Jalgitza liburutik 32, 7-11. 13-14.
Mois Zinai mendian zelarik oraino,
Jaunak erran zion :
“ Jauts zaite menditik,
bekatu egin baitu Egipto lurretik atera duzun herriak.
Laster baztertu dira nik manatu nioten bidetik.
Metalezko aratxe bat egin dute,
haren aitzinean ahuspez eman dira,
eta opariak eskaini diozkate, erranez :
‘ Izrael, horra zure Jainkoa, Egiptoko lurretik atera zaituena.’
Jaunak erran zion oraino Moisi:
“ Ikusten dut herri hau herri burugogorra dela.
Orai, utz nezazu :
nere hasarrea suminduko da horien kontra
eta suntsituko ditut !
Bainan, zuganik herri handi bat sortaraziko dut.”
Moisek Jaunaren, bere Jainkoaren, aurpegia baketu zuen, erranez :
“ Zergatik sutan ezar zure hasarrea, Jauna,
hain ahal handiz eta esku indartsuz
Egiptotik atera duzun zure herriaren kontra ?
Orroit Abraham, Izaak eta Jakob zure zerbitzariez,
zure buruaz zin eginez erran baitiozute :
zuen ondokoak zeruko izarrak bezainbat eginen ditut,
zuen ondokoeri emanen diotet
hitzeman dautzuetan lurralde hau guzia,
eta ondaretzat izanen dute betiko.”
Jaunak gibelera egin zuen bere herriari egin nahi zion gaizkitik.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
50. Salmoa
Xutituko naiz, bai eta joanen Aitarenganat.
Urrikal zaite nitaz, Jauna,
Hoin duzu eta neurrigabeko bihotz ona.
Nere hobena ken errotik,
Garbi nezazu, garbi osoki bekatutik.
Bihotz garbia ezar nitan,
Eta funtsezko xede azkarrak har ditzadan.
Zure begitik ez ni haiza,
Ez, izpiritu saindua kenduz, huts bihotza.
Jauna, ezpainak zabal neri,
Nere agoak goraipa zaitzan herriz herri.
Har beraz nere urrikia :
Har, otoi, Jauna, bihotz apaldu errautsia.
Jondoni Paulok Timoteori 1a : 1, 12-17.
Eskerrak emaiten diozkat indarra emaiten dautanari,
Kristo Jesus gure Jaunari :
ni baitan fidatu baita apostolu zerbitzua emanez,
nahiz eta ni lehen blasfematzaile izan nintzen,
persegitzaile eta laidoztatzaile.
Bainan Jauna nitaz urrikaldu da,
nere fedegabean ez bainakien zer ari nintzen.
Bainan gaindika ixuri daut gure Jaunak bere grazia
Kristo Jesusen baitako fede eta maitasunarekin.
Sinesgarria da hitz hau, eta guziek onartzekoa :
Jesu Kristo mundurat etorri da bekatarien salbatzera ;
eta horietan ni lehena.
Eta huna zergatik nitaz urrikaldu den :
Jesu Kristok nere baitan lehenik erakuts zezan bere bihotz handia ;
eta etsenplu izan nindadin haren baitan sinetsi
eta betiko bizia ardietsiko dutenentzat.
Gizaldien Erregeari, Jainko bakarrari, ezin ikus eta ezin hilari,
ohore eta aintza, menderen mendetan. Amen.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Zu, guziz ona, barkatzera ekarria,
ardi galduaren ondotik zabiltzana
emaguzu salbamenaren poza.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 15, 1-32.
Zergalari eta bekatari guziak
Jesusenganat hurbiltzen ziren haren entzuteko.
Farisauak eta lege-irakasleak marmarikan ari ziren, erranez :
“ Horrek ongi etorri egin diote bekatarieri, eta heiekin jaten ere.”
Orduan Jesusek parabola hau erran zioten :
“ Zuetarik nor, ehun ardi izanki eta bat galtzen badu,
ez da, beste lauetan hogeita hemeretziak basamortuan utzirik,
galduaren bila joaiten, aurkitu arte ?
Eta aurkitu duenean, bizkarrean hartzen du, bozkariotan,
eta, etxeratzean, adiskideak eta auzoak bildurik, erraiten diote :
‘ Bozkaria zaitezte nerekin, aurkitu baitut ene ardi galdua.’
Nik diozuet : bozkario gehiago izanen da zeruan
bihozberritzen den bekatari bakar batengatik,
bihozberritze beharrik ez duten
lauetan hogeita hemeretzi zuzenengatik baino.
Edo zein emaztek, zilarrezko hamar peza izanki
eta bat galtzen badu, ez du, argia pizturik, etxea garbitu
eta galdu duen peza artoski bilatzen, aurkitu arte ?
Aurkitu duenean, adiskideak eta auzoak bildu eta erraiten diote :
‘ Bozkaria zaitezte nerekin, aurkitu baitut galdua nuen peza!’
