Kronikak bigarren liburutik 36, 14-16. 19-23.
Zedeziaz erregearen denboran,
apezburu guziek eta herriak
gaixtakeria gaixtakeriaren gainean egiten zuten
atzerritarren ohidura higuingarrieri jarraikiz,
eta Jaunak Jerusalemen sagaratua zuen tenplua zikindu zuten.
Heien arbasoen Jainkoak, behin baino gehiagotan
abisuak igorri ziozkaten bere mezularien bidez
bere Egoitzaz eta bere herriaz urrikaldu baitzen.
Bainan heiek Jainkoaren mezulariak trufatu zituzten,
haren hitzak gutietsi eta haren profetak irriz hartu.
Azkenik, Jaunak bere herriaren kontra zuen hasarreak
gaindi egin zuen, eta ez zen salbabiderik izan.
Babiloniarrek Jainkoaren etxea erre zuten,
Jerusalemeko harresiak bota, haren jauregieri su eman,
eta hiriko gauza eder guziak hondatu.
Ezpatari ihes egin zuten guziak
Babiloniarat ereman zituen Nabukodonozorek desterrurat ;
eta han erregearen eta haren semeen esklabo izan ziren,
Perziarrak nagusi jarri ziren arte.
Horrela bete zen Jaunak Jeremi profetaren ahoz errana :
Lurra hondatua izanen da eta atseden hartuko du
hiruetan hogeita hamar urtez,
horrela ordaindu arte larunbat-lege hausteak.
Perziako errege Ziroren lehen urtean,
Jeremiren ahoz Jaunak erran hitza bete zadin,
Jaunak Ziro Perziako erregeren izpiritua argitu zuen.
Eta Zirok manu hau zabaldu zuen hitzez eta izkirioz
bere erresuma osoan :
Hunela dio Perziako errege Zirok :
“ Lurreko erresuma guziak eman dauzkit Jaