Bestak / Ekainaren 24a – Jondoni Joani Batistaren sortzea – Eguneko Meza

Testu guziak telekargatu Iruzkinak telekargatu Ikus kantuak eta fededunen otoitzak

Lehen irakurgaia

Izai profetaren liburutik 49, 1-6.

Ugarteak, adi nezazue, urrungo herriek, entzun !
Sortu aitzin deitu ninduen Jaunak,
amaren sabelean nindagola, nere izena erran zuen.
Nere ahoa ezpata zorrotz egin zuen,
bere eskuaren itzalpean gerizatu ninduen ;
bere hautuzko gezi egin ninduen, eta bere gezi-untzian gorde.
Erran zautan :
“ Zu nere zerbitzaria zira, Izrael,
Zure bidez agertuko dut nere ospea.”
Eta nik, nere baitan nion :
“ Alferrik nekatu naiz,
hutsean eta alferrik erre ditut nere indarrak.”
Bainan Jaunaren baitan zagon nere eskubidea,
Jainkoaren eskuetan nere lansaria.
Orai hunela mintzo da Jauna,
amaren sabelean moldatu ninduena, haren zerbitzari izaiteko,
Jakob harenganat izularazteko eta Izrael biltzeko.
Ohorez jauntzi nau Jaunak, eta nere indarra Jainkoa da.
Hunela mintzo da :
“ Ez da aski zu nere zerbitzari izaitea
Jakoben leinuak berriz xutik ezartzeko,
eta Izraelen bizirik geldituak itzularazteko.
Jendaldeen argi ezarriko zaitut,
nere salbamendua lurraren azken mugetaraino hel dadin.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

138. Salmoa
Eskerrak zuri, nere Jauna,
zoin miragarri zuk egina !

Zuk barnez barne dakizu, Jauna, nere berri,
Bai ni noiz jeiki, ni noiz jarri.
Urrundik duzu ikusten zer den, zer gogoan,
Nik pentsatua norat zoan.

Zuk nauzu egin, eta zuk neri bihotz eman,
Nere amaren sabelean.
Eskerrak zuri, miragarriki naiz egina,
Miragarria zure lana.

Ongi zinautan arima jada ezagutzen,
Nere hezurrak nun zer ziren.
Denen ixilik egina izan naizenean
Eta ontua lur barnean.


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Apostoluen Egintzetarik 13, 22-26.

Pizidia-Antiokiako zinagogan, Paulok Judueri erran zioten :
“ Jainkoak Dabid ezarri zuen errege,
eta huntaz aitormen hau egin zuen :
“Dabid, Jezeren semea aurkitu dut, nere gogoko gizona ;
nik nahi guzia eginen du.”
Hitzeman bezala, Dabiden hazitik
sortu dio Jainkoak Izraeli salbatzaile bat, Jesus.
Hau etorri aitzin, bihozberritzeko bataioa
predikatu zion Joanesek Izrael herri osoari.
Bere ibilaldia bururatzean, hau zion Joanesek :
“ Ni ez naiz zuek uste duzuena.
Bainan huna heldu dela nere ondotik beste bat,
eta ni ez naiz on haren oinetakoen laxatzeko ere.”
Haurrideak, Abrahamen odoleko zireztenak,
eta zuek, gure Jainkoa adoratzen duzuenak,
gu guzieri igorria zaiku salbamen-mezu hau.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Zu, haur saindua, Jaungoikoaren mezulari,
Bide apaintzen joanen zitzaio Jainkoari.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 1, 57-66. 80.

Elixabeti bete zitzaion haur ukaiteko denbora,
eta seme bat sortu zuen.
Auzoek eta ahaideek jakin zuten zein urrikalkorra
izan zen Jauna haren alderat, eta bozkariatu ziren harekin.
Zortzigarren egunean, haurraren ebakitzeko etorri ziren,
eta aitaren izena eman nahi zioten, Zakarias.
Bainan amak erran zuen : “ Ez , Joanes izanen du izena.”
Erran zioten : “ Ez da nehor zure jendakian izen hortakorik.”
Orduan, aitari keinuka galdatu zioten zer izen eman nahi zion.
Harek oholtxo bat eskatu eta izkiriatu zuen : “Joanes du izena.”
Eta denak harritu ziren.
Bat-batean ahoa ideki zitzaion, eta mihia libratu :
mintzo zen, Jainkoa goresten zuela.
Beldurrak hartu zituen auzo guziak,
eta Judeako mendialde guzian jendea gertakari hortaz mintzo zen.
Jakin zuten guziek bihotzean zaukaten, ziotela:
“ Zer izanen ote da haur hori ? ”
Alabainan, Jaunaren eskua berekin zuen.
Haurra handituz zoan, eta azkartuz haren izpiritua.
Basamortuan bizi izan zen,
Izrael herriaren aitzinean agertu zen eguna arte.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Parropia bakotxak egokitu behar du