Apostoluen Egintzetarik 6, 1-7.
Egun heietan, dizipuluak gero ta gehiago zirelarik,
greka-hizkuntzakoak erasiaka ari ziren
hebrear-hizkuntzakoen kontra,
baizik eta heien alarguntsak bazterrerat utziak zirela
eguneroko janari partiketan.
Hamabiek orduan dizipuluen biltzarra bildu zuten,eta erran zioten :
“ Ez da egoki, guk Jainkoaren Hitza bazterrerat utz dezagun,
mahainetan zerbitzatzeko.
Beraz, haurrideak, hautazkitzue zuen artean
omen oneko zazpi gizon, Izpiritu Sainduaz eta zuhurtziaz beteak,
eta heieri emanen diegu lan hori.
Gu, aldiz, otoitzari eta Hitzaren zerbitzuari emanen gitzaizkio.”
Biltzar osoak ontzat hartu zuen proposamena, eta hautatu zituzten
Extebe, fedez eta Izpiritu Sainduaz betea zen gizona,
Filipe, Prokoro, Nikanor, Timon, Parmenas,
eta Nikolas, Antiokiako judu berria.
Aitzinerat ekarri ziozkaten Apostolueri,
eta hauek, otoitz eginik, eskuak gainean ezarri ziozkaten.
Jainkoaren hitza gero ta gehiago zabaltzen ari zen,
dizipuluak handizki emendatuz zoatzin Jerusalemen,
eta apez ainitz ere fededun egiten zen.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
32. Salmoa
Gure gainerat ager, Jauna,
zure betiko bihotz ona,
Gure bihotza baita dena
zuri osoki, Jainko Jauna.
edo : Alleluia.
Bihotz garbiak, bozkario !
Jaunari kantu zor baitzaio.
Garbi denari doakio
Helaraztea laudorio.
Jainko Jaunaren goresgarri
Xirribika jo, kantuz ari.
Kanta gogotik kantu berri,
Bai soinu-kantu egin hari.
Jaunaren hitza beti zuzen,
Haren egintzek oneratzen.
Zuzen legeak ditu maite,
Haren bihotzak lurra bete.
Huna bai Jauna dena begi,
Hari daudenen zain egoki.
Heriotzetik ditzan jalgi,
Eta nasaiki eman ogi.
Jondoni Petriren lehen epixtolatik 2, 4-9.
Haurrideak,
hurbil zakizkiote Jesus Jaunari :
hura da harri bizia, gizonek baztertua,
bainan Jainkoak hautatua, eta haren begietan balio handikoa.
Zuek ere, harri biziak iduri,
izpirituzko Tenpluaren eraikuntzan parte har zazue,
eta apezgo saindu izanen zirezte,
Jainkoari atsegin zaizkion izpirituzko opariak eskaintzeko
Jesu Kristoren bitartez.
Hau dio, alabainan, Liburu Sainduak :
Huna : Zionen harri bat ezartzen dut
izkin-harri hautatu eta baliosa.
Hartan sinesten duena, ez da ahalgeturik geldituko.
Zuentzat, beraz, sinesten duzuenentzat ohorea ;
sinesten ez dutenentzat, berriz, Liburu Sainduak dio :
Etxegileek baztertu harria izkin-harri bilakatu da,
bai eta behaztopa-harri ere, erorarazteko harroka.
Behaztopatzen dira, Hitza ez dutelakotz onartzen:
hortaratu beharrak ziren.
Zuek, aldiz, arraza hautatua zirezte, errege-apezgoa,
nazione saindua, Jainkoak beretzat hartu herria,
ilunbeetarik bere argi miresgarrirat deitu zaituzten
Jainkoaren egintza miragarriak oihuka ditzazuen.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Zu zira bidea, egia eta bizia, Jesus, Jainkoaren Semea !
Zutan sinesten duenak, Aita ezagutu du.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 14, 1-12.
Mundu huntarik bere Aitarenganat zoanean,
Jesusek bere dizipulueri erran zioten :
“ Ez dadila asalda zuen bihotza :
Jainkoaren baitan sinesten duzue, sinetsazue nere baitan ere.
Nere Aitaren etxean egoitza frango bada.
Bestela, erranen ote nautzuen :
banoa zuentzat tokiaren prestatzera ?
Joan eta tokia prestatu ondoan,
berriz etorriko naiz, eta nerekin hartuko zaituztet ;
eta ni nagon tokian, zuek ere egonen zirezte.
Eta badakizue ni noan tokirako bidea.”
Tomasek erran zion :
“ Jauna, ez dakigu norat zoazin; nola dakikegu bidea ? ”
Jesusek ihardetsi zion :
“Ni naiz Bidea, Egia eta Bizia ;
nehor ez doa Aitarenganat, nere bidez baizik.
Ni ezagutzen baninduzue, nere Aita ere ezagut zinezakete.
Oraidanik ezagutzen duzue, eta ikusia duzue.”
Filipek erran zion :
“ Jauna, erakutsaguzu Aita, eta aski zaiku.”
Jesusek erraiten dio :
“ Hainbeste denbora zuekin naizela, Filipe, eta ez nauzu ezagutzen !
Ni ikusi nauenak, Aita ikusi du.
Nolaz diozu: Erakutsaguzu Aita ?
Ez ote duzu sinesten, ni Aitaren baitan naizela,
eta Aita nere baitan ?
Erraiten dautzuetana, ez dautzuet nere burutarik erraiten ;
nere baitan bizi den Aita da bere egintzen betetzen ari.
Sinets nezazue: ni Aitaren baitan nago, eta Aita nere baitan;
edo bederen, sinets nezazue nere egintzengatik.
Egiaz egiaz diozuet :
nitan sinesten duenak, nik egiten ditudan egintzak eginen ditu ;
eta handiagoak ere, ni Aitarenganat bainoa.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Parropia bakotxak egokitu behar du