Bestak / Abenduaren 8a – Maria Birjina dohatsua bekaturik gabe kontzebitua

Testu guziak telekargatu Ikus kantuak eta fededunen otoitzak

Lehen irakurgaia

Hasiera liburutik 3, 9-15. 20.

Gizonak Jainkoari desobeditu ziolarik,
Jainko Jaunak dei egin eta erran zion : “Non zira ?”
Gizonak ihardetsi :
“ Baratzean ibilki entzun zaitut,
beldurtu naiz, biluzgorri naizelakotz, eta gorde naiz.”
Jaunak erran zion :
“ Eta nork erran dautzu biluzgorri zinela ?
Debekatua nautzun zuhaitzeko fruitua jan ote duzu ?”
Gizonak ihardetsi :
“ Laguntzat eman dautazun emazteak eman daut fruitua,
eta nik jan.”
Orduan, Jainko Jaunak erran zion emazteari :
“ Zer egin duzu ?”
Emazteak ihardetsi :
“ Sugeak enganatu nau eta jan dut.”
Orduan , Jainko Jaunak erran zion sugeari :
“ Hori egin duzulakotz, madarikatua izanen zira
abere guzien eta landetako basa-ihizi guzien artean.
Sabel gainean ibiliko zira herrestaka,
eta errautsa janen duzu biziko egun guzietan.
Elkarren etsai eginen zaituztet, zu eta emaztea,
zure eta haren ondoregoa ;
hunek burua lehertuko dautzu,
eta zuk aztalean joko duzu.
Gizonak bere emazteari Eba eman zion izena,
bizidun guzien ama izan baitzen.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

97. Salmoa
Zuri, Maria, gure Jainkoak
Egin dauzkitzu miragarriak !

Kanta Jaunari kantu berri,
Harek eginak oro baitira miragarri.
Berez bere da nausi jarri,
Bere besoaz jaun agertu da munduari.

Salbatzaile da jeiki Jauna :
Ikusi dute zoin ona dugun, zoin zuzena.
Izraelentzat zer laguna,
Erakutsi du bere betiko bihotz ona.

Lur guziak du ikusia
Gure Jaunaren salbamenduko iguzkia.
Kanta Jaunari, lur guzia :
Pitz eta kanta, lurrak Errege baitu Jauna.


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Efesako girixtinoeri 1, 3-6 . 11-12.

Benedikatua izan bedi Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita.
Izpirituaren benedizione guziez benedikatu gaitu
zeruetan Kristoren baitan.
Haren baitan hautatu gintuen, mundua izan baino lehen,
haren aitzinean saindu eta hobengabe izan gaitezen maitasunean.
Aitzinetik hautatu gintuen
bere seme izaiteko Jesu Kristoren bitartez ;
horra haren bihotz onaren nahia,
goretsia izan zadin haren aintza,
eta bere Seme maitearen baitan nasaiki eman daukun grazia.
Haren baitan, Jainkoak aitzinetik hautatu gaitu haren herri izaiteko ;
zeren, gauza guziak berak nahi zuen bezala egin dituen Jainkoak
bazuen xedea, gu izan gaitezen
aitzinetik Kristo baitan esperantza dutenak,
haren aintzaren goresmenerako.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Agur Maria, dena grazia ;
zutan duzuna, zeruko Jauna.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 1 , 26-38.

Jainkoak Gabriel aingerua
Nazaret deitu Galileako herri baterat igorri zuen
birjina batenganat ;
hau ezkontzaz hitzemana zen
Dabiden etxetikako Josep deitu gizon bati ;
eta birjinaren izena Maria.
Aingeruak Mariaren etxean sartu eta erran zion :
“ Agur, graziaz betea, Jauna da zurekin.”
Hitz horiek entzutean, ikaratu zen Maria,
eta bere baitan ari zen zer zitaken agur hori.
Aingeruak erran zion :
“ Ez beldur izan, Maria ! Jainkoak gogoko zaitu.
Hara : sabelean sortu eta semea izanen duzu,
eta Jesus emanen diozu izena.
Handia izanen da, Goi-goikoaren Seme deituko dute ;
Jainko Jaunak bere aita Dabiden errege-alkia emanen dio ;
Jakoben etxearen errege izanen da betiko,
eta haren erregetzak ez du azkenik izanen.”
Mariak erran zion aingeruari :
“ Nola gerta daiteke hori, birjina naizenaz geroz ?”
Aingeruak ihardetsi zion :
“ Izpiritu Saindua jautsiko da zureganat,
eta Goi-goikoaren indarrak bere itzalpean hartuko zaitu ;
horrengatik, zureganik sortuko dena saindu izanen da,
eta Jainkoaren Seme deituko dute.
Eta huna non Elixabet zure ahaidea ere
seme baten beharretan den bere xaharrean,
eta agorra omen zena seigarren hilabetean da.
Ezin eginik ez baita Jainkoarentzat. “
Orduan Mariak erran zuen :
“ Huna Jaunaren neskatoa.
Gerta bekit zuk erran bezala.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.