Halaber, nik diozuet : bada bozkario Jainkoaren aingeruen artean,
bihozberritzen den bekatari bakar batengatik.”
Jesusek erran zioten oraino :
“ Gizon batek bi seme bazituen.
Gazteenak erran zion aitari :
‘ Aita, emadazu dagokitan etxe-partea.’
Eta aitak ontasunak partekatu ziozkaten.
Handik egun gutiren buruan, gazteena,
zituen guziak bildurik, urrungo herrialde baterat joan zen.
Eta han, aiserian biziz, bere ontasun guziak jan zituen.
Dena xahutu zuenean, gosete handia sortu zen herrialde hartan,
eta beharra senditzen hasi zen.
Joan zen, eta lurralde hartako gizon baten mutil jarri ;
harek bere lurretarat igorri zuen xerrizain.
Xerriek jaten zuten leketarik sabela bete nahiko zukeen,
bainan nehork ez zion deusik emaiten.
Orduan, bere baitan sarturik, egin zuen :
‘ Zenbat langilek nere aitaren etxean nahiko jatekoa baduten,
eta ni hemen goseak hiltzen ari !
Xutitu eta aitarenganat joanen naiz, eta erranen diot :
Aita, bekatu egin dut zeruaren eta zure kontra.
Ez dut gehiago zure seme izenik merezi.
Langiletzat har nezazu.’
Xutitu eta aitarenganat joan zen.
Urrun zela oraino, aitak ikusi zuen eta, urrikaldurik,
lasterka joan zitzaion, besarkatu eta musuka hasi.
Semeak erran zion :
‘ Ez dut gehiago zure seme izenik merezi.’
Bainan aitak mutileri erran zioten :
‘ Ekarrazue berehala soinekorik ederrena, eta jauntzozue.
Emozue eraztuna erhian
eta oinetakoak zangoetan.
Ekarrazue aratxe gizena eta hil :
dezagun jan eta besta egin.
Nere seme hau hila baitzen, eta berriz bizi da,
galdua baitzen, eta aurkitu dut.’
Eta besta hasi zuten.
Seme zaharrena landetan zen.
Etxeratzean, hurbildu zelarik,
soinua eta dantzak entzun zituen.
Mutil bat deiturik, zer zen galdatu zion.
Harek ihardetsi :
‘ Zure anaia etorri da, eta zure aitak aratxe gizena hil du,
semea osagarritan itzuli baitzaio.’
Orduan seme zaharrena hasarretu zen,
eta ez zuen sartu nahi.
Atera zen aita eta otoizka hasi zitzaion.
Bainan harek ihardetsi zion aitari :
‘ Hainbeste urte badu zure zerbitzuan nagola,
zure manurik behinere huts egin gabe,
eta egundaino ez dautazu pittika bat eman,
nere adiskideekin besta egiteko.
Bainan zure seme hori,
zure ontasuna emagalduekin jan ondoan etorri delarik,
aratxe gizena hil diozu ! ’
Aitak ihardetsi zion :
‘ Seme, zu beti nerekin zira,
eta nereak oro, zureak dira.
Bainan behar zen besta egin eta bozkariatu,
zure anaia hau hila baitzen, eta orai bizirik da,
galdua zen, eta aurkitua da.’ ”
EDO BERTSIO LABURRA :
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 15, 1-10.
Zergalari eta bekatari guziak
Jesusenganat hurbiltzen ziren haren entzuteko.
Farisauak eta lege-irakasleak marmarikan ari ziren, erranez :
“ Horrek ongi etorri egin diote bekatarieri, eta heiekin jaten ere.”
Orduan Jesusek parabola hau erran zioten :
“ Zuetarik nor, ehun ardi izanki eta bat galtzen badu,
ez da, beste lauetan hogeita hemeretziak basamortuan utzirik,
galduaren bila joaiten, aurkitu arte ?
Eta aurkitu duenean, bizkarrean hartzen du, bozkariotan,
eta, etxeratzean, adiskideak eta auzoak bildurik, erraiten diote :
‘ Bozkaria zaitezte nerekin, aurkitu baitut ene ardi galdua.’
Nik diozuet : bozkario gehiago izanen da zeruan
bihozberritzen den bekatari bakar batengatik,
bihozberritze beharrik ez duten
lauetan hogeita hemeretzi zuzenengatik baino.
Edo zein emaztek, zilarrezko hamar peza izanki
eta bat galtzen badu, ez du, argia pizturik, etxea garbitu
eta galdu duen peza artoski bilatzen, aurkitu arte ?
Aurkitu duenean, adiskideak eta auzoak bildu eta erraiten diote :
‘ Bozkaria zaitezte nerekin, aurkitu baitut galdua nuen peza!’
Halaber, nik diozuet : bada bozkario Jainkoaren aingeruen artean,
bihozberritzen den bekatari bakar batengatik.” .
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Parropia bakotxak egokitu behar du