Lehen irakurgaia

Malakias profetaren liburutik 1, 14 – 2, 2. 8-10.

Errege handia naiz ni, dio diren guzien Jaunak,
eta nere Izena beldurgarria da herrialdeetan.
Orai, apezak, zuentzat oharpen hau :
ez baduzue entzun nahi,
ez baduzue axolarik nere Izenari aintza emaiteko,
dio diren guzien Jaunak,
madarikapena igorriko dut zuen gainerat,
eta zuen benedizioneak madarikatuko ditut.
Zuek, bidetik baztertu zirezte,
ainitz eta ainitz erorrarazi ditutzue Lege bidean,
hautsi duzue zuekin nuen Batasuna,
dio diren guzien Jaunak.
Hargatik, nik ere mespretxagarri egin zaituztet,
eta zirtzil herri guziarentzat,
nere bideak ez ditutzuelakotz begiratu,
eta Legeari buruz, alderdikari izan zireztelakotz.
Eta guk, Jainkoaren herria, ez ote dugu guziek Aita bat bera ?
Ez ote da Jainko bat bera gu egin gaituena ?
Zergatik ari gira elgar saltzen,
Jainkoak gure arbasoekin egin zuen Batasuna zikinduz ?

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

130. Salmoa
Nere arima ezar, Jauna,
zure bakean, zure baitan.

Ez dut bihotza haundi nahi,
zz behakoa beti goiti.
Ez naiz ibilki espantutan,
ez goregiko urratsetan.

Arima nik daukat bakean,
bakean eta ixilean.
Amak ttikia besoetan,
Berdin arima nere baitan.

Egon, Izrael, Jainkoari,
Menderen mende kantuz ari.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Tezalonikarreri 1a : 2,7b – 9.13.

Haurrideak,
maitasun samurrez arizan gira zuekin,
bere haurrak maiteki zaintzen dituen ama bezala.
Hain bihotzeko zintuztegun, non eman nahiko baiginautzuen
ez bakarrik Jainkoaren Ebanjelioa,
bainan gure bizia ere, hainbestetaraino maite zintuztegun.
Haurrideak, gogoan ditutzue gure neke eta akidurak :
zuetarik nehoren bizkar ez izaiteko, gau eta egun lanean ariz
dautzuegu Jainkoaren Ebanjelioa predikatu.
Horrengatik, geldigabe Jainkoari eskerrak emaiten diozkagu.
Jainkoaren hitza gure ahotik hartu zinutenean,
ez zinuten gizon hitz bezala hartu,
bainan Jainkoaren hitz bezala.
Hala da zinez,
eta lan ederra egiten ari da sinesten duzuenen baitan.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Ez duzue Aita bat baizik, zeruetako Aita.
Ez duzue Irakasle bat baizik, hura da Kristo.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 23, 1-12.

Jesus jendaldeari eta dizipulueri hunela mintzatu zitzaioten :
“ Lege-irakasle eta farisauak Moisen predika-alkian jarriak daude.
Egizue, beraz, eta bete heiek erran guzia.
Bainan heiek egiten dutena ez egin,
erraiten baitute, bainan ez egiten.
Zama pizuak lotzen dituzte eta jendeen bizkarrean ezartzen ;
bainan berek ez dituzte erhiaz ere higitu nahi.
Egiten duten guzia, jendeak ikusteagatik egiten dute :
beren larrutxak zabal erabiltzen dituzte, eta litsak luze.
Maite dituzte lehen jarlekuak afarietan,
aitzineko alkiak zinagogetan,
agurrak plazetan, eta jendeak erran diezoten : ‘Irakasle jauna’.
Zuek, ordea, ez bila nehork erran diezazuen : ‘ Irakasle jauna’,
irakasle bat baizik ez baituzue,
eta denak elkarren haurride baitzirezte.
Lur huntan ez erran nehori ‘aita’,
ez baituzue aita bat baizik, zerukoa.
Ez bila ere nehork erran diezazuen ‘gidari’,
gidari bat baizik ez baituzue, Kristo.
Zuetarik handiena izan bedi zuen zerbitzari.
Bere burua goratuko duena, apaldua izanen da,
eta bere burua apalduko duena, goratua.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Parropia bakotxak egokitu behar du