Lehen irakurgaia

Hasiera liburutik 12, 1-4.

Egun heietan, Abraham Kaldean bizi zen.
Jaunak erran zion :
“ Zoazi zure herritik, ahaideen artetik, eta aitaren etxetik,
nik erakutsiko dautzutan lurralderat.
Herri handi eginen zaitut, benedikatuko zaitut,
Izen haundia emanen dautzut,
eta zure izena benedizione iturri izanen da.
Benedikatzen zaituztenak, benedikatuko ditut,
madarikatzen zaituztenak, madarikatuko.
Zutan benedikatuak izanen dira herri guziak.”
Abraham joan zen, Jaunak erran bezala, eta Lot ere harekin.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

32 Salmoa
Gure gainerat ager, Jauna,
zure betiko bihotz ona,
Gure bihotza baita dena
zuri osoki, Jainko Jauna !

Jaunaren hitza beti zuzen,
Haren egintzek oneratzen.
Zuzen legeak ditu maite,
Haren bihotzak lurra bete.

Huna bai Jauna, dena begi,
Hari daudenen zain egoki.
Heriotzetik ditzan jalgi,
Eta nasaiki eman ogi.

Jainko Jaunaren beha gaude :
Hura guk lagun, adiskide.
Gure gainerat ager, Jauna,
Zure betiko bihotz ona !

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Timoteori 2a: 1, 8-10.

Seme maitea,
Eremazkitzu nekeak nerekin batean Ebanjelioaren gatik,
Jainkoaren indarrarekin.
Harek gaitu salbatu eta dei saindu batez deitu,
ez gure egintzen gatik,
bainan bere asmo eta graziaren arabera.
Mende guziak baino lehen Jesu Kristoren baitan
emana izan zaikun grazia hori,
orai argitarat etorri da,
Jesu Kristo gure Salbatzailea agertu denean,
harek baitu herioa suntsitu,
bizia eta hilezkortasuna dirdirarazi Ebanjelioaren bidez.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Jesu Kristo guri mintza, argi gure bihotza.
Hau da nere Semea, Seme maitea :
Denek entzun-azue !

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 17, 1-9.

Egun hartan,
Jesusek berekin hartu zituen Petri, Jakobe eta Joani haren anaia,
eta ereman zituen berex mendi gora baten gainerat.
Itxuraldatua izan zen heien aitzinean :
begitartea egin zitzaion iguzkia bezain distirant,
eta soinekoak argia bezain xuri.
Eta huna non agertu zitzaizkien Mois eta Eli, harekin solasean.
Orduan Petrik erran zion Jesusi :
“ Jauna, zein goxoki gauden hemen !
Nahi baduzu, hiru etxola eginen ditut hemen,
bat zuretzat, bat Moisentzat, bestea Elirentzat.”
Mintzo zelarik oraino, hedoi argi batek estali zituen ;
eta hedoitik mintzo batek erran zuen :
“ Hau da nere Seme maitea, hau dut atsegin : entzun-azue ! ”
Hori aditzearekin, dizipuluak ahuspez lurrerat erori ziren,
beldurraren beldurrez.
Hurbildu zitzaioten orduan Jesus,
eta hunkitzen zituela, erran zioten :
“ Xuti zaitezte, eta ez beldur izan ! ”
Eta begiak altxaturik, ez zuten nehor ikusi, Jesus bera baizik.
Menditik jaustean Jesusek manatu zioten :
“ Ikusi duzuena ez aipa nehori,
gizonaren Semea hiletarik piztu arte.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Parropia bakotxak egokitu behar du