Premiere lecture

Izai profetaren liburutik 9, 1-6.

Ilunbean zabilan herriak argi handi bat ikusi du ;
herio-itzalpeko lurrean bizi zireneri argiak egin diote distira.
Nasaiki eman duzu poza, emendatu bozkarioa :
bozkariotan dabiltza zure aitzinean,
uzta biltzean bozkariatzen den bezala,
harrapakinak partitzean loriatzen den bezala.
Xehatu baituzu heien uztarri dorpea,
heien bizkarra larrutzen zuen makila, zergariaren azotea,
Madian garaitu zuten egunetan bezala.
Soldado zalapart-egileen oinetako guziak,
odolez zikindu heien jantzi guziak,
horra erreak direla, suak iretsiak.

Haur bat sortu zaiku, seme bat emana zaiku ;
buruzagi-seinalea bizkarrean derama, eta haren izena :
“ Kontseilari harrigarri, Jainko indartsu,
Betiko Aita, Bakearen Errege.”
Handia izanen da haren erregetza, azkenik gabekoa bakea,
Dabiden tronuan eta haren erreinuan.
sendo finkatua izanen da zuzenbidean eta justizian,
oraidanik eta betiraino.
Horra zer egiten duen diren guzien Jainkoaren amodio suharrak.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Psaume

95. Salmoa
Salbatzaile bat zaiku sortu :
Hura da Kristo, jaunen Jauna.

Kanta Jaunari kantu berri,
Kanta guziek herriz herri.
Kanta Jaunaren izenari,
Mundu guzia, jauz kantari.

Aipa noiz nahi munduari,
Zoin den orotan salbagarri.
Hura goraipa herriz herri,
Eman lurrez lur haren berri.

Zeru-lurrak pitz, egin kantu,
Itsas-uhainek orro, soinu.
Zelaiek, eman bozik fruitu,
Oihan zuhaitzek, egin oihu.

Bai egin oihu, soinu, kantu,
Heldu baitzaiku Jauna, heldu.
Dena behar du hak zuzendu,
Dena zuzendu munduz mundu.


Télécharger la partition Télécharger la lecture

Deuxieme lecture

Jondoni Paulok Tito dizipuluari 2, 11-14.

Agertu da Jainkoaren grazia, jende guzientzat salbagarri.
Hunek irakasten dauku
Jainko gabeko biziari eta munduko gutizia tzarreri uko egiten,
zentzuz, zuzentasunez eta jainkozaletasunez
mundu huntan bizitzen,
gure esperantza zoriontsuaren beha gaudela :
Jesu Kristo gure Jainko handia eta gure Salbatzailea
aintzaz beterik noiz agertuko den.
Harek bere burua eman du guretzat,
gu gure gaitz guzietarik libratu eta garbi egiteko,
gu haren herri izan gaitezen, beti ongiaren egiteko prest.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Acclamation de l'Evangile

Alleluia, alleluia.
Huna zuentzat poz handi baten berri ona :
Gaur sortu zaiku Salbatzaile bat : Kristo Jauna.

Evangile

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 2, 1-14.

Egun heietan, agertu zen Augusto enperadorearenganik
mundu guzian izenen hartzeko manua.
Lehen izen-hartze hori egin zen
Kirino Ziriako gobernadore zelarik.
Eta denak bazoatzin izenaren emaitera, nor bere herrirat.
Josep ere, Galileako Nazaret herritik igan zen Judearat,
Betleem deitu Dabiden herrirat,
Dabiden etxekoa eta odolekoa baitzen,
Maria bere emaztearekin izenaren emaiteko.
Maria haur-beharretan zen.
Beraz, Betleemen zirelarik, haur-ukaiteko egunak bete zitzaizkion.
Eta ukan zuen bere seme lehen sortua :
xatarrez troxaturik otalako batean etzan zuen,
ez baitzen ostatuan heientzat tokirik.
Inguru hartan artzainak baziren, kanpoan bizi,
gauak gauari beren artaldeen zain.
Jaunaren aingerua agertu zitzaioten
eta Jaunaren aintzak argiz inguratu zituen ;
eta heiek beldurrez ikaratu ziren.
Bainan aingeruak erran zioten :
“ Ez beldur izan !
Berri on bat iragartzen dautzuet,
herri guzia bozkariatuko duena.
Salbatzaile bat gaur sortu zaizue Dabiden herrian:
hura da Mesias Jauna.
Eta hau izanen duzue seinale :
haur bat aurkituko duzue xatarrez troxatua,
eta otalako batean etzana.
Eta bat-batean, aingeruarekin zerutiar talde handi bat bildu zen,
Jainkoa goresten zutela, erranez :
“Aintza zeru gorenetan Jainkoari,
eta bakea lurrean hain maite dituen gizoneri.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Propositions de priere universelle

(Andiazabal, « Mezetako deiak », B urtea, sail berria)

Seaska batek gaitu biltzen, esperantza pizten duela. Egin dezagun otoitz, gizon guziek entzun dezaten Eguberriko Berri ona.

1. Gure haurride hurbil eta urrunekoentzat, gizon guziak argi ditzan Eguberriko bozkarioak, otoizten zaitugu, Jauna!

2. Gure haurride, gaizki edo batere maitatuak, bakarrik, gerlan edo beldur-ikaretan direnentzat:
gizon guziek ezagut dezaten Eguberriko bakea, otoizten zaitugu, Jauna!

3. Arrazaz edo mintzairaz berexiak daudenentzat: gizon bakotxak urrats bat egin dezan besteri buruz Eguberriko baketzearen izenean, otoizten zaitugu, Jauna!

4. Elizarentzat eta hemen bilduak girenentzat, gizon guziendako izan gaiten gu Eguberriz Jainkoak agertu duen maitasunaren lekuko, otoizten zaitugu, Jauna!

Jainko Jauna, Jesus gure Salbatzailearen Aita,
onhar zatzu, otoi, zure Amodioa bezain zabalak nahi gintuzken gure galdeak.
Zuk maite baigaitutzu, Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.


(Andiazabal, « Mezetako deiak », C urtea  – sail berria)

Haurrideak, agertu da Jainkoaren grazia gizon guzien salbamendurako. Fidantziaz beterik, erran diezogun Jainko Jaunari, nolakoa nahi ginuken Eguberri hau mundu guziarentzat.

1. Bakezko Eguberria izan dadin, gerla, asaldatze eta hiltzeak diren eskualdetan, egin dezagun otoitz.

2. Argizko Eguberria izan dadin, zuzentasunaren alde bermatzen direnen bihotzetan, bai eta zuzentasunaren kontra ari direnetan, egin dezagun otoitz.

3. Esperantzazko Eguberria goxoa izan dadin, eri, ezindu edo penetan direnentzat, egin dezagun otoitz.

4. Maitasunezko Eguberria izan dadin guretzat, hobeki ikusteko gure haurrideen beharrak eta heien soleitzeko, egin dezagun otoitz.

5. Fedezko Eguberria izan dadin duda-mudetan daudenentzat, bizia norat doan ez dakitenentzat, bai eta ere sinesdunentzat, egin dezagun otoitz.

6. Batasun Eguberria izan dadin Elizarentzat, eta ere Jainkoaren haurren biltzeko gaur sortu den Kristoren baitan sinesten duten guzientzat, egin dezagun otoitz.

Jauna, gaur zure Semea emanez,
bakea eman diozute maite ditutzun gizoneri.
Burura zazu, otoi, zure bihotz onaren lana, Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Propositions à adapter par chaque paroissse