Lehen irakurgaia

Izai profetaren liburutik 43, 18-19. 21-22. 24-25.

Hunela mintzo da Jauna :
Ez orroit lehen gertatuez, ez gogoan har aspaldikoak.
Beha, dena berri egitera noa :
Hasia da sortzen, ez ote duzue ikusten ?
Bidea idekiko dut basamortuan, ibaiak leku idorrean.
Neretzat moldatu dutan herri hunek nere goresmena iragarriko du.
Zuk, Jakob, ez dautazu dei egin,
zuk, Izrael, ez duzu nigatik nekerik hartu.
Behartu nauzu zure bekatuekin, aspertu zure hutsekin.
Nik, ordea, nik, neregatik, barkatzen ditut zure hutsak,
ez ditut gogoan hartzen zure bekatuak.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

40. Salmoa
Nere arima senda, Jauna,
zuri bekatu egin baitu.

Dohatsu zinez dohakabentzat ona dena,
Egun beltzean bere begira hor du Jauna.
Emanen dio Jaunak bizia, zoriona,
Bere oinaze ogean duke lagun Jauna.

Otoi, diot nik, urrikal zaite nitaz, Jauna,
Senda nezazu baitut bekatu nik egina.
Nitaz etsaiek zer nahi gaizki derasate :
Noiz hilen da noiz, eta behingotz joanen ote ?

Bainan zu, Jauna, urrikal nitaz, xutik ezar ;
Ezautuko dut, bai nere alde zarela zu.
Oso osorik, nauzu, Jainkoa, zuk zainduko,
Zuk ezarriko zure lorian sekulako.


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Korintiarreri 2a: 1, 18,22.

Haurrideak,
Jainkoak ongi daki, zueri mintzatzean
ez nabilala batean “bai” eta bestean “ez”.
Silbanok, Timoteok eta nihaurek iragarri dautzuegun
Jainkoaren Seme, Kristo Jesus
ez da izan batean “bai” eta bestean “ez” ; hura beti “bai” izan da.
Alabainan, Jainkoak agintza guzieri baia eman diote haren baitan.
Horrengatik, Kristoren bitartez
erraiten diogu “amen” Jainkoari, haren aintzarako.
Jainkoa da, gu eta zuek Kristo baitan sendotzen gaituena ;
harek sagaratu gaitu ;
bere ezaugarriaz markatu gaitu,
eta Izpiritua ezarri du gure bihotzetan,
hartuko dugunaren berme bezala.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Jainkoak bere zerbitzaria igorri du
behartsueri erakustera Berri Ona,
libertatea gaztiatzera presoeri.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 2, 1-12.

Jesus Kafarnaumen berriz sartu zen,
eta etxean zagolako berria hedatu zen.
Harat bildu zen jendetzearekin, nihun ez zen tokirik,
ez eta ate aitzinean ere.
Hitza adiarazten zioten.
Parlesiatu bat ekartzen diote lau lagunen artean.
Bainan jendetzearengatik ez zuten haren aitzinerat eremaiten ahal.
Orduan, Jesus zagon parrean etxegaina urratu,
eta zilotik behera jautsi zuten parlesiatua etzanik zagon ohea.
Jesusek, heien fedea ikusirik, erran zion parlesiatuari :
“ Seme, barkatuak ditutzu bekatuak.”
Baziren han, jarririk, lege-irakasle zenbait,
beren baitan egiten zutenak :
“ Hori zergatik da hola mintzo ? Blasfemioka ari da.
Nork barka ditzazke bekatuak, Jainkoak berak baizik ?”
Bere barnean heien gogoeten berri berehala jakinik,
Jesusek erran zioten :
“ Zergatik ditutzue gogoeta horiek zuen baitan ?
Zer da errexago ; parlesiatuari erraitea : ‘ Barkatuak ditutzu bekatuak’,
ala erraitea: ‘ jeiki, har zure ohea eta ibil’ ?
Beraz, jakin dezazuen Gizonaren Semeak baduela
bekatuen barkatzeko ahala mundu huntan,
nik erraiten dautzut, (dio parlesiatuari) :
Jeiki, har zure ohea eta zoazi etxerat.”
Jeiki zen eta berehala, ohea harturik,
denen aitzinean atera zen.
Denak harriturik gelditu ziren,
eta Jainkoa goresten zuten, erranez :
“ Egundaino ez dugu holakorik ikusi.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Andiazabal, Mezetako deiak, B, 2

Berriz erran dezagun Jaunaren baitan dugun fidantzia,
eta hel-araz ditzogun gure galdeak gure haurride guzien fagoretan.

1. Elizarentzat: ez dadin sobera griña lehengo gauzez, bainan lan egin dezan Izpiritu Sainduak gure aintzinean sortzen duen mundu berriarentzat.

2. Elizaren hitza ez dadin izan ba eta ez, bainan bai Jainkoaren nahiaren eta egiaren agertze, egin dezagun otoitz.

3. Erientzat, bereziki parlesiatuentzat, norbait kausi dezaten Jesusen ganat eremanen dituena, egin dezagun otoitz.

4. Erien zerbitzuko lanean ari diren guzientzat: beren ofizioa bete dezaten Ebanjelioaren zerbitzari gisa, egin dezagun otoitz.

5. Bekatuaren lokarriek parlesiaturik dauzkaten guzientzat: Jaunak eskaintzen dioten barkamendua onhar dezaten, egin dezagun otoitz.

6. Guhaurentzat, barkamenduaren grazia ukan dugunentzat: estimu gehiago ukan dezagun baketzearen eta urrikalmenduaren sakramenduarentzat…

Jainko guziz on eta urrikaltsua,
zure haurrak ikusi nahi ditutzu xutik eta uros:
altxa-zkitzu, otoi, eta emozute Jesus zure Semearen bozkarioa.

Parropia bakotxak egokitu behar du