Ziraken liburutik 27, 30 – 28, 7.
Herra eta hasarrea higuingarriak dira,
eta bekatorea horietan dago.
Mendekatzen denak Jaunaren mendekua jasan beharko du ;
bekatuen kontu zorrotza hartuko dio.
Barka hurko lagunari egin dautzun hutsa ;
eta zuk eskatzean, barkatuko zaizkitzu zure bekatuak.
Gizaki bat beste batekin hasarre bada,
nola eska diezoke Jaunari osasuna ?
Bere idurikoarentzat urrikalmendurik ez badu,
nork ardietsiko dio bere bekatuen barkamendua ?
Atxik gogoan zure azken ordua, eta uko egin herrari,
atxik gogoan zure ttipitzea eta heriotzea,
eta jarraik leialki manamendueri.
Atxik gogoan manamenduak, eta ez hastia hurko laguna,
atxik gogoan Goi-goikoarekilako batasuna,
eta ahantz hurko lagunak egin dautzun laidoa.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
102. Salmoa
Jainkoak badu bihotz on eta urrikalmendu.
Eskerrak eman, nere arima, Jainkoari,
Nere barneko guziek haren izenari !
Eskerrak eman, nere arima, Jainkoari,
Ez nehoiz ahantz zoin usu zaitzun urrikari !
Harek barkatzen, noiz baitzare zu makur ari,
Indar emaiten, ahul bazare ala eri.
Libratzen zaitu, kasik baitzare hil erori ;
Emaiten dautzu amodioa minen sari.
Ez dago hura menderen mende bereari,
Ez auzi-gose, noiz eta nola gauzak xuri.
Gaizkien arau ez zaiku Jauna nehoiz ari,
Ez eta ere hobenen arau lotzen guri.
Zenbatez baita zerua nausi lur zolari,
Hala guretzat Jainko bihotza nausi ari.
Bi zeru aldek ezin neholaz jo elgarri :
Gure hobenak gutarik urrun hak ezarri.
Jondoni Paulok Erromanoeri 14, 7-9.
Haurrideak,
gutarik nehor ez da beretzat bizi,
ez eta nehor ere beretzat hiltzen :
bizi bagira, Jaunarentzat gira bizi,
eta hiltzen bagira, Jaunarentzat gira hiltzen.
Beraz, bizirik ala hilik, Jaunarenak gira.
Alabainan, huntarako hil eta piztu da Kristo :
hilen eta bizien Jauna izaiteko.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Manamendu berri bat utzi dauku Jaunak :
Elkar maita zazue, nik maitatu zaituztedan bezala.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 18, 21-35.
Petri hurbildu zitzaion Jesusi, eta galdegin zion :
“ Jauna, nere anaiak huts egiten badaut,
zenbat aldiz barkatu behar diot ? Zazpi aldiz ? ”
Jesusek ihardetsi zion :
“ Ez dautzut erraiten zazpi aldiz,
bainan hiruetan hogeita hamarretan zazpi aldiz.
Alabainan, zeruetako Erreinuak iduri du
bere sehiekin konduak xuritu nahi izan zuen erregea.
Konduen xuritzen hastean,
hamar mila talendu zor zion bat ekarri zioten.
Ordaintzekorik ez baitzuen, nagusiak manatu zuen sal zezaten,
bere emazte, haur eta ontasun guziekin, zorren ordaintzeko.
Orduan, nagusiaren oinetarat ahuspez erori zen sehia, erranez :
“ Epea emadazu, eta dena ordainduko dautzut.”
Urrikaldurik orduan, sehiaren nagusiak joaitera utzi zuen
eta zorra barkatu zion.
Bainan sehi harek, atera orduko,
buruz buru egin zuen bere lagun batekin :
hunek ehun denario zor ziozkan.
Loturik, itotzen ari zuen, erranez : “ Ordain zak, zor dukana ! ”
Orduan lagunaren oinetarat ahuspez erori zen, erranez :
“ Epea emadazu, eta ordainduko dautzut.”
Bainan harek ezetz :
joan eta preso emanarazi zuen, zorra ordaindu arte.
Zer gertatu zen ikusirik, sehi lagunak atsegabetu ziren biziki,
eta nagusiari joan zitzaizkion gertatu zen guziaren berri emaitera.
Orduan nagusiak deitu zuen eta erran zion :
“ Sehi gaixtoa ! Zor guzia barkatu daiat, otoiztu naukalakotz.
Ez ote huen, hik ere, hire lagunaz urrikaldu behar,
ni hitaz urrikaldu naizen bezala ? ”
Eta, hasarreturik, burregoen eskuetan eman zuen,
zor guzia ordaindu arte.
Berdin berdina eginen dautzue zeruko nere Aitak,
zuetarik bakotxak ez badio bere haurrideari bihotzez barkatzen. ”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Propositions à adapter par chaque paroissse