Izai profetaren liburutik 5, 1-7.
Nere adiskidearen izenean noa kantatzera
adiskidearen eta haren mahastiaren kantua.
Nere adiskideak bazuen mahasti bat, mendi-hegal jorian.
Aitzurtu zuen, harriak kendu, mahats bat hauta landatu.
Erdian dorrea eraiki zuen eta dolarea egin.
Mahats ona igurikatzen zuen, eta basak eman ziozkan.
Orai, Jerusalendar eta Judako jendeak,
zuek juje, nere mahastiaren eta nere arteko auzian !
Zer egin nezaken nere mahastiarentzat egin ez dutanik ?
Mahats onaren beha nindagon, zergatik eman ditu basak ?
Orai beraz, jakinaraziko dautzuet
zer eginen diotan nere mahastiari :
hesia kenduko diot, abereek alha dezaten ;
harresia zilatuko, zangopila dezaten ;
larre utziko dut, eta ez dute ez moztuko, ez jorratuko,
sasiek eta laparrek hartuko dute ;
hedoieri manatuko diotet han euririk ez egiteko.
Horra bada: Izrael-etxea da diren guzien Jaunaren mahastia,
Judako gizonak hango landare maiteak.
Zuzenbidea igurikatzen zuen, eta horra zuzengabekeria !
Justizia igurikatzen zuen harenganik, eta horra deiadar-garrasiak !
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
79. Salmoa
Zurea duzun mahastia,
zure herria, otoi, salba !
Zuk Egiptotik mahastia
jenderi hartu lurrean duzu ezarria.
Zuhauk diozu lurra lantu ;
erro azkarrak eginik, lurra bete baitu.
Zeren gatik ken harresia ?
Bidetik jendek larru dezaten mahastia ?
Basurde beltzak xahu dezan,
eta kanpoko bas-ihiziek errotik jan ?
Gu ganat itzul, Jaungoikoa :
zerutik beha, gure zain heda zuk besoa.
Zain mahasti hau, zain zazu ba :
zure eskuinak lantu mahatsa, otoi, salba !
Zure gaituzu sekulako :
pitz gaitzazu, pitz, guk zuri beti kantatzeko.
Egin, Jauna, gu nola lehen :
erakuts guri begitartea, salba gaiten.
Jondoni Paulok Filipeko girixtinoeri 4, 6-9.
Haurrideak,
ez izan deuseren griñarik, bainan gorabehera guzietan,
ager Jainkoari zuen eskariak,
otoitzez eta galdez eta eskerrak emanez.
Eta guk asma dezakeguna baino gehiago den Jainkoaren bakeak
zainduko ditu zuen gogo-bihotzak Kristo Jesusen bidez.
Bestalde, haurrideak, egia den guzia, gisako, zuzen, garbi,
maitagarri eta goresgarri, bertutetsu eta onargarri den guzia,
hura dadila konda zuentzat.
Egizue nereganik ikasi, ukan eta entzun duzuena
eta nere baitan ikusia.
Eta bakearen Jainkoa zuekin izanen duzue.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Egun mintzo zaiku Jainkoa bere Semearen ahoz,
hura ezarri baitu ororen premu : Jaunak egin du hori.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 21, 33-43.
Jesusek apezburu eta farisaueri erran zioten :
“ Entzun zazue parabola hau :
Etxeko jaun batek mahastia landatu zuen, hesiz inguratu,
dolarea egin, dorre bat eraiki,
eta mahastizain batzuri arrandan emanik, bidaiaz joan zen.
Mahats biltzeko tenorea hurbildu zenean
bere mutilak igorri zituen mahastizaineri, bere fruituen altxatzera.
Bainan mahastizainek mutilak hartu eta bat jo,
bestea hil eta beste bat harrikatu zituzten.
Berriz beste mutil batzu igorri zituen, lehen aldian baino gehiago,
eta berdin egin zioten.
Azkenean bere semea igorri zioten, bere baitan egiten zuela :
‘ Nere semearentzat izanen dute errespetu.’
Mahastizainek, ordea, semea ikustean, erran zioten elkarri :
‘ Horra ondokoa !
Goazen ! Hil dezagun, guretzat izanen duk ondarea ! ’
Hartu zuten, mahastitik kanporat bota eta hil.
Mahastiaren jabea etorriko denean,
zer eginen diote mahastizain horieri ? ”
Ihardetsi zioten :
“Gaixto horiek garrazki hilen ditu.
Et mahastia beste mahastizain batzuri arrandan emanen diote,
heiek emanen baitiozkate fruituak beren garaian.”
Jesusek erran zioten :
“ Ez ote duzue Liburu Sainduetan behinere irakurri :
Etxegileek baztertu harria izkin harri bilakatu da.
Jaunak egin du hori, gure begien miresgarri !
Horrengatik diozuet :
Jainkoaren erreinua zueri kendu
eta fruitua aterako dion herri bati emanen zaio.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Parropia bakotxak egokitu behar du