Lehen irakurgaia

Hasiera liburutik 18, 1-10a.

Jauna agertu zitzaion Abrahami, Manbreren haritz-pean.
Abraham oihal-etxolaren sartzean jarria zagon,
eguneko beroaren handienean.
Begiak altxaturik, hiru gizon ikusi zituen bere ondoan xutik.
Ikusi oruko, lasterka joan zitzaioten biderat,
eta ahuspez emanik, erran zuen :
“ Jauna, gogoko banauzu, ez zaitela iragan,
zure zerbitzariarekin gelditu gabe.
Ura ekarriko dautzuet, oinak garbituko,
eta zuhaizpean hartuko duzue atseden.
Ogia ere ekarriko dautzuet, indarberri zaitezten,
eta gero bidea segituko duzue,
zuen zerbitzariaren ondotik iragan baitzirezte ! ”
Ihardetsi zuten :
“ Egizu, beraz, diozuna.”
Abraham lasterka joan zen etxolarat, Zararenganat, eta erran zion :
“ Ekar laster hiru gaitzeru irin garbi, oratu eta egin opilak.”
Gero, Abraham zalu-zalua joan zen kabaletarat,
aratxe gizen on bat hartu eta mutil bati eman zion,
eta harek berehala prestatu.
Hartu zituen gatzatua, esnea , prestatua zen aratxea,
eta denak heien aitzinean ezarri ;
bera xutik egon zen heien ondoan zuhaizpean,
heiek jaten zuten bitartean.
Heiek galdegin zioten :
“ Non da Zara, zure emaztea ? ”
Ihardetsi zuen :
“ Hor, oihal-etxolan.”
Heietarik batek erran zion :
“ Berriz etorriko nitzaizu helduden urtean,
eta ordukotz Zara, zure emazteak seme bat izanen du.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

14. Salmoa
Nor dauke, Jauna zure baitan,
Zu zauden mendi saindu hartan ?

Bihotza garbi dabilana,
zuzen zuzena den gizona.
Egiari bai datxikona,
bertzez gaizkirik ez diona.

Bertzen kaltetan ez doana,
auzoen trufan ez dagona.
Tzarrentzat zorik ez duena,
handi baitauku fededuna.

Hitzeman eta hitzekoa,
diru xurgatzen ez baitoa.
Jauntzen ez dena joz gaixoa ;
sekulako xut holakoa.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Koloziarreri 1 , 24-28.

Haurrideak,
bozkariotan nago orai, zuen alde jasaiten ditudan sofrikarioengatik ;
horrela, Kristoren atsegabeetan jasaitekoak direnak
nere gorputzean osatzen ditut, haren gorputza den Elizaren alde.
Elizaren zerbitzari bilakatu naiz,
eta Jainkoak eman dautan kargua da
zuentzat haren Hitzaren betetzea,
mendeetan eta gizaldietan gorderik zaukan misterioa,
orai bere herri sainduari agertu baitio.
Huni jakinarazi nahi izan dio Jainkoak
zer den herrialde paganoen artean mixterio horren aintza aberatsa :
zuen artean den Kristo, aintzaren esperantza.
Kristo hori iragartzen dugu,
deneri kontseilu emanez eta zuhurtziaz irakatsiz
denak Kristo baitan beren beterat hel daitezen.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Dohatsu Jaunaren mintzoa entzuten duena,
eta atea idekitzen diona : badu zorion eta bozkario.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 10, 38-42.

Bidean zoatzila, Jesus herrixka batean sartu zen,
eta Marta izeneko emazte batek bere etxean hartu zuen.
Bazuen hunek Maria deitu ahizpa bat,
eta hau, Jaunaren oinetan jarririk, haren hitzaren entzuten zagon.
Marta, berriz, etxeko lan ainitzek tirabiratua zabilan.
Jesusen aitzinean eman eta erran zion :
“ Jauna, berdin zaitzu nere ahizpak lan guzia nere gain uzten baitu ?
Errozu, bada, lagun nezan.”
Jesusek ihardetsi zion :
“ Marta, Marta, gauza ainitzengatik griñatzen zira eta kexatzen !
Bat bakarra da beharrezkoa.
Mariak du hautatu parterik hoberena, eta ez zaio kenduko ! ”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Parropia bakotxak egokitu behar du