Deuteronoma liburutik 6, 2-6.
Mois hunela mintzatu zitzaion Izrael herriari :
“ Jaunaren, zure Jainkoaren beldurra izanen duzu.
Zure biziko egun guzietan,
zuk, eta zure semeak, eta semearen semeak
begiratuko ditutzu nik egun emaiten dauzkitzutan
haren lege eta manamendu guziak, luzaz bizi zaitezten.
Izrael, entzun,
lehia zorion eta joritasun ekarriko dautzuna begiratzera,
esne eta ezti darion lurrean,
Jaunak, zure arbasoen Jainkoak hitzeman dautzun bezala.
Entzun, Izrael : Jauna, gure Jainkoa Jaun bakarra da.
Jauna zure Jainkoa maitatuko duzu zure bihotz guziaz,
zure arima guziaz eta zure indar guziaz.
Gaur emaiten dauzkitzutan manamendu hauek
egonen dira zure bihotzean.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
17. Salmoa
Maite zaitut nik : zu baitan, Jauna, dut indarra!
Maite zaitut nik: zu baitan, Jauna, dut indarra,
Zuri esker dut beti garaitzen gaitz-oldarra.
Zu zaitut, Jauna, itsas-harroka, ihes-lurra,
Nere geriza deusek ezin har, ezin urra.
Deika nago ni on baino hobe den Jaun horri,
Eta jausten zait etsaietarik salbagarri.
Eman daut harek osasun eta bozkario
Salbatu nau ni, baitu neretzat amodio.
Gora Jainkoa ! Eskerrak zuri, oi, Harroka !
Salbatu bainau, hari guziak bil goreska!
Erregeari diozu beti, dei orduko,
Indar emaiten etsai guzien garaitzeko.
Hebrearreri epixtolatik 7, 23-28.
Lehen Batasunean, apezak asko ziren,
ezin baitzuten iraun, hiltzen zirelakotz.
Jesusek, ordea, beti dirauelakotz, betirako apezgoa du.
Horrengatik, betikotz salba ditzazke
haren bidez Jainkoarenganat hurbiltzen direnak,
bizirik baitago beti, heien alde otoitz egiteko.
Jesus bezalako apez nagusia behar ginuen guk :
saindu, hobengabe eta kutsugabea,
bekatarienganik berexia eta zeruak baino gorago altxatua.
Ez du, beste apez nagusiek bezala,
egun guziz opari eskaintze beharrik,
lehenik bere bekatuengatik, eta gero herriarenengatik ;
behin-betiko egin baitzuen hori,
bere burua opari eskaini zuenean.
Alabainan, Moisen Legeak gizon ahulak ezartzen ditu apez nagusi.
Bainan legea baino geroago etorri den Jainkoaren zin-hitzak
Semea ezartzen du apez nagusi,
bere beterat heldua dena betiko.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Maitasuna da Jainkoa ;
Maitatzalea Jainkoaganik sortua da, eta Jainkoa ezagutzen du.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 12, 28b-34.
Lege-irakasle bat Jesusenganat hurbildu zen, eta galdatu zion :
“ Zein da manamendu guzietan lehena ? ”
Jesusek ihardetsi zion :
“ Lehena, hau da :
Entzun, Izrael : Jauna, gure Jainkoa, Jaun bakarra da.
Maita zazu Jauna zure Jainkoa,
bihotz guziaz, arima guziaz, adimendu guziaz eta indar guziaz.
Bigarrena hau da :
Maita zazu hurko laguna zure burua bezala.
Ez da manamendu horiek baino handiagorik. ”
Lege-irakasleak erran zuen :
“ Ederki, Irakasle jauna, egia diozu
Jainkoa bakarra dela, eta ez dela besterik.
Hura bihotz guziaz, adimendu guziaz eta indar guziaz maitatzea,
eta hurko laguna nork bere burua bezala maitatzea,
erre-opari eta sakrifizio guziak baino hobea dela.”
Jesusek, zuhurki ihardetsi zuela ikusirik, erran zion :
“ Ez zaude Jainkoaren erreinutik urrun. ”
Eta handik aitzina, nehor ez zitzaion galderik egitera ausartatzen.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Andiazabal, « Mezetako deiak », B, 2
Beti bizi den Jesus Jaunari, beti gure alde otoitzean ari denari hel-araz ditzogun gure galdeak.
1. Gizon guziak maite dituenak lagunt ditzan eta esperantzaz bete mundu hunek baztertzen dituenak, egin dezagun otoitz.
2. Urrikalmenduz betea denak konberti ditzan bihotzak eta bekatoroseri barka, guziek ezagut dezaten haren amodio neurrigabea, egin dezagun otoitz.
3. Izpiritu Sainduaren indarraz sor-araz ditzan munduan bihotz zabalak miseria guzieri ohartuko direnak, egin dezagun otoitz.
4. Jesus Jaunaren behin betiko eskaintzan parte hartzeko hemen bilduak girenentzat: haren baitan opari biziak izan gaiten, egin dezagun otoitz.
Jesus Jauna, gure Salbatzailea, zuri oihuz gaude:
bazter gaitzazu jainko faltsu guzietarik,
eta ereman Jainko bakarraren ganat,
zurekin maita dezagun menderen mendetan.
Propositions à adapter par chaque paroissse