Bestak / Ekainaren 24a – Jondoni Joani Batistaren sortzea – Bezpera arratseko Meza

Testu guziak telekargatu Ikus kantuak eta fededunen otoitzak

Lehen irakurgaia

Jeremi profetaren liburutik 1, 4-10.

Jauna mintzatu zitzaitan, erranez :
“ Zure amaren sabelean sortu aitzinetik, ezagutzen zintudan ;
haren sabeletik jalgi baino lehen,
kontsekratu zintudan, eta herrialdeentzat profeta ezarri.”
Eta erran nuen :
“ Ai, Jainko Jauna, ez dakit mintzatzen, haur bat naiz ni.”
Bainan Jaunak erran zautan :
“ Ez erran , haur bat zirela.
Joanen zira nik igorriko zaitudan guzienganat,
eta nik erran guziak erranen ditutzu.
Ez izan heien beldur, zurekin izanen bainauzu, zure libratzeko,
– dio Jaunak – ”
Gero Jaunak eskua luzatu eta ahoa hunkitu zautan, erranez :
“ Nere hitzak ezarri dauzkitzut ahoan.
Egun, herrien eta erreinuen manatzea emaiten dautzut,
errotik ateratzeko eta aurtikitzeko, xehatzeko eta suntsitzeko,
eraikitzeko eta landatzeko.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

70. Salmoa
Beti zaintzale zaitut nik,
nere amaren sabeletik.

Zu zaitut Jauna goza nahi,
Zu gaztedanik bihotz argi.
Sortzetik zaizkit zain egoki,
Beti zurea naiz osoki.

Ainitzeri naiz harrigarri,
Zu zaizkit-eta zain etorri.
Ezpainak ditut kantuz ari
Goiz-arrats zure ospeari.

Nik zuri kantu, Jaun zuzena,
Goiz-arrats kantu : zer laguna !
Gaztetik nauzu zuk argitzen,
Ni zutaz kantuz ar nadien.

Geroko jendek duten entzun
Zuk zenbat duzun zuzentasun.
Zuk zenbat gauza egin duzun
Parerik, Jauna, zuk ote nun ?


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Jondoni Petriren lehen epixtolatik 1, 8-12a.

Haurrideak,
maite duzue Jesu Kristo, behinere ikusi gabe
haren baitan sinesten duzue, oraino ikusi gabe ;
eta ezin erranezko bozkario distiratsuz beterik zaudezte,
ardietsiko baituzue
zuen fedearen helburua den zuen salbamendua.
Salbamendu hori zuten gogoan eta ikertzen profetek,
eta zueri eginen zitzaizuen grazia iragarri zuten.
Nahi zuten jakin noizko eta nolako ordua
erakusten zuen heien baitan Kristoren Izpirituak,
Kristok jasan behar zituen oinazeak
eta heien ondoko aintza iragartzen zituelarik.
Jainkoak agertu zioten
horiek guziak ez zirela beren garaian beteko, zuenean baizik.
Eta orai betetze hori agertu dautzuete
zerutik igorri Izpiritu Sainduak eraginik,
Ebanjelioa ekarri dautzuetenek.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Argiaren lekuko izaitera etorria zen,
Jaunari prestatzera herri bat hari dagona.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 1, 5-17.

Herodes, Judeako erregearen denboran,
bazen Zakarias deitu apez bat, Abiasen apez-sailekoa.
Haren emaztea Aaronen ondokoetarik zen : Elixabet zuen izena.
Zuzenak ziren biak Jainkoaren aitzinean,
Jaunaren manamendu eta lege guzieri jarraikiak, estakururik gabe.
Haurrik ez zuten, Elixabet agorra baitzen,
eta biak adinetan joanak.
Behin, Zakarias bere sailekoekin Jainkoaren aitzinean
apez-zerbitzua egiten ari zelarik,
apezen ohiduraren arabera, xotxek berexi zuten
Jaunaren saindutegian sartzeko insentsuaren eskaintzera.
Herri guziaren batzarra kanpoan zagon otoitzean,
insentsuaren tenorean.
Jaunaren Aingerua agertu zitzaion,
insentsu-aldarearen eskuinean xutik.
Hura ikustearekin, durduzatu zen Zakarias
eta beldurra sartu zitzaion.
Bainan Aingeruak erran zion :
“ Ez beldur izan, Zakarias, entzuna izan baita zure otoitza :
zure emazte Elixabetek seme bat sortuko dautzu,
eta Joanes emanen diozu izena.”
Bozkario handia izanen da zuretzat,
eta ainitzak haren sortzeaz bozkariatuko dira,
handia izanen baita Jaunaren aitzinean.
Ez du arnorik ez edaririk edanen,
eta amaren sabeladanik Izpiritu Sainduaz betea izanen da.
Izraelen seme ainitz itzularaziko ditu
Jaunaren ganat, beren Jainkoaren ganat.
Jaunaren aitzinean ibiliko da, Eli profetaren izpiritu eta ahalarekin,
aiten bihotzak haurren ganat itzularazteko,
bai eta bihurriak zuzenen zuhurtziarat,
eta Jaunari moldatzeko herri bat ongi prestatua.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Parropia bakotxak egokitu behar du