Makabetarren bigarren liburutik 7, 1-2. 9-14.
Zazpi anaia preso hartu zituzten beren amarekin.
Antioko erregeak, idi-zainez egin azote ukaldika,
Legeak debekatzen zuen xerrikia jatera bortxatu nahi zituen.
Heietarik bat denen izenean mintzatu zen :
“ Zer jakin nahi duzu guganik ?
Prest gaude hiltzeko, gure arbasoen legeak hautsi baino lehen.”
Bigarren anaiak, azken hatsa emaitean, erran zion :
“ Zuk, gaixtagin tzarrak, oraiko bizia kentzen daukuzu :
bainan munduaren Erregeak betiko bizirako piztuko gaitu
haren legeengatik hiltzen girenak.”
Gero, hirugarrena torturatzen hasi ziren.
Galdatu ziotenean, berehala mihia atera zuen,
eta eskuak ere luzatu beldurrik gabe, nobleki erranez :
“ Zerutik dauzkat menbro hauek,
bainan haren Legearengatik gutiesten ditut,
eta badut esperantza harenganik hartuko ditudala berriz.”
Harriturik gelditu ziren erregea eta harekin zirenak
gaztearen kuraiaz, huskeriatzat baitzauzkan oinaze-minak.
Hura hil zenean, oinaze beraz torturatu zuten laugarrena.
Hil zorian zagola, erran zuen :
“ Hobe da giza eskuz hiltzea,
Jainkoak hitzeman piztearen beha gaudenean ;
zuk, ordea, ez duzu betiko bizirako berpizterik izanen.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
16. Salmoa
Zu agertzean, zer asea,
Jauna, zeruan zuri beha.
Entzun gaur, Jauna, zuzen dena,
Onar nik egin dei auhena.
Nere bihotza iker, zila :
Gezurrik gabe dut ezpaina.
Hurbildanik naiz josten zuri :
Ez naiz baztertu, ez erori.
Deika nagozu, entzun, Jauna,
Beharrirat har nik errana.
Zain nezazula, zaint bakean,
Zure hegalpen itzalean
Nik hil ondoan zer bakea :
Begitartean zuri beha.
Jondoni Paulok Tezalonikarreri 2a : 2, 16 – 3, 5.
Haurrideak,
Jesu Kristo gure Jaunak berak eta Jainko gure Aitak,
maite izan gaituenak, eta graziaz betiereko kontsolamendua
eta esperantza zoriontsua eman dauzkigunak,
bete zaitzatela kuraiez eta indarrez
on den guzia egitez eta hitzez obratzeko.
Bestalde, haurrideak, egizue otoitz gure alde,
Jainkoaren hitza zabal dadin,
eta orotan ohora dezaten zuen artean bezala.
Egin otoitz ere onik atera gaitezen jende makur eta gaixtoenganik,
ez baitute denek fedea.
Jauna, ordea, leiala da : azkartuko zaituzte, eta gaitzetik zainduko.
Eta, Jauna baitan, zueri osoki fida gira :
guk manatua egiten duzue eta eginen ere.
Jaunak gida ditzala zuen bihotzak Jainkoaren maitatzera,
eta Kristoren esperantzan irautera.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Jesu Kristo, hiletarik lehen sortua,
Zuri ospe eta nausigoa mendez mende !
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 20, 27-38.
Jesusi hurbildu zitzaizkion zaduzear batzu,
– hauek ez dela hilen pizterik diote – eta galdegin zioten :
“ Irakasle jauna, Moisek lege hau eman zaukun :
Norbaiti anaia ezkondua haurrik gabe hiltzen bazaio,
ezkon bedi alarguntsarekin, anaiari ondokoen emaiteko.
Baziren, bada, zazpi anaia :
lehena ezkondu eta haurrik gabe hil zen.
Bigarrena eta hirugarrena emazte harekin ezkondu ziren,
eta zazpiak berdin : haurrik utzi gabe hil ziren.
Azkenean emaztea ere hil zen.
Hilen piztean, zeinen emaztea izanen da,
zazpiek izan baitzuten emazte ? ”
Jesusek ihardetsi zioten :
“ Mundu huntako gizon-eta emazteak ezkontzen dira.
Bainan datorren munduan eta hilen piztean parte hartzeko
gai aurkituak izan direnak ez dira ezkontzen ;
alabainan, ez daitezke berriz hil,
aingeruen iduriko baitira, eta Jainkoaren seme,
piztean parte dutenaz geroz.
Gainera, hilak pizten direla Moisek berak adiarazi zuen,
sutan zagon sasiaren pasartean, Jauna deitzen duenean :
‘Abrahamen Jainko, Izaaken Jainko eta Jakoben Jainko’.
Ez da hilen Jainkoa, bainan biziena :
denak harentzat bizi baitira.”
EDO BERTSIO LABURRA :
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 20, 27. 34-38.
Jesusi hurbildu zitzaizkion zaduzear batzu,
– hauek ez dela hilen pizterik diote – eta ihardetsi zioten :
“ Mundu huntako gizon-eta emazteak ezkontzen dira.
Bainan datorren munduan eta hilen piztean parte hartzeko
gai aurkituak izan direnak ez dira ezkontzen ;
alabainan, ez daitezke berriz hil,
aingeruen iduriko baitira, eta Jainkoaren seme,
piztean parte dutenaz geroz.
Gainera, hilak pizten direla Moisek berak adiarazi zuen,
sutan zagon sasiaren pasartean, Jauna deitzen duenean :
‘Abrahamen Jainko, Izaaken Jainko eta Jakoben Jainko’.
Ez da hilen Jainkoa, bainan biziena :
denak harentzat bizi baitira.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Parropia bakotxak egokitu behar du