Lehen irakurgaia

Etorki liburutik 2, 18-24.

Hastean, Jainko Jaunak zeru-lurrak egin zituenean,
erran zuen :
“ Ez da on gizona bakarrik egotea.
Eginen diot berari dagokion laguna.”
Jainko Jaunak lurretik moldatu zituen
landetako abere eta zeruko hegazti guziak,
eta gizonari ereman ziozkan, zein izen emaiten zioten ikusteko.
Izaite bizidunak ziren, eta gizonak eman zion izen bat bakotxari.
Beraz, gizonak ezarri ziozkaten izenak
abere guzieri, zeruko hegazti guzieri, eta landetako abere guzieri.
Bainan ez zuen aurkitu berari zegokion lagunik.
Orduan, Jainko Jaunak igorri zion mixteriozko lo bat,
eta gizona lokartu zen.
Jainko Jaunak sahets-hezur bat kendu zion, eto gero hetsi.
Gizonari kendu zion sahets-hezurraz emaztea moldatu zuen,
eta gizonari ereman zion.
Gizonak erran zuen orduan :
“ Hau bai dela ene hezurren hezur, eta ene haragiaren haragi.
Hau “ emazte” deituko da.”
Horrengatik gizonak bere aitamak utziko ditu,
eta emaztearekin elkartuko da, eta biak bat izanen dira.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

127. Salmoa
Izan dezagun gau eta egun Jauna lagun !

Dohatsu bai zu, Jaunaren beldur bazaudena,
Haren bidetan zabiltzana.
Zure eskuen lanetik duzu jan edana,
Eskutan duzu zoriona.

Zure andrea mahats-ondo bat bezain jori,
Etxe xokoa bozten ari.
Zure semeak oliba-ondo gotor batzu,
Mahainean so dagozkitzu

Hara nolako zorionean dabilana
Jaunaren beldur den gizona.
Jainkoa lagun bizi zareno, izan urus,
Jerusaleme azkar ikus.


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Hebrearreri epixtolatik 2, 9-11.

Jesus kasik aingeruak baino beherago emana izan zen,
eta orai ohorez eta aintzaz koronatua ikusten dugu,
bere pasionearen eta heriotzearengatik.
Hola, Jainkoaren onginahiaz jasan du heriotzea, guzien onetan.
Alabainan, ororen egile eta nagusi denak
seme ainitz nahi baitzituen bere aintzarat eremaiteko,
egoki zen bere bete-beterat ereman zezan oinazearen bidez
denen salbamenduaren egilea.
Alabainan, saindutzaile den Jesusek,
eta hunek saindutuek etorki bera dute denek ;
horrengatik, ahalgerik gabe, bere haurride deitzen ditu.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Maitasunean dagona, Jainkoa baitan dago :
Maitasuna da Jainkoa.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 10, 2-16.

Farisau batzu hurbildu zitzaizkion Jesusi,
eta hutsean atzeman nahiz, galdegin zioten :
“ Zilegi ote zaio senarrari emaztearen uztea ? ”
Jesusek erran zioten :
“ Zer manatu dautzue Moisek ? ”
Heiek ihardetsi :
“ Moisek, dibortzio-ageria izkiriatu
eta emaztea uzteko baimena eman zuen.”
Jesusek erran zioten :
“ Zuen bihotz-gogorkeriarengatik eman zauzuen Moisek lege hori.
Bainan, munduaren hastetik, Jainkoak gizon eta emazte egin zituen.
Horrengatik, gizonak bere aitamak utziko ditu,
eta emaztearekin elkartuko da, eta biak bat izanen dira.
Hola ez dira gehiago biga, bat baizik.
Beraz, Jainkoak bateratu duena, ez beza gizakiak berex.”
Gero, etxean, dizipuluak berriz galdeka ari zitzaizkion hortaz :
Jesusek erran zioten :
“ Bere emaztea utzi eta beste batekin ezkontzen denak
adulterioa egiten du lehenaren kontra.
Bere senarra utzi eta beste batekin ezkontzen den emazteak
adulterioa egiten du.”

Haurrak ekarri ziozkaten Jesusi, hunki zitzan ;
bainan dizipuluek larderiatzen zituzten.
Hori ikustean, Jesus haserretu zen, eta erran zioten :
“ Utz haurrak nereganat etortzera, ez debeka,
holakoena baita Jainkoaren erreinua.
Egiaz diozuet : Jainkoaren erreinua haurrak bezala hartzen ez duena
ez da han sartuko.”
Haurrak besarkatzen zituen, eta benedikatzen ,
eskuak gainean ezarriz.

EDO BERTSIO LABURRA :

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 10, 2-12.

Farisau batzu hurbildu zitzaizkion Jesusi,
eta hutsean atzeman nahiz, galdegin zioten :
“ Zilegi ote zaio senarrari emaztearen uztea ? ”
Jesusek erran zioten :
“ Zer manatu dautzue Moisek ? ”
Heiek ihardetsi :
“ Moisek, dibortzio-ageria izkiriatu
eta emaztea uzteko baimena eman zuen.”
Jesusek erran zioten :
“ Zuen bihotz-gogorkeriarengatik eman zauzuen Moisek lege hori.
Bainan, munduaren hastetik, Jainkoak gizon eta emazte egin zituen.
Horrengatik, gizonak bere aitamak utziko ditu,
eta emaztearekin elkartuko da, eta biak bat izanen dira.
Hola ez dira gehiago biga, bat baizik.
Beraz, Jainkoak bateratu duena, ez beza gizakiak berex.”
Gero, etxean, dizipuluak berriz galdeka ari zitzaizkion hortaz :
Jesusek erran zioten :
“ Bere emaztea utzi eta beste batekin ezkontzen denak
adulterioa egiten du lehenaren kontra.
Bere senarra utzi eta beste batekin ezkontzen den emazteak
adulterioa egiten du.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Andiazabal, “Mezetako deiak”, B, 2

Haur batek duen konfientzia osoarekin egin diezogun otoitz bere Erreinua gizoneri zabaltzen dioten zeruetako Aitari.

1. Amodioan eta zorionean bizi diren familientzat: jakin dezaten egun guziez eskerren emaiten Jainkoari bere amodio samurrean bat egin dituelakotz, egin dezagun otoitz.

2. Amodioaren sua ahultzerat utzi duten familientzat: ez dezaten berex Jainkoak bat egin duena, eta beren amodioa berri dezaten Jainkoaren baitan, egin dezagun otoitz.

3. Ezkongaientzat: ezagut dezaten Jainkoaren amodioaren begitartea, eta beren geroa prestatzeko hari fida diten, egin dezagun otoitz.

4. Laguna galdurik bakartasunean bizi direnentzat: Jesus Jauna izan dakioten bideko lagun, egin dezagun otoitz.

5. Aita-amen berextea gatik sofritzen duten haurrentzat: kausi dezaten norbait maitatuko dituena eta besarkatuko Jesusek egin zuen bezala, egin dezagun otoitz.

6. Haur eta gazte guzientzat: gure biziaren etsenpluak ereman ditzan Jesus Jaunaren ganat, egin dezagun otoitz.

Jainko guziz ona, onhar-azu gure otoitza,
eta begira gaitzazu beti zure batasunean.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Parropia bakotxak egokitu behar du