Lehen irakurgaia

Jeremi profetaren liburutik 20, 10-13.

Nik, Jeremik, jendearen mehatxuak entzuten ditut :
“ Sala zazue, sala dezagun
alde guzietarik ikara ikusten duen gizona.”
Adiskideak berak hor daude noiz eroriko naizen, diotelarik :
“Ea enganatzen dugun !
Orduan nausituko gitzaio, eta mendekatuko gira.”
Bainan nerekin dut Jauna, gudari indartsu :
eroriko dira nere etsaiak, ez naute garaitzen ahalko.
Heien asmoek huts eginen dute,
heien ahalgea sekulakoa izanen da, behinere ezin ahantzia.
Diren guzien Jauna, gizon zuzena ikertzen duzuna,
eta gizakiaren gogo-bihotzak ikusten,
erakuts-adazu zure mendekua heien kontra,
zure gain utzi baitut nere auzia.
Kanta Jaunari, alleluia !
Harek atera du gaixtoen eskutik behartsuaren bizia.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

68. Salmoa
Neurrigabeko amodio
baituzu, Jauna, neri beha !

Zure gatik naiz asea minez eta laidoz ;
Ahalgez nabil begitartea noiz non ehortz.
Zure etxeko minez eta suz noalakotz,
Hondatua naiz zure etsaien etsai laidoz

Nere otoitza badoakizu zeruraino :
Nere Jainkoa entzun nezazu ordu deno.
Baduzu eta neurrigabeko amodio,
Zure laguntza zureari zain dagokio.

Hemen nauzu ni : ezdeus naiz eta dena zauri ;
Zure laguntza, otoi, Jainkoa, eman neri.
Aipatuko dut Jainko izena, kantuz ari,
Esker beroak emanen ditut Jainkoari.

Behazue ba, bihotz apalak, bozkaria !
Jaunaren bila dabiltzanentzat zer loria !
Dohakabeen alde du Jaunak beharria,
Preso daudenen oihua ez du ahantzia.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Erromanoeri 5, 12-15.

Haurrideak,
gizon bakar baten bidez, Adam, sartu da bekatua mundurat,
eta bekatuaren bidez herioa.
Horrela gizaki guzietarat zabaldu da herioa,
denek bekatu egin baitute.
Egia da Moisen legea baino lehen bazela bekatua munduan ;
bainan legerik ez denean,
bekaturik ez daiteke nehoren gain eman.
Halere, Adamenganik Moiseraino, herioa nagusi izan da
Adamen bekatuaren parekorik egin ez zutenen gainean ere.
Eta Adam, etortzekoa zenaren itxura da.
Bainan Jainkoaren dohainarekin
ez da bekatuarekin bezala gertatzen.
Alabainan, gizon bakar baten bekatuaz guziak hil badira,
askoz nasaiago zabaldu da guzietarat Jainkoaren grazia,
beste gizon bakar bati esker, Jesu Kristori esker.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Egia den Izpiritua zuen baitan lekuko da.
Izan zuek ere Kristoren lekuko gizonen aitzinean !

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 10, 26-33.

Jesusek erran zioten bere apostolueri :
“ Ez izan gizonen beldurrik :
deus ez da estalirik, agertuko ez denik,
ez eta gorderik jakinen ez denik.
Ilunbeetan erraiten dautzuetana, errazue argitan ;
eta beharrirat entzuten duzuena, oihuka zazue etxe gainetan.
Gorputza hiltzen dutenen beldurrik ez izan,
arima ez baitezakete hil ;
bai ordea, gorputz-arimak su leizean gal ditzazkenaren beldur izan.
Ez ote dira bi etxe-xori sos batean saltzen ?
Eta heietarik bakar bat ere ez da lurrerat erortzen
zuen Aitaren baimenik gabe.
Zuen buruko ile guziak ere kondatuak dira.
Beraz, ez izan beldurrik :
etxe-xori guziek baino gehiago balio duzue.
Ni gizakien aitzinean aitortuko nauena,
nik ere aitortuko dut zeruetan dagon nere Aitaren aitzinean.
Bainan gizakien aitzinean ukatuko nauena,
nik ere ukatuko dut zeruetan dagon nere Aitaren aitzinean.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Parropia bakotxak egokitu behar du