Lehen irakurgaia

Zuhurtzia liburutik 1, 13-15 ; 2, 23-24.

Jainkoak ez du herioa egin,
ez du atsegin bizidunak hil daitezen.
Gauza guziak irauteko kreatu ditu ;
munduko izakiak osasungarri dira,
ez dute beren baitan pozoin hilgarririk,
eta ez da herioa nagusi lurraren gainean.
Ezin hila baita zuzentasuna.
Jainkoak gizakia ez-hilkor izaiteko kreatu du,
eta bere izaitearen idurira egin du.
Bainan debruaren bekaizkeriaz sartu da herioa munduan,
eta harenak direnek jasanen dute.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

29. Salmoa
Jaunari kantu : zerutik gaitu eskuz hartu

Zure alderat, nere Jainkoa, nere Jauna,
Egin dut oihu, eta zuk eman osasuna.
Atera duzu nere arima ifernutik,
Zaindua nauzu hil-ziloraino lerratzetik.

Jainko Jaunari haren gizonak has kantari :
Eman gogotik eskerrak haren izenari.
Haren hasarrek apur bat baizik ez diraute ;
Bizi guzian gu maitez harek begitarte.

Gauerakoan soari nigar jauzten zaio,
Eta goizean zerurainoko bozkario.
Nuen dolua egin dautazu dantza jauzi,
Kapa kendurik betiko bozez nauzu jantzi.
Zor dautzu, Jauna, nere arimak soinu kantu ;
Nahi zaitut zu beti ta beti goraipatu.


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Korintiarreri 2a: 8, 7.9 ; 13-15.

Haurrideak,
denetarik ausarki ukan duzue: fedea, mintzatzeko dohaina, jakintza,
kartsutasuna eta zuenganako nere maitasuna ;
nasaia izan bedi ere zuen eskuzabaltasuna.
Badakizue Jesu Kristo gure Jauna zein eskuzabala den :
aberats zelarik, behartsu egin zen zuengatik,
bere behartsu izaiteaz zuek aberats egiteko.
Ez duzue beharrean erortzerik, besteen soleitzeko,
guzien arteko berdintasuna dut bilatzen.
Aldi huntan, zuen soberakinak heien eskasia beteko du,
egun batez heien soberakinak zuen eskasia bete dezan ;
hola berdintasuna izanen da,
Liburu Sainduak manaz dion bezala :
Ainitz bildu zuenak ez zuen sobera,
eta guti bildu zuenak ez zuen eskas.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Jesu Kristo gure Salbatzaileak ezeztatu du herioa,
Berri Onaren bidez dirdirarazi bizia.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 5, 21-43.

Jesus itsasoaz bestalderat untziz itzuli zenean,
jendalde handia bildu zitzaion.
Bera itsas ondoan zagon.
Heldu da zinagogako buruzagietarik bat, Jairo deitua.
Jesus ikustean, haren oinetarat erori, eta otoizka eskatzen zion :
“ Alaba ttikia hilzorian dut.
Zato eskuak haren gainean ezartzera, senda dadin eta bizi.”
Jesus harekin joan zen ;
jendalde handia ondotik zoakion, alde guzietarik tinkatzen zuela.

Bazen han emazte bat hamabi urte hartan odol-galtzeak zituena.
Mediku askorenganik zernahi jasana zen,
zituen guziak xahuturik, batere hobekitu gabea ;
Izaitekotz gaizkiago baizik ez zoan.
Jesusen berri entzun eta, jende artean gibeletik joan,
eta soinekoa hunkitu zion, bere baitan egiten baitzuen :
“ Soinekoa bederen hunkitzen badiot, sendatuko naiz.”
Berehala odol-jarioa gelditu zitzaion,
eta gaitza sendatua zuela sumatu zuen bere gorputzean.
Ordu berean, Jesus ohartu zen halako indar bat atera zitzaiola,
eta jendartean itzulirik, galdatu zuen :
“ Nork hunkitu dauzkit soinekoak ? ”
Dizipuluek erran zioten :
“ Hainbeste jendek hertsatzen zaituela ikusten,
eta nork hunkitu zaituen galdatzen duzu ? ”
Bainan Jesus ingururat beha zabilan, hori nork egin zion ikusteko.
Orduan emazteak, beldurrez ikaran, baitzakien zer gertatu zitzaion,
oinetarat erori eta egia osoa aitortu zion.
Bainan Jesusek erran zion :
“ Ene alaba, zure fedeak salbatu zaitu.
Zoazi bakean, eta sendatua bekizu gaitza.”

Oraino mintzo zela,
zinagogako buruzagiaren etxetik etorri ziren, erranez :
“ Hil zaitzu alaba. Zertako eman neke gehiago Irakasle Jaunari?”
Bainan, Jesusek hitz horiek entzunik,
zinagogako buruzagiari erran zion :
“ Ez izan beldurrik ; zuk sinets bakarrik !”
Nehor ez zuen berekin joaitera utzi,
Petri, Jakobe, eta hunen anaia Joani baizik.
Zinagogako buruzagiaren etxerat heltzean,
Jesusek hango nahasmendua ikusten du,
jendea nigarrez eta garrasiaka.
Sartu eta erraiten diote :
“ Zergatik holako nahasmendua eta nigarrak ?
Nexka ez da hila, lo dago.”
Heiek irri egiten zioten.
Bainan Jesusek guziak kanpo ezartzen ditu,
eta hartzen ditu haurraren aitamak eta berekin zituenak ;
gero nexka zagon tokirat sartzen da.
Haurra eskutik hartu eta erraiten dio :
“ Talitha kum ” erran nahi baita : “ Nexka, nik diozut: Jeiki zaite ! ”
Berehala xutitu zen nexka eta ibiltzen hasi ;
bazituen hamabi urte.
Guziak ezin gehiago harriturik gelditu ziren.
Jesusek zorrozki manatu zioten nehork ez zezan jakin ;
eta nexkari jatera emaiteko erran zioten.

EDO BERTSIOA LABURRA :

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 5, 21-24. 35-43.

Jesus itsasoaz bestalderat untziz itzuli zenean,
jendalde handia bildu zitzaion.
Bera itsas ondoan zagon.
Heldu da zinagogako buruzagietarik bat, Jairo deitua.
Jesus ikustean, haren oinetarat erori, eta otoizka eskatzen zion :
“ Alaba ttikia hilzorian dut.
Zato eskuak haren gainean ezartzera, senda dadin eta bizi.”
Jesus harekin joan zen ;
jendalde handia ondotik zoakion, alde guzietarik tinkatzen zuela.

Oraino mintzo zela,
zinagogako buruzagiaren etxetik etorri ziren, erranez :
“ Hil zaitzu alaba. Zertako eman neke gehiago Irakasle Jaunari?”
Bainan, Jesusek hitz horiek entzunik,
zinagogako buruzagiari erran zion :
“ Ez izan beldurrik ; zuk sinets bakarrik !”
Nehor ez zuen berekin joaitera utzi,
Petri, Jakobe, eta hunen anaia Joani baizik.
Zinagogako buruzagiaren etxerat heltzean,
Jesusek hango nahasmendua ikusten du,
jendea nigarrez eta garrasiaka.
Sartu eta erraiten diote :
“ Zergatik holako nahasmendua eta nigarrak ?
Nexka ez da hila, lo dago.”
Heiek irri egiten zioten.
Bainan Jesusek guziak kanpo ezartzen ditu,
eta hartzen ditu haurraren aitamak eta berekin zituenak ;
gero nexka zagon tokirat sartzen da.
Haurra eskutik hartu eta erraiten dio :
“ Talitha kum ” erran nahi baita : “ Nexka, nik diozut: Jeiki zaite ! ”
Berehala xutitu zen nexka eta ibiltzen hasi ;
bazituen hamabi urte.
Guziak ezin gehiago harriturik gelditu ziren.
Jesusek zorrozki manatu zioten nehork ez zezan jakin ;
eta nexkari jatera emaiteko erran zioten.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

 Andiazabal, “Mezetako deiak”, B, 2

Ebanjelioak aipatzen zituen emaztearen eta aitaren fidantzia bera- rekin ager ditzogun gure galdeak gure Aitari.

1. Jainkoak gizona egin du bere izaitearen iduriko. Jakin dezagun gure haurride guzietan ezagutzen eta maitatzen Kristoren iduria, egin dezagun otoitz.

2. Jainkoak ez du egin herioa, ez du atseginik gizonen oinazeez. Harekin lan egin dezagun eritasunen eta oinazeen urruntzeko, egin dezagun otoitz.

3. Nasaia izan bedi zuen karitate-egintza, zion jondoni Paulok. Ikas dezagun gure soberakinetik emaiten, bai eta behar dugunetik ere, gu baino pobreago direnen fagoretan, egin dezagun otoitz.

4. Erientzat, gordean sofritzen dutenentzat, bereziki beren eritasunaz ahalge direnentzat, fidantziarekin joan diten Kristoren oinetarat salbamendu-keta, egin dezagun otoitz.

Jauna, biziaren Jainkoa, fidantziaz zuri oihuz gaude:
Emaguzu bizia, guri eta munduari,
Jesu Kristo gure Jaunaren baitan, errege baita menderen mendetan

Parropia bakotxak egokitu behar du