Lehen irakurgaia

Baruk profetaren liburutik 5, 1-9.

Jerusaleme, ken dolu eta atsegabe-soinekoa ;
jauntz Jainkoak betiko ematen dautzun aintzaren soineko ederra.
Bil zure gorputza Jainkoak ematen dautzun
zuzentasunaren soingainekoan,
eta ezar buruan Betikoaren aintzaren korona.
Agertuko diote Jainkoak zure distira zerupeko guzieri,
eta izen hau emanen dautzu behin betiko:
“ Bakea zuzentasunean, Ospea jainkozaletasunean”.
Jeiki zaite, Jerusaleme, igan gainetarat,
eta beha sortalderat : ikus zure haurrak
sortaldetik sartalderaino Jainko Sainduaren hitzak bilduak
eta bozkariotan, Jainkoa heietaz oroitu baita.
Oinez atera ziren, etsaiek eremanik,
bainan Jainkoak ospe handitan ekartzen dauzkitzu,
errege-alkian bezala.
Jainkoak manatu du
Mendi gora guziak eta betidaniko mendixkak apaldurik,
errekak betetzea, lurra berdintzeko,
Izraelek segurean bide egin dezan, Jainkoaren aintza gidari.
Jainkoak manaturik, oihanek eta usain oneko zuhaitzek
Izraeli itzala emanen diote.
Bozkariotan eremanen baitu Jainkoak Izrael,
bere aintzaren argitan
zaintzale ematen diola bere urrikalmendua eta zuzentasuna.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

125. Salmoa
Handizki gaitu Jainkoak lagundu :
Hara non garen bozkariatzen.

Preso zirenak baititu Jaunak erakarri,
Gu ginen kasik ametsetan.
Ahoa zabal ginauden oro, dena irri,
Kantu soinuak ezpainetan.

Bertze jendeek egiten zuten so elgarri :
“Ari da Jauna heien baitan”.
Handizki dauku Jaunak eskua eman guri :
Hara non garen lorietan.

Eman zuk, Jauna, gure jendean indar berri,
Urek bezala mortuetan.
Nigar hipetan joaiten direnak ereilari,
Uzta bilari lorietan.

Haratekoan harat doatzi pleinuz ari,
Hazi bihiak eskuetan.
Hunatekoan hunat datortzi kantuz ari,
Espal ederrak besoetan.


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Filipeko giristinoeri 1, 4-6. 8-11.

Haurrideak,
pozik egiten diot beti otoitz Jainkoari zuen guzien alde,
lankide izan baitzaituztet Ebanjelioaren zabaltzean,
lehen egunetik orai arte.
Segur nago eginbide on hau zuen baitan hasi duen Jainkoak
bururatuko duela Kristo Jesus etorriko den eguna arte.
Lekuko dut Jainkoa, zenbat maite zaituztedan zuek guziak
Kristo Jesusen maitasun samurrean.
Eta hau da nere otoitza:
gero ta handiago izan dadila zuen maitasuna
jakitate eta adimendu osoan,
hoberenaren berexten jakin dezazuen.
Horrela, garbi eta hobenik gabe joanen zirezte Kristoren egunera,
Kristo Jesusen bitartez dugun zuzentasunaz beterik,
Jainkoaren aintza eta gorespenerako.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Apain zozue bere bidea Jainkoari,
Haren bidexkak zuzen egin.
Gizon guziek laster dute
Jainko Jaunaren salbamendua ikusiko.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 3, 1-6.

Tiberio enperadore zelako hamabosgarren urtean,
Pontzio Pilato Judeako gobernari, Herodes Galileako buruzagi,
hunen anaia Filipe Iturea eta Trakonitida herrialdeko buruzagi,
Lisania Abileneko buruzagi,
Ana eta Kaifas apez nagusi zirelarik,
Jainkoaren hitza etorri zitzaion basamortuan
Zakariasen seme Joanesi.
Jordan eskualde guzian ibili zen,
bihozberritzeko bataioa predikatuz bekatuen barkamendurako,
Izai profetaren liburuan izkiriatua den bezala :
“ Mintzo bat oihuka ari da basamortuan :
Presta bidea Jaunari, zuzen bidexkak hari.
Erreka guziak izanen dira tapatuak,
mendi eta mendixkak oro apalduak ;
bihurguneak xuxenduak, eta malkarrak zelaituak.
Eta ikusiko dute gizaki guziek Jainkoaren salbamendua.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

(Andiazabal, “Mezetako deiak”, C urtea  – sail berria)

Jaunak berak ezar ditzala gure aho-mihitan behar diren hitzak, gure haurride guziak gogoan ditugularik otoitz huntan.

1. Girixtino izena derabilaten guzientzat : Jainkoak burura dezan heien baitan berak hasi duen lana, egin dezagun otoitz.

2. Bertzen manatzeko kargua dutenentzat : zuzentasunaren eta bakearen nausiarazterat lehia diten beti, egin dezagun otoitz.

3. Jainkoak emaiten duen salbamenduan sinesten ez dutenentzat : mintza dadin heien bihotzetan, eta hetan ezar dezan bere Izpiritua, egin dezagun otoitz.

4. Batzu bertzeentzat : Jainkoaren graziari esker joan gaiten behaztopatu gabe Jaunaren egunari buruz , egin dezagun otoitz.

Entzun, Jauna, federekin egin dautzugun galdea,
eta berri-zkitzu gure bihotzak, zuri laket izaiteko gisan,
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Parropia bakotxak egokitu behar du