Lehen irakurgaia

Zirak zuhurraren liburutik 35, 12-14. 16-18.

Jauna juje da, eta ez du behatzen nor nor den.
Ez du berexkuntzarik egiten behartsuaren kontra,
eta entzuten du lehertuaren otoitza.
Ez du mespretxatzen umezurtzaren galdea,
ez eta auhenka ari zaion alarguntsa ere.
Jainkoa bihotz guziaz zerbitzatzen duena onartua da,
eta haren otoitza zeruraino heltzen da.
Behartsuaren otoitzak hodeiak zilatzen ditu,
eta ez du onik bere helmugarat heldu arte.
Ez du etsitzen, Goigoikoak behatu arte,
eta hobengabeari justizia egin arte.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

33. Salmoa
Dohakabeak dei egin du,
eta Jainkoak du lagundu.

Jaunari beti esker emaiten nagokio,
Hari nik beti laudorio.
Jaunaren baitan arima kantuz banabila :
Bihotz apalak pitz ditela.

Dena begi da Jauna zuzenen zaintzen ari,
Dena beharri oihueri.
Zuzenek oihu eta Jainkoak entzun ditu,
Hersturetarik berak hartu.

Bihotz errautsi, apaldueri hurbil Jauna :
Zaintzen du zaintzen apal dena.
Bere gizonen zaintzale hor da hor Jainkoa :
Hari dagona ez da joa.


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Timoteori 2a : 4, 6-8 . 16-18.

Ni, jadanik oparitan eskainia nago,
gainean dut joaiteko tenorea.
Borroka ona egin dut, lasterketa bururatu, fedea begiratu.
Orai, nere beha dago garailearen korona :
Jaunak, Juje zuzenak, emanen daut egun hartan,
eta ez neri bakarrik,
bainan ere haren aintzazko etortzea
maitasunez igurikatu duten guzieri.
Nere burua xuritu behar izan nuen auzian
ez zen nehor atera nere alde : bakarrik utzi ninduten denek ;
Jainkoak ez diezotela kondurik eska.
Bainan Jauna nerekin izan nuen, eta indar eman zautan,
nere bidez bururaino iragarria izan zadin Ebanjelioa,
eta pagano herri guziek entzun zezaten.
Lehoinaren ahotik atera naiz.
Jaunak aterako nau gaitz guzietarik.
Salbatuko nau eta zeruan, bere Erreinuan, sarraraziko.
Hari aintza menderen mendetan. Amen.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Jainkoak ez dio itxurari behatzen,
gizonek bezala, bainan bihotzari.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 18, 9-14.

Jesusek parabola hau erran zioten beren buruak zuzentzat hartzen
eta besteak gutiesten zituzten batzueri :
“ Bi gizon Tenplurat igan ziren otoitz egitera.
Bat farisaua zen, bestea zergalaria.
Farisauak, xutik, hunela otoitz egiten zuen bere baitan :
‘ Ene Jainkoa, eskerrak emaiten dauzkitzut ez naizelakotz
besteak bezalakoa : ohoina, zuzengabea, adulteriogilea
ez eta zergalari hori bezalakoa.
Astean bietan barur egiten dut,
eta irabazi guzien hamarrena emaiten.’
Zergalaria, aldiz, urrun zagola,
ez zen zeru alde begien altxatzera menturatzen ;
bainan bularra joz erraiten zuen:
‘ Ene Jainkoa, urrikal zaite naizen bekatoreaz ! ’
Nik diozuet : etxerat itzuli zenean, azken hau zuzen egina zen,
eta bestea ez.
Bere burua goratzen duena, apaldua izanen da ;
bere burua apaltzen duena, aldiz, goratua.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

(P. Andiazabal apeza, “Mezetako deiak”, C urtea  – sail berria)

Jaunaren Hitzak dio, behartsuaren otoitzak hedoiak zilatuko dituela.
Aski umila izan bedi gure otoitza zeruraino igaiteko.

1. Elizarentzat: Credo-an kantatzen baitu Elizak saindua dela, ukan dezan aski apaltasun, aitortzeko bekatorosa dela ere, eta barkatua, egin dezagun otoitz.

2. Paulo bezala pertsekutatuak direnentzat, eta denek abandonatuak: ukan dezaten indar beren burua bururaino segitzeko, egin dezagun otoitz.

3. Erientzat, xaharrentzat, bereziki beren azken egunetan direnentzat: Jaunak onhar dezan heien biziaren eskaintza, egin dezagun otoitz.

4. Pobreentzat, bihotz urratuentzat, esperantzarik gabe direnentzat: Jaunak heien oihu samina entzunik, eman dezoten bere bakea, egin dezagun otoitz.

5. Elgarrentzat, Jaunak gure bihotzetarik ken dezan farisauaren urgulua, eta ezar zerga-biltzailearen umiltasuna, egin dezagun otoitz.

Jainko gure Aita, ezar-atzu gure baitan
zure Semearen sendimenduak,
gure otoitzak ekar ditzan bere fruituak, gizaldi eta gizaldietan.

 

Parropia bakotxak egokitu behar du