Izai profetaren liburutik 2, 1-5.
Izai, Amozen semeak, Juda eta Jerusalemez ikusia :
Azken egunetan, Jaunaren etxea dagon mendia
mendien kaskoan ezarria izanen da,
eta mendixka guzien gainetik.
Jendalde guziak hartarat etorriko dira trumilka.
Herri asko joanen dira eta erranen dute :
“ Zatozte, igan gaiten Jaunaren mendirat,
Jakoben Jainkoaren etxerat.
Berak erakutsiko dauzkigu bere bideak,
eta haren bidexketan ibiliko gira.
Ziondik jaliko baita Legea, eta Jerusalemetik Jaunaren Hitza.”
Jauna juje izanen da jendaldeen artean,
herri askoren arteko jujari.
Ezpatak golde-nabar eginen dituzte, eta lantzak igitai.
Ez du herriak herriaren kontra ezpatarik altxaturen,
eta ez dute gehiago gudukatzen ikasiko.
Zato, Jakoben etxea, ibil gaiten Jaunaren argitan.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
121. Salmoa
Piztu naiz, piztu, baitut entzun :
Goazen Jaunaren etxeraino.
Piztu naiz, piztu, baitut entzun :
Goazen Jaunaren etxeraino.
Hara non orai bagaitutzun,
Jerusaleme, atetan so.
Jerusaleme, hiri gaitza.
Denen biltzaile den bihotza
Jaunaren haurrak, haurrak oro,
Horrat doatzi lerro lerro.
Jaun izenari zor bezala,
Kantatu behar diotela.
Hor du zuzenak zuzen alki,
Dabiden semeak hor egoki.
Jerusalemek, otoi, bake.
Zuri daudenak bozik beude.
Bake dadila zure baitan,
Egun gozoak jauretxetan.
Anaien eta denen alde,
Otoizka diot: zuri bake !
Jainko Jaunaren etxeari,
Zerutik, otoi, on-iturri.
Jondoni Paulok Erromanoeri 13, 11-14.
Haurrideak,
jakin zazue : tenorea dugu lotarik atzartzeko.
Sinesten hasi berri hartan baino hurbilago dugu orai salbamendua.
Gaua badoa, eguna hurbildua da.
Ken ditzagun ilunbeetako egintzak,
eta jantzi egun argitako armak.
Egun argiz bezala, ibil gaitezen oneski,
ez ase-joko eta mozkorkerietan, ez lizunkeria eta lohikerietan,
ez aharra eta bekaizkerietan,
bainan jantzi Jesu Kristo gure Jauna.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Ager betiko bihotz ona,
Salbamendua igor, Jauna !
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 24, 37-44.
Jesus bere etortzeaz mintzo zitzaioten bere dizipulueri :
“ Noeren egunetan gertatu zen bezala izanen da
Gizonaren Semearen etortzea.
Uholde aitzineko egunetan jaten eta edaten zuten,
eta ezkontzen ziren, Noe untzian sartu zen eguneraino.
Eta deuseri ez ziren ohartu,
denak ereman zituen uholdea etorri arte :
hola izanen da Gizonaren Semearen etortzea ere.
Orduan bi gizon izanen dira alorrean :
bat hartuko dute, eta bestea utziko.
Bi emazte ehotzen ariko dira eiheran :
bat hartuko dute, eta bestea utziko.
Zaudezte beraz erne,
ez baitakizue zein egunez etorriko den zuen Jauna.
Hau badakizue :
etxeko nagusiak balaki gaueko zein tenorez etorriko den ohoina,
atzarririk lagoke, eta ez lezake utz bere etxearen zilatzera.
Beraz zuek ere zaudezte prest,
uste ez duzuen tenorean etorriko baitzaizue Gizonaren Semea.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
(Pierre Andiazabal apeza, Mezetako deiak A urtea – sail berria)
Gauden erne guzien gainerat ager dadin Egun berriaren argia.
1. Gure mundu nahasian , Eliza bakearen seinale ager dadin , bere baitan onhartuz berexiak, baztertuak, lehertuak diren guziak, egin dezagun otoitz.
2. Gerlak geldi diten, bake zuzen baten xekatzeko; langabezia eta ezinbertze guzien artetik elgar laguntzea nausi dadin, egin dezagun otoitz.
3. Haur baten baha dauden familientzat, eta ere sortze baten esperantza galdua dutenentzat, egin dezagun otoitz.
4. Dudaren, nahigabeen ate oinazeen ilunbean direnenzat: kuralak eta esperantzak argi egin diezoten, egin dezagun otoitz.
5. Hemen girenentzat eta herriko girixtinoentzat: atzarririk egon gaiten eta guzieri eman diezotegun salbamenduko egun berriaren esperantzaren argia, egin dezagun otoitz.
Zato, bai, Jesus Jauna, zu gure iguzkia !
Zure argiak argi beza gure fedea,
pitz gure esperantza, bero gure maitasuna.
Eta zure Erreinuaren mezulari izanen gira menderen mendetan.
Parropia bakotxak egokitu behar du