Lehen irakurgaia

Izai profetaren liburutik 40, 1-5. 9-11.

“ Kontsola zazue, kontsola nere herria, dio zuen Jainkoak.
Mintza bihotzera Jerusalemi, egiozue oihu:
Betea duela bere mutilgoa, ordaindua bere hobenen zorra,
Jaunaren eskutik hartua baitu bere bekatu guzien ordain betea.”
Mintzo bat ari da oihuka :
“ Presta basamortuan bidea Jaunari.
Ezar zelaiturik eremuan galtzada gure Jainkoari.
Bete daitezela erreka guziak, apal mendi eta muno guziak ;
xuxen daitezela malkarrak, eta zelai bilaka lur maldak.
Orduan Jaunaren aintza agertuko da,
eta guziek batean ikusiko dute Jaunaren ahoa mintzatu dela.”
Igan mendi gainerat, zu Zioni berri ona ekartzen diozuna.
Egin oihu handi, zuek Jerusalemi berri ona ekartzen diozuenek.
Egin oihu, ez izan beldurrik.
Erran Judako hirieri: “ Huna zuen Jainkoa.”
Hara: indarrez jantzia heldu da Jainko Jauna
eta haren besoa nagusi da.
Hara : berekin dakar garaipen saria,
eta bere aitzinean, irabazia.
Artzainak bezala , zaintzen du bere artaldea,
bildotsak besoan hartu eta altzoan eremaiten ditu
eta artarekin gidatzen ardi umatu berriak.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

84. Salmoa
Ager betiko bihotz ona,
salbamendua igor, Jauna.

Huna zerutik Jaun zerukoa guri mintzo :
Bake dugula, bake dio.

Jainkozalentzat salbamendua zoin hurbil den !
Haren ospea gutaratzen.
Amodioak eta egiak, nola lehen,
Dute munduan bat egiten.

Zuzentasuna eta bakea sekulako
Besarka dira juntatuko.
Egia zaio gure lurrari aterako,
Zuzentasuna zerutik so.

Ongi nasaia Jainkoak berak emanen du :
Jaunari esker lurrak fruitu.
Hak aitzinean zuzentasuna izanen du :
Doan bidean salbamendu.


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Jondoni Petriren bigarren epixtolatik 3, 8-14.

Haurride maiteak, ez duzue hau ahantzi behar :
Jaunarentzat egun bat mila urte bezala da,
eta mila urte egun bat bezala.
Jaunak ez du berantzen bere agintzaren betetzean,
batzuek hala uste badute ere ;
bainan pazientzia badu zuekin, ez baitu nehor galtzea nahi,
guziak bihozberritzea baizik.
Halere Jaunaren eguna lapurra bezala etorriko da.
Orduan, karraskan itzaliko dira zeruak,
lurraren osagaiak kizkalirik suntsituko,
lurra eta hango gauza guziak erreko.
Horiek guziak suntsitzekoak direnaz geroz,
ikusten duzue nolakoak izan behar duzuen,
zoin saindu eta jainkozale zuen bizitzean,
zuek, lehia handirekin zain zaudeztenek
Jainkoa noiz etorriko den.
Egun hartan, sutan deseginen dira zeruak,
lurraren osagaiak kizkalirik ezeztatuko.
Gu, ordea, Jaunak hitzeman bezala, zuzentasunaren bizileku diren
zeru berriaren eta lur berriaren beha gaude.
Beraz, maite maiteak, horiek igurikatzen ditutzuela,
eginahal guziak egizkitzue
Kristok garbi eta hobenik gabe aurki zaitzaten, bakean.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Apain zozue bere bidea Jainkoari,
Haren bidexkak xuxen egin.
Gizon guziek laster dute
Jainko Jaunaren salbamendua ikusiko.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 1, 1-8.

Jainkoaren Semea den Jesu Kristoren Berri Onaren hastapena.
Izai profetaren liburuan hunela idatzia dago :
Horra, nere mezularia zure aitzinean igortzen dut,
zuri bidearen prestatzera.
Mintzo bat oihuka ari da basamortuan :
Presta bidea Jaunari, xuxent bidexkak hari.
Eta Joanes Bataiatzailea agertu zen basamortuan.
Bihozberritzeko bataioa oihukatzen zuen,
bekatuen barkamendurako.
Judea herrialde osoa eta Jerusaleme guzia harenganat zoan.
Denek bataioa hartzen zuten harenganik Jordan ibaian,
beren bekatuak aitortuz.
Joanes kamelu-ilez jantzia zen,
eta gerrian larruzko uhala ;
otteak eta baseztia zituen janari.
Hau oihukatzen zuen:
“ Nere ondotik dator ni baino ahaltsuagoa dena.
Ni ez naiz on,
ukurtu eta haren oinetakoen lokarrien laxatzeko ere.
Nik urez bataiatu zaituztet ;
harek, aldiz, Izpiritu Sainduz bataiatuko zaituzte.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Andiazabal, “Mezetako deiak”, B urtea, 1

Jesus gure Jauna, hitzeman duzu gure deiak entzunen zinituela, eta ez zira behinere berandu zure agintzaren betetzeko. Hargatik erraiten dautzugu:

1. ” Presta diezogun lehenik gure biziaren bidea.”
Bakearen eta zuzentasunaren egarria eman diezaguzun, bai eta erakuts elgarri barkatzen, zuri gaude, Jauna!

2. “Presta diezogun ere gure bihotzaren bidea.”
Zure ebanjelioaren argia eman daukuzu, eta zorion emaile etorri zira gutarterat. Zure etortzearen esperantzan atxik gaitzazun, zuri gaude Jauna!

3. ” Presta diezogun Elizaren bidea.”
Ebanjelioa bakarrik predika dezan Elizak, zuk eskaini zorionaren berria heda, eta zuk erein duzuna sor-araz, zuri gaude, Jauna!

4. ” Presta diezogun munduaren bidea.”
Nahi duzu gizon guziak uros izaitea: populu guziek goza dezaten lur huntan bakea, zuri gaude, Jauna!

Jauna, gau beltzean argi zaituguna,
zato zure populuaren salbatzerat, etsimenduak eta bekatuak ez gaitzaten gal.
Errege baitzira gizaldi eta gizaldietan.

Parropia bakotxak egokitu behar du