Lehen irakurgaia

Malakias profetaren liburutik 3, 19-20.

Huna non heldu den Jaunaren eguna, labea bezain kizkalgarria.
Harro eta gaizkile guziak lasto izanen dira.
Etortzekoa den egunak kizkaliko ditu,
dio diren guzien Jaunak,
ez diote ez errorik, ez adarrik utziko.
Bainan zuentzat, nere Izenaren beldurra duzuenentzat,
zuzentasunaren Iguzkia agertuko da,
bere dirdiran salbamendua dakarrela.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

97. Salmoa
Heldu da Jauna, ikus dezan
Herriak zuzen badabiltzan

Egin Jaunari soinu kantu :
Jo xirribika, jo salmo ttunttun eta xistu,
Adar-soinu jo, zilar-soinu,
Pitz eta kanta, lurrak errege Jauna baitu.

Itsas-uhainek hari kanta :
Lur guzia jauz: guzi guzien Jauna baita
Ibaiek egin esku zarta :
Mendi-buruek, irrintzin eta zinka bota.

Kanta Jaunari, heldu baita :
Bai, heldu baita, berak hartzeko lurraz arta.
Joanen du joanen lurra zuzen,
Herriak oro zuzenbidean joan ditezen.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Tezalonikarreri 2a : 3, 7-12.

Haurrideak,
badakizue zer egin behar duzuen guk bezala egiteko.
Ez gira alferkerian bizi izan zuen artean ;
ez diogu nehori galdatu jan dugun ogia ;
aitzitik, gau eta egun lanean nekatu gira
zuetarik nehoren bizkar ez izaiteko.
Baginuen, bai, zuen kontura bizitzeko eskubidea,
bainan nahi ginuen zuentzat etsenplu bat izan.
Zuen artean ginenean, hau erraiten ginautzuen:
lanik egin nahi ez duenak ez dezala jan.
Bada, jakin dugu zuetarik batzu alfer bizi direla,
deus egin gabe, non zer jakin berriketan.
Holakoeri Jesu Kristo Jaunaren izenean
manu hau eta dei hau egiten diotet,
bakean lan eginez irabaz dezaten beren ogia.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Xuti zaitezte, goiti burua,
Hurbiltzen ari zaitzue zuen erospena.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 21, 5-19.

Jesusen dizipuluetarik zenbaitek Tenpluaz baitzioten
harri ederrez eta fededunen emaitzez egina zela,
Jesusek erran zioten :
“ Etorriko dira egunak, hor ikusten duzuenetik
harria harriaren gainean ez baita geldituko :
dena suntsituko dute.”
Galdegin zioten ;
“ Irakasle jauna, noiz gertatuko da hori,
eta zer izanen da seinale gertatzera doala ?
Jesusek ihardetsi zioten :
“ Behautzue nehork engana !
Ainitz etorriko dira nere izenean, erranez:
‘ Ni naiz Mesias’ eta ere ‘ Hurbildua da tenorea’.
Ez joan holakoen ondotik !
Gerlak eta iraultzak badirela entzutean, ez ikara :
horiek lehenik gertatu behar dute,
bainan ez da berehala azkena .”
Erran zioten ere :
“ Nazionea nazionearen kontra
eta erresuma erresumaren kontra altxatuko dira.
Izanen dira lurrikara handiak,
eta izurrite eta goseteak han hemenka ;
gauza ikaragarriak gertatuko dira, eta zeruan seinale handiak.
Bainan horiek guziak baino lehen,
eskua gainean ezarriko dautzuete
eta gaizki erabiliko zaituztete,
zinagogetarat eta presondegietarat eremanen,
bai eta errege eta buruzagien aitzinerat nere Izenarengatik.
Horrek emanen dautzue nere lekuko izaiteko parada.
Har gogoan ez duzuela griñatzerik zuen burua nola xuri.
Nihaurek emanen dautzuet hitz eta zuhurtzia,
eta zuen etsai guziek ez dute ez ihardokitzen,
ez ihardesten ahalko.
Zuen burasoek berek, anaiek,
ahaide eta adiskideek berek salduko zaituztete,
eta zuetarik zenbait hilaraziko.
Denek hastiatuko zaituztete nere Izenarengatik.
Bainan zuen buruko ile bat ere ez da galduko.
Iraupenaren iraupenaz ardietsiko duzue bizia.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.