Premiere lecture

Ose profetaren liburutik 2, 16-17. 21-22.

Hunela mintzo da Jauna :
Nere emazte ezleiala nik lilluratuko dut, basamorturat eremanen,
eta bihotzera mintzatuko nitzaio.
Han bere gazte-egunetan bezala ihardetsiko daut,
Egiptotik igan zenean bezala.
Nere emazte eginen zaitut, betiko.
Nere emazte eginen justiziaz eta zuzenbidez,
maitasunez eta samurtasunez ;
leialtasunez eginen zaitut nere emazte,
eta zuk ezagutuko duzu Jauna.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Psaume

102. Salmoa
Jainkoak badu bihotz on eta urrikalmendu.

Eskerrak eman, nere arima, Jainkoari ;
Nere barneko guziek haren izenari.
Eskerrak eman, nere arima, Jainkoari,
Ez nehoiz ahantz zoin usu zaitzun urrikari.

Harek barkatzen, noiz baitzare zu makur ari,
Indar emaiten, ahul bazare, ala eri.
Libratzen zaitu, kasik baitzare hil erori,
Emaiten dautzu amodioa minen sari.

Ona da Jauna eta guzien urrikari,
Ez hasarrekor bainan bihotzen altxagarri.
Gaizkien arau ez zaiku Jauna nehoiz ari,
Ez eta ere hobenen arau lotzen guri.

Bi zeru aldek ezin neholaz jo elgarri :
Gure hobenak gutarik urrun hak ezarri.
Nola baitio aitak behatzen semeari,
Hala da Jauna, Jainkozaleen urrikari.


Télécharger la partition Télécharger la lecture

Deuxieme lecture

Jondoni Paulok Korintiarreri 2a : 3, 1-6.

Haurrideak,
zuentzat edo zuenganik gomendiozko gutunak behar ote ditugu,
beste zenbaitek bezala ?
Zuek zirezte gure gomendiozko gutuna, gure bihotzetan idatzia,
eta jende guziak irakurri eta ezagut dezakeena.
Garbi dago, alabainan, zuek Kristoren gutuna zireztela,
guk idatzia, ez tintaz, bainan Jainko biziaren Izpirituaz,
ez, Legea bezala, harri-lauzetan,
bainan haragi-lauzetan, zuen bihotzetan.
Hori da Kristori esker Jainkoaren baitan dugun konfiantza.
Ez gurez gure zerbaitetarako gai girela uste dugulakotz ;
gaitasuna Jainkoarenganik datorkigu :
harek egin gaitu gai Batasun berriaren zerbitzari izaiteko.
Batasun hori ez da Legearen letra soilean oinarritzen,
bainan Izpirituaren indarrean ;
legearen letrak hiltzen baitu,
Izpirituak, berriz, bizia emaiten.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Acclamation de l'Evangile

Alleluia, alleluia.
Dohatsu Erreinuko ezteietara deituak :
Heientzat Batasun berriko arno berria !

Evangile

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 2, 18-22.

Joanes Bataiatzailearen dizipuluek
eta farisauek barur-eguna zuten.
Zenbait Jesusi etorri zitzaizkion, erraitera :
“ Joanesen eta farisauen dizipuluek barur egiten dute ;
zure dizipuluek zergatik ez dute barur egiten ?”
Jesusek erran zioten:
“ Ezteiliarrek barur egin ote dezakete
jaun ezkonberria berekin dutelarik ?
Jaun ezkonberria berekin duteno, ez dezakete barur egin.
Etorriko dira, bai, jaun ezkonberria kenduko dioten egunak :
orduan, egun hartan, eginen dute barur.
Nehork ez dio soineko zaharrari oihal berrizko petatxurik josten ;
bestela, petatxua oihal zaharrari tiraka ari zaio,
eta urradura handiago egiten da.
Zahagi zaharretan ere ez du nehork arno berririk ezartzen ;
bestela, arnoak zartaraziko ditu zahagiak,
eta, orduan, ez arnorik eta ez zahagirik.
Arno berria zahagi berrietan.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Propositions de priere universelle

Andiazabal, Mezetako deiak, B, 2

Jainkoak guretzat duen amodio samurrari fidatuz, dei egin diezogun haren urrikalmenduari gizon guzien alde.

1. Elizarentzat: beti leialki ager diezon munduari Kristo Jaunak harentzat duen amodio samurra, egin dezagun otoitz.

2. Munduarentzat, bake eta goxotasun gehiago izan dadin gizonen artean…

3. Ezkongai eta ezkonduentzat, zorionean bizi diten, elgarren alderako amodioan eta leialtasunean, egin dezagun otoitz.

4. Hemen fede berak bildu gaituenentzat: Jaunak eman diezagun haren goresteko ahala, behinere ahantzi gabe zein zaikun urrikari.

5. Ez gaitezen behinere izan Jesusek aipatzen dituen zahagi zaharretarik, Ebanjelioa galtzerat uzten duten hetarik, egin dezagun otoitz.

Zure amodio miresgarriak, Jauna, bildu gaitu.
Mintza zakizkigu bihotzerat,
salbatzaile eta haurride dugun Jesus zure Semearen bitartez.

Propositions à adapter par chaque paroissse