ondoan etorri delarik,
aratxe gizena hil diozu ! ‘
Aitak ihardetsi zion :
‘ Seme, zu beti nerekin zira,
eta nereak oro, zureak dira.
Bainan behar zen besta egin eta bozkariatu,
zure anaia hau hila baitzen, eta orai bizirik da ,
galdua zen, eta aurkitua da.’ ”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Parropia bakotxak egokitu behar du