Jeremi profetaren liburutik 31, 7-9.
Hunela mintzo da Jauna :
“ Egin oihu pozaren pozez Jakoben herriagatik,
egin irrintzin herrien buru denagatik !
Egin oihu, gorets Jauna, erranez :
“ Salbatu du Jaunak bere herria, Izraelen hondarra ! ”
Beha : iparraldetik erakarriko ditut,
eta lurraren azken mugetarik bilduko.
Heien artean itsua eta maingua, haurduna eta haurra izan berria :
jendetza handia itzuliko da.
Nigarretan joanak ziren, kontsolaturik ekarriko ditut ;
ur bizietarat eremanen ditut, behaztopatuko ez diren bidetik.
Aita bainaiz Izraelentzat, Efraim baitut premu.
Jaunak errana ! ”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
125. Salmoa
Handizki gaitu Jaunak lagundu :
Hara non garen bozkariatzen.
Preso zirenak baititu Jaunak erakarri,
Gu ginen kasik ametsetan.
Ahoa zabal ginauden oro dena irri,
Kantu soinuak ezpainetan.
Bertze jendeek egiten zuten so elgarri :
“ Ari da Jauna heien baitan.”
Handizki dauku Jaunak eskua eman guri :
Hara non garen lorietan.
Eman zuk, Jauna, gure jendean indar berri :
Urek bezala mortuetan.
Nigar-hipetan joaten direnak ereilari,
Uzta bilari lorietan.
Haratekoan harat doatzi pleinuz ari,
Hazi-bihiak eskuetan.
Hunatekoan hunat datortzi kantuz ari,
Espal ederrak eskuetan.
Hebrearreri epixtolatik 5, 1-6.
Apez nagusia gizonen artetik hartua,
gizakien alde ezarria da Jainkoari dagozkionetan,
bekatuengatik emaitzak eta opariak eskaintzeko.
Ezjakinean eta bide makurretik dabiltzanak urrikari izan ditzazke,
bera ere ahuleziaz inguratua baita ;
eta, ahulezia horrengatik,
bere bekatuengatik ere opariak eskaini behar ditu,
herriaren bekatuengatik bezala.
Nehork ez dezake apez nagusigoaren ohorea beretzat har,
Jainkoak deitua ez bada, Aaron bezala.
Horrela, Kristok ere ez dio berak eman bere buruari
apez nagusigoaren ospea,
Jainkoak baizik , hunela hitz egin baitzion :
“ Nere Seme zira zu, nik zaitut gaur sortu.”
Beste salmo batean ere hau erraiten dio :
“ Apez zira zu betiko, Melkizedeken iduriko.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Goretsia izan bedi Jauna gure Jainkoa :
Ilunbetan daudenak goratik argitu ditu.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 10, 46-52.
Jesus bere dizipuluekin eta jendalde handiarekin
Jerikotik ateratzean,
Timeren semea, Bartime eskale itsua bide bazterrean jarririk zagon.
Nazareteko Jesus zela jakitean, oihuka hasi zen:
“ Jesus, Dabiden Semea, urrikal zakizkit ! ”
Ainitzek larderiatzen zuten ixilarazteko,
bainan harek are gehiago oihu egiten zuen :
“ Dabiden Semea, urrikal zakizkit ! ”
Gelditu eta Jesusek erran zuen : “ Dei egiozue.”
Itsuari dei egin eta erran zioten :
“ Gora bihotza ! Jeiki, deitzen zaitu.”
Bere soingainekoa aurtikiz, jauzian xutitu
eta Jesusenganat joan zen.
Jesusek erran zion :
“ Zer nahi duzu egin diezadazun ?”
Itsuak ihardetsi:
“ Rabbuni, ikus dezadan.”
Eta Jesusek erran zion :
“ Zoazi, zure fedeak salbatu zaitu.”
Ordu berean ikusten hasi zen,
eta Jesusi jarraikitzen zitzaion bidean.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Andiazabal, “Mezetako deiak”, B, 2
Bataioko sakramenduari esker, Kristorekin apez gira guziak, gure haurride guzien alde otoitz egiteko hautatuak. Gure apez- zerbitzu hori bete dezagun orai.
1. Eri, itsu, esperantzarik gabe direnentzat: osasuna, bihotzeko argia eta bizitzeko gogoa emanen dizkieten lagunak kausi ditzaten, egin dezagun otoitz.
2. Gerlak, lan-gabeziak eta injustiziek beren herritik haizatuak direnentzat: bizi diren tokietan onhartuak izan diten, egin dezagun otoitz.
3. Mundu huntako mediku, jakintsun eta teknikalarientzat: Jainkoak eman argiaz eta dohainez balia diten gizonaren zerbitzuko, egin dezagun otoit.
4. Hemen bilduak garenentzat: Jainkoak eman argia orotan heda dezagun, bereziki fede-bila dabiltzaneri agertuz, egin dezagun otoitz.
Jainko gure Aita,
itsuen argia eta bekatorosen adixkidea zira:
luza, otoi, zure esku indartsua itsumandoka gabiltzanen alde.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
Parropia bakotxak egokitu behar du