Daniel profetaren liburutik 7, 9-10 . 13-14.
Gauaz, ikuspen batean,
ni, Daniel, beha nindagon :
tronu batzu ezarri zituzten eta Gizon zahar bat jarri zen.
Haren soinekoa elurra bezain xuri,
buruko ilea artilea bezain garbi !
Haren errege-alkia su garrez, errotak su kiskalgarriz.
Suzko ibai bat bazarion haren aitzinetik jalia.
Jendetza izigarria zuen zerbitzari,
miliunka eta miliunka zauden haren aitzinean xutik.
Auzia hasi zen, eta zabaldu ziren liburuak
Gauazko ikuspeneri beha nindagon.
Gizaseme iduriko bat ikusi nuen zeruetako hedoietan heldu.
Gizon zaharrarenganat hurbildu zen,
eta haren aitzinerat joanarazi zuten.
Nausigoa, aintza eta erregetza eman ziozkaten ;
herri guziak, nazione guziak eta hizkuntza guziak zerbitzari zituen.
Haren nagusigoa betiereko nagusigoa da, itzaliko ez dena,
eta haren erregetza ez da sekulan suntsituko.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
96. Salmoa
Guziek betan Jaunari kanta,
Zeru lurretan denen Jaun baita.
Jainkoa Jainko : jauz eta kanta, lur guzia,
Itsas leihorrak, bozkaria.
Hedoi ilunbez inguratua da ibilki,
Zuzentasuna du jar-alki.
Ortzi ximixtak igortzen ditu munduz mundu :
Ikarak lurra nahasten du.
Ezkoz iduri, mendiak zaizko urtzen ari,
Mundu guziko Nausiari.
Gora diote zeru indarrek zein den zuzen
Eta gizonak ikaratzen.
Izraeldarrak Zion mendian kantuz daude,
Zuzen baitzare mendez mende.
Jondoni Petriren bigarren epixtolatik 1, 16-19.
Haurrideak,
Jesu Kristo gure Jaunaren indarra eta etortzea zueri ezagutarazteko,
ez ditugu iduripenezko ipuinak baliatu,
bainan gure begiez ikusi baitugu haren handitasuna.
Alabainan, Jesusek ukan zituen Aitaren ganik ohorea eta aintza,
Jainkoaren aintza ospetsutik etorri mintzoak erran ziolarik :
“ Hau da nere Seme maitea, hau dut atsegin.”
Zerutik etorri mintzo hori, guhaurek entzun dugu,
mendi sainduan harekin ginaudelarik.
Horrela finkatu da guretzat profeten hitza ;
ederki egiten duzue hitz horri erne egoitea :
toki ilunean distiratzen duen argia bezala da zuentzat,
argi urratzea jin arte, goizeko izarra zuen bihotzetan jeiki arte.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Goraltxa Jauna, hura baitugu denek Jainko :
Haren mendirat ahuspez eror belauniko,
Haren argian dugu ikusten guk argia.
A URTEA
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 17, 1-9.
Egun hartan,
Jesusek berekin hartu zituen Petri, Jakobe eta Joani haren anaia,
eta ereman zituen berex mendi gora baten gainerat.
Itxuraldatua izan zen heien aitzinean :
begitartea egin zitzaion iguzkia bezain distirant,
eta soinekoak argia bezain xuri.
Eta huna non agertu zitzaizkien Mois eta Eli, harekin solasean.
Orduan Petrik erran zion Jesusi :
“ Jauna, zein goxoki gauden hemen !
Nahi baduzu, hiru etxola eginen ditut hemen,
bat zuretzat, bat Moisentzat, bestea Elirentzat.”
Mintzo zelarik oraino, hedoi argi batek estali zituen ;
eta hedoitik mintzo batek erran zuen :
“ Hau da nere Seme maitea, hau dut atsegin: entzun-azue ! ”
Hori aditzearekin, dizipuluak ahuspez lurrerat erori ziren,
beldurraren beldurrez.
Hurbildu zitzaioten orduan Jesus,
eta hunkitzen zituela, erran zioten :
“ Xuti zaitezte, eta ez beldur izan ! ”
Eta begiak altxaturik, ez zuten nehor ikusi, Jesus bera baizik.
Menditik jaustean Jesusek manatu zioten :
“ Ikusi duzuena ez aipa nehori,
gizonaren Semea hiletarik piztu arte.”
B URTEA
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 9, 2-10.
Jesusek berekin hartu zituen Petri, Jakobe eta Joani,
eta ereman zituen, hek bakarrik, mendi gora baterat, berex.
Eta itxuraldatua izan zen heien aitzinean.
Soinekoak dirdiran jarri zitzaizkion, xuri-xuria,
nehork xuri ez litzazkeen heinean.
Eli agertu zitzaioten Moisekin,
eta solasean ari ziren Jesusekin.
Petrik, orduan, erran zion Jesusi :
“ Irakasle jauna, zein goxoki gauden hemen !
Egin ditzagun hiru etxola :
bat zuretzat, beste bat Moisentzat, eta bestea Elirentzat.”
Ez zakien zer erran, beldurrak hartuak baitziren.
Orduan, hedoi batek estali zituen,
eta mintzo bat izan zen hedoitik :
“ Hau da nere Seme maitea. Entzun zazue ! ”
Eta hartan, ingururat behatu eta ez zuten Jesus baizik ikusi berekin.
Menditik jaustean,
ikusi zutena nehori ez aipatzeko manatu zioten Jesusek,
Gizonaren Semea hilen artetik piztu arte.
Manu hori begiratu zuten, elkarren artean ziotela
zer ote zen “hilen artetik piztea”.
C URTEA
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 9, 28b-36.
Jesusek berekin hartu zituen Petri, Joani eta Jakobe,
eta mendirat igan zen otoitz egitera.
Eta otoitzean ari zela, aurpegiaren itxura aldatu zitzaion,
eta soinekoak xuri distiratsu bilakatu.
Eta horra bi gizon harekin mintzo : Mois eta Eli.
Aintzan agerturik,
Jerusalemen gertatzekoa zen Jesusen joaiteaz mintzo ziren.
Petri eta haren lagunak logaleak zauden.
Bainan atzarririk, Jesusen aintza
eta harekin zauden bi gizonak ikusi zituzten.
Hauek urruntzean, Petrik Jesusi erran zion :
“Irakasle, zein goxoki gauden hemen !
Egin ditzagun hiru etxola: bat zuretzat,
beste bat Moisentzat eta beste bat Elirentzat.”
Ez zakien zer erraiten zuen.
Hola mintzo zelarik, hodei batek estali zituen,
eta hodeian sartzean, beldurrak hartu zituen.
Mintzo bat atera zen hodeitik, ziona :
“ Hau da nere Semea, nere hautetsia, entzun zazue ! ”
Mintzoa ixildu zenean, Jesus bakarrik gelditu zen.
Dizipuluak ixilik egon ziren,
eta egun heietan, ikusi zutenetik deus ez zuten nehori erran.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Parropia bakotxak egokitu behar du