Ezekiel profetaren liburutik 34, 11-12. 15-17.
Hau dio Jainko Jaunak :
Orai, nihaur joanen naiz ene ardien biltzera, eta zainduko ditut.
Artzainak, artaldea barreiatu zaionean,
ardiak zaintzen dituen bezala,
nik zainduko ditut ene ardiak,
eta hedoi eta ilunbe egunean
barreiatuak izan diren toki guzietarik aterako ditut.
Nik alharaziko dut ene artaldea, nik harraraziko diot atseden,
dio Jainko Jaunak.
Ardi galdua bilatuko dut, baztertua artalderat erakarriko.
Min hartua lotuko dut, eritua sendatuko,
gizena eta azkarra begiratuko dut, zuzenki alhatuko.
Eta zu, ene artaldea, dio Jainko Jaunak, jakin zazu,
nik jujatuko dutala ardi batzuen eta besteen artean,
aharien eta akerren artean.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
22. Salmoa
Jauna dut artzain, ez naiz egonen beharrean.
Ur bazterreko pausa-lekurat banerama,
pitz dakitan hor pitz arima.
Haren ondotik, bide zuzenez ni banoa :
haren izena zoin gozoa.
Zuhauk dautazu ezartzen neri mahain xuri,
etsai guzien harrigarri.
Ixurtzen duzu nere bururat usain ezti
basoan badut gaindiz gaindi.
Nik zoriona eta grazia ditut lagun,
nere bizian gau ta egun.
Banago-eta, Jaun zerukoa den etxean,
epe luzerik luzenean.
Jondoni Paulok Korintiarreri 1a : 15, 20-26. 28.
Piztu da Kristo, hilen artetik,
heriotzetik piztuko direnetan lehena.
Zeren, heriotzea gizon baten bidez etorri zen bezala,
gizon baten bidez etorri da hilen piztea ere.
Alabainan, Adamen baitan hiltzen dira gizaki guziak ;
Kristoren baitan guziak bizirat itzuliko dira,
bainan bakotxa bere aldian :
lehenik Kristo ;
gero, Kristorenak, hau berriz etorriko denean.
Gero, azkena izanen da,
Kristok, gaizkiaren nagusigo,
botere eta indar guziak ezeztatu ondoan
Jainko Aitari erregetza itzuliko diolarik.
Kristok errege izan behar baitu,
Jainkoak etsai guziak haren oinen pean ezarri arte.
Azkena ezeztatuko den etsaia, heriotzea izanen da.
Gauza guziak menpean jarriko zaizkionean,
orduan, Semea bera menpean jarriko zaio,
gauza guziak bere menpean ezarri diozkan Aitari,
eta Jainkoa guzietan guzia izanen da.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Benedikatua gure aita Dabiden Erreinua,
mende berrien Erresuma
Benedikatua Jaunaren izenean datorrrena !
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 25, 31-41.
Jesus bere etortzeaz mintzo zitzaioten bere dizipulueri,
eta erran zioten :
“ Gizonaren Semea aintzaz beterik etorriko denean,
aingeru guziak lagun,
orduan, bere tronu ospetsuan jarriko da.
Herri guziak haren aitzinean bilduak izanen dira ;
eta batzu besteetarik berexiko ditu,
artzainak ardiak ahuntzetarik berexten dituen bezala ;
ardiak bere eskuinean ezarriko ditu, eta ahuntzak ezkerrean.
Orduan Erregeak eskuinekoeri erranen diote :
‘ Zatozte, nere Aitaren benedikatuak,
har zazue munduaren sortzetik zuentzat prestatua dagon erreinua.
Zeren, gose nintzen, eta jatera eman dautazue ;
egarri eta edatera eman ; arrotz eta etxean hartu nauzue ;
biluzirik, eta jantzi nauzue ;
eri, eta zuek ene ikusten izan ;
preso eta niganat etorri zirezte.’
Orduan zuzenek ihardetsiko diote :
‘ Jauna, noiz ikusi zaitugu gose, eta jatera eman,
egarri eta edatera eman ?
Noiz ikusi zaitugu arrotz, eta etxean hartu, biluzirik eta jantzi ?
Noiz ikusi zaitugu eri edo preso, eta zureganat etorri ? ’
Eta Erregeak ihardetsiko diote :
‘ Egiaz diozuet :
nere haurrideak diren ttipien hauetarik bati egin diozuen aldi guziz,
neri egin dautazue.’
Orduan ezkerrekoeri erranen diote :
‘ Zoazte nereganik urrun, madarikatuak,
debruarentzat eta haren aingeruentzat prestatua den betiereko surat.
Zeren, gose nintzen, eta ez dautazue jatera eman,
egarri, eta edatera ez eman ;
arrotz nintzen, eta etxean ez nauzue hartu ;
biluzirik, eta ez nauzue jantzi ;
eri eta preso, eta zuek ene ikusten ez izan.’
Orduan heiek ere ihardetsiko diote :
‘ Jauna, noiz ikusi zaitugu gose edo egarri,
arrotz edo biluzirik, eri edo preso,
eta ez zaitugu lagundu ? ’
Orduan ihardetsiko diote :
‘ Egiaz diozuet :
ttipien hauetarik bati egin ez diozuen aldi guziz,
neri ere ez dautazue egin.’
Eta joanen dira, hauek betiereko gaztigurat,
eta zuzenak betiereko bizirat.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Parropia bakotxak egokitu behar du