Jeremi profetaren liburutik 23, 1-6.
Hau dio Jaunak:
Dohakabeak nere larreko ardiak galtzera
eta barreiatzera uzten dituzten artzainak !
Beraz, hunela mintzo zaiote Jauna, Izraelen Jainkoa,
nere herria gidatzen duten artzainer i:
Zuek barreiatu eta galarazi dituzue nere ardiak,
eta ez duzue heietaz artarik izan.
Nik bai, zuetaz arta izanen dut, zuen gaixtakeriengatik, dio Jaunak.
Gero, nihaurek bilduko ditut nere artaldearen ondarrak,
barreiatu nituen lurralde guzietarik.
Beren larreetarat ekarriko ditut berriz, haziko dira eta ugarituko.
Ongi zainduko dituzten artzainak sortuko diozkatet ;
ez dira nehoiz beldurtuko, ez izituko,
eta ez da bat ere galduko, dio Jaunak.
Horra egunak, dio Jaunak, Dabidi muskil zuzen bat sortuko baitiot.
Egiazko errege izanen da, zentzuz ariko da,
zuzentasuna eta justizia ezarriko ditu lurrean.
Haren egunetan Juda salbatuko da, eta Izrael segurtasunean biziko.
Eta izen hau emanen diote : “ Jauna gure justizia.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
22. Salmoa
Jauna dut artzain, ez naiz egonen beharrean.
Jauna dut artzain, ez naiz egonen beharrean,
Zer gainetarat nerabilan !
Ur bazterreko pausa lekurat banerama,
Pitz dakitan, hor pitz arima.
Haren ondotik bide zuzenez ni banoa :
Haren izena zein gozoa !
Ilunbez ala gaitz-erreketan joanik ere,
Nik ez beldurrik, hor baitzare.
Zure begia, zure makila hor direno,
Badut nik bake, badut gozo.
Zuhauk dautazu ezartzen neri mahain xuri,
Etsai guzien harrigarri.
Ixurtzen duzu nere bururat usain ezti,
Basoan badut gaindiz gaindi.
Nik zoriona eta grazia ditut lagun,
Nere bizian gau-ta egun.
Banago eta Jaun zerukoa den etxean,
Epe luzerik luzenean.
Jondoni Paulok Efesako girixtinoeri 2, 13-18.
Haurrideak,
lehen Jainkoarenganik urrun zineztenak,
orai hurbildu zirezte Kristoren odolari esker.
Alabainan, Kristo da gure bakea :
bat egin ditu bi herriak, Izrael eta paganoak,
bere gorputza emanik,
berexten zituen hesia, etsaigoa desegin baitu,
Moisen legea bere manamendu eta arauekin baliogabetuz.
Batak eta besteak horrela bildu nahi zituen, bakea eginez,
eta bere baitan gizaki berri bakarra sortu.
Batak eta besteak, gorputz batean bildurik,
Jainkoarekin adiskidetu nahi zituen gurutzearen bidez :
bere baitan, etsaigoa hil du.
Bakearen berri ona ekartzera etorri da,
bakea zueri, urrun zinezteneri, bakea hurbil zireneri.
Alabainan, batzu eta besteak hurbil gaitezke
Aitarenganat, Izpiritu beraren baitan.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Jesus, Artzain onak bere ardiak ezagutzen ditu,
eta ardiek ezagutzen dute, heientzat bere bizia eman baitu.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 6, 30-34.
Beren lehen misionearen ondotik,
Apostoluak Jesusenganat bildu zirenean,
egin eta irakatsi guziaren berri eman zioten.
Jesusek erran zioten :
“ Zatozte zuek, berex, leku bazter baterat,
eta har atseden pixka bat.”
Ainitz baitziren joan-jinka zabiltzanak, jateko astirik ere ez zuten.
Joan ziren beraz untziz leku bazter baterat, berex.
Joaiten ikusi zituzten, eta ainitzek ezagutu ;
orduan, oinez, hiri guzietarik, lasterka joan eta aitzindu zituzten.
Untzitik jaustean, Jesusek jendetza handia ikusi zuen.
Urrikaldu zitzaioten, artzainik gabeko ardiak bezala baitziren.
Orduan, luzaz irakasten hasi zitzaioten.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Andiazabal, “Mezetako deiak”, B, 2
Jainkoak bere herria biltzen du, eta artzain erneak bezala gidatzen. Itzul gaiten hari buruz.
1. Elizaren artzainentzat: bihotza gizonen beharreri zabal diezoten, eta heien solasa izan dadin Jainko-amodioaren oiharzun, egin dezagun otoitz.
2. Misionestentzat: etsitu gabe berma diten beren sailari, Jaunaren arditegiko ateak guzieri zabaltzeko, egin dezagun otoitz.
3. Katixima-erakasleentzat: Jainkoaren Hitzaren lekuko suhar izan diten, eta Artzain onaren mintzoaren adiarazle zintzo, egin dezagun otoitz.
4. Gure biltzarre hau beti zabalik dagokioten guzieri, nehor baztertu gabe, egin dezagun otoitz.
Jainko guziz ona,
neurrigabeko pazientziarekin maite ditutzu zure haur guziak. Emaguzu guri ere berdin egitea.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
Parropia bakotxak egokitu behar du