Apostoluen Egintzetarik 14, 21b-27.
Paulo eta Barnabe Ikoniorat eta Pizidiako Antiokiarat itzuli ziren.
Dizipuluen bihotzak azkartzen zituzten,
eta fedean irautera sustatzen, erranez :
“Herstura ainitzetarik pasatu behar dugu
Jainkoaren Erreinuan sartzeko.”
Eliza bakotxean Zaharrak izendatu zituzten,
eta, otoitz eta barur egin ondoan,
Jaunaren eskuetan utzi zituzten, haren baitan sinetsi baitzuten.
Gero, Pizidian barna, Panfiliarat heldu ziren.
Pergen Hitza predikatu ondoan, Ataliarat jautsi ziren.
Han untzia hartu zuten Ziriako Antiokiarat joaiteko,
handik abiatuak baitziren ;
hiri hortan Jainkoaren graziari gomendatuak izanak ziren,
bururatu berri zuten lanaren egiteko.
Harat heldu ondoan, Eliza bildu zuten,
eta Jainkoak heien bidez egin guzia kondatu zioten,
bai eta paganoeri federako atea nola ideki zioten ere.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
144. Salmoa
Zure izena dut goretsiko mendez mende :
Zu zaitut Jainko, zu Errege.
edo : Alleluia.
Eztia eta guziz ona da gure Jauna,
Urrikaltsua eta bihotzik nasaiena.
Mundu guziko guzientzat da ona Jauna,
Egin dituen ororentzat du bihotz ona.
Zuhauk eginek Jauna goraipa zaitzatela,
Zure gizonek eskerrak zuri, zor bezala.
Zuk erresuman duzun ospea diotela,
Aipa ere bai zure besoan den ahala.
Jakin dezaten denek zu baitan den indarra,
Zure betiko erresuman den ospe hura.
Zuk erresuma, mendez mendeko erresuma,
Zure eskua noiz artekoa ezin asma.
Jondoni Joaniren Apokalipzatik 21, 1-5.
Nik, Joanik, zeru berria eta lur berria ikusi nituen,
itzaliak baitziren lehengo zerua eta lehengo lurra,
eta itsasorik ere ez zen.
Hiri saindua ikusi nuen, Jerusalem berria
zerutik Jainkoaganik jausten, prest-presta
andregaia bere senarrarentzat bezala apaindua.
Eta mintzo ozen bat entzun nuen Jainkoaren tronutik erraiten :
“ Huna Jainkoaren bizilekua gizonen artean ;
heiekin biziko da, heiek izanen ditu bere herri,
eta Jainkoa bera izanen dute berekin.
Heien begietako nigarrak xukatuko ditu
eta ez da gehiago heriotzerik izanen, ez dolurik, ez nigarrik,
ez atsegaberik, lehengo mundua itzalia baita.”
Orduan Tronuan jarririk zagonak erran zuen :
“Hara, gauza guziak berri egiten ditut.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Jainkoa amodioa da :
Elkar maita dezagun, maite gaituen bezala.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 13, 31-33a. 34-35.
Judas azken afaritik atera zenean, Jesusek erran zuen :
“ Orai berean Gizonaren Semea goretsia da,
eta Jainkoa ere goretsia da haren baitan.
Jainkoa goretsia bada haren baitan,
Jainkoak ere goretsiko du bere baitan ;
eta berehala goretsiko du.
Haurtxoak, apur bat oraino zuekin nago.
Manamendu berri bat emaiten dautzuet :
elkar maita zazue.
Nik maitatu zaituztedan bezala, zuek ere elkar maita zazue.
Huntarik ezagutuko dute guziek nere dizipulu zireztela,
elkar maite baduzue.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
(P. Andiazabal apeza, « Mezetako deiak », C urtea – sail berria)
Jainkoaren xedea da zeru eta lur berri baten egitea. Hiri saindu hori moldatzen ari da gizonen hirietan. Egin dezagun otoitz gure munduaren fagoretan.
1. Anaitasun-keta dabiltzan gizonentzat, berexte, razizmo, herra eta gerletarik ezin ateratuz, egin dezagun otoitz.
2. Lur berria mundu huntan eta hemen bakarrik egin nahi dutenentzat, egin dezagun otoitz.
3. Etsimendutan eta penetan oihuz ari direnentzat, argiaren Erreinuan sinesten ez dutenentzat, egin dezagun otoitz.
4. Hemengo bizitzea hobetu nahiz ari direnentzat, jakintzaren bidez, eritasunaren kontra gudukatuz edo pobreak zerbitzatuz, egin dezagun otoitz.
5. Fraile eta serorentzat, beren bizitzeaz mundu berriaren lekuko izan nahi dutenentzat, egin dezagun otoitz.
6. Guhaurentzat, deituak baigira guzieri erakusterat, elgar maitatuz, Kristoren lekuko girela, egin dezagun otoitz.
Jainko gure Aita, zure Semea piztuz,
hasiera eman diozu mundu berriari.
Segi zazu, otoi, gu baitan hasi duzuna,
eta egin gaitzazu zu ganik heldu den maitasunaren lekuko.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
Propositions à adapter par chaque paroissse