Lehen irakurgaia

Ezekiel profetaren liburutik 2, 2-5.

Izpiritua sartu zitzaitan barnera, xutik ezarri ninduen,
eta entzun nuen Jauna neri mintzo, erranez :
“ Gizaseme, Izraelen semeenganat igortzen zaitut,
nere kontra altxatu jende bihurri horrenganat.
Horiek eta horien arbasoak nere kontra altxatu dira gaurdaino,
eta semeek aurpegi zakarra dute eta bihotz gogorra.
Horienganat igortzen zaitut, eta erranen diozute:
Hunela mintzo da Jainko Jauna.
Orduan, heiek, entzun ala ez entzun, – herri bihurria baitira –
jakinen dute profeta bat badutela beren artean. ”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

122. Salmoa
Zerurat nago, dena begi :
Jauna guri so, eman argi !

Zerurat nago, dena begi,
Han baitzare zu, han egoki.
Mutil begiak berdin ari
Beren nausien eskueri.

Neskato soak berdin ari
Etxekanderen eskueri.
Gure begiak Jainkoari :
Noiz gaituzken noiz urrikari.

Urrikal, Jauna, otoi, guri :
Gutaz hain dire trufaz ari.
Jasan-gaitzegi zaiku hori :
Ez utz hantuen irringarri.


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Korintiarreri 2a : 12, 7-10.

Haurrideak,
hain dira ohi ez bezalakoak ukan ditudan agerpenak,
non, nere burua den baino handiagotzat har ez dezadan,
haragian badut ezten bat,
jo eta jo ari zaitan Satanen ordezkari bat, urgulutan sar ez nadin.
Hiru aldiz eskatu diot Jaunari, ken dezan hori nereganik.
Bainan erran daut :
“ Aski duzu nere grazia,
nere indarrak ahulezian baitu bere betea emaiten.”
Gogotik, beraz, harro izanen naiz nere ahuleziez,
Kristoren indarra bizi dadin nere baitan.
Horrengatik pozik nabil, Kristorengatik jasaiten ditudan
ahulezia, laido, beharraldi, pertsegitze eta hersturetan.
Ahul naizenean, orduan bainaiz indartsu.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Jaunak igorri du Jesus bere zerbitzaria,
Behartsueri ekartzera salbamenduaren Berri Ona.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 6, 1-6.

Jesus badoa bere herrirat, bere dizipuluak jarraikitzen zaizkiola.
Larunbatkari zinagogan irakasten hasi zen.
Harrituak, entzule ainitzek erraiten zuten :
“ Nondik du hori? Zer da emana zaion zuhurtzia hori ?
Eta horren eskuz gertatzen diren mirakuilu horiek ?
Ez ote da hau zurgina, Mariaren semea,
Jakobe, Jose, Judas eta Zimunen anaia ?
Horren arrebak ere ez ote dira hemen gure artean bizi ?”
Eta erorbide zen heientzat.
Jesusek erran zioten :
“ Profeta ez da mespretxatua, bere herrian baizik,
bere ahaideen artean eta etxean baizik.”
Eta ezin izan zuen han mirakuilurik egin.
Halere eri batzu sendatu zituen , gainean eskuak ezarriz.
Harriturik zagon heien sinesgogorkeriaz.
Gero, inguruko herrietan zabilan, irakasten.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Andiazabal, “Mezetako deiak”, B, 2

Haurrideak, egin dezagun otoitz gizon guzien onetan.

1. Jesu Kristoren Elizarentzat, Jaunak haren baitan susta ditzan Ezekiel eta Pauloren iduriko profetak, beldurrik gabe Ebanjelioaren predikatzeko, egin dezagun otoitz.

2. Jaunak bere graziaren dohainez bete dituenentzat: begira ditzan urgulutik, eta lagunt beren haurrideen zerbitzari izaiten, egin dezagun otoitz

3. Esklabo gisa erabiliak diren pobreentzat, urgulutsuek lehertzen dituzten xumeentzat, Jaunak altxa ditzan eta kontsola, egin dezagun otoitz.

4. Beren burua ahul eta bekatore senditzeaz sofritzen dutenentzat: Jaunari bakarrik fida diten, heien ahulezian baitu haren indarrak emaiten bere betea, egin dezagun otoitz.

5. Odolaz Jesusen haurride diren Juduentzat: haren baitan ezagut dezaten egiazko profeta bakarra eta salbatzailea, egin dezagun otoitz.

Jauna, badakigu deus ez girela, eta zure grazia aski zaiku.
Egizu, otoi, zure indarrak gure ahulezian bere fruitua eman dezan. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Parropia bakotxak egokitu behar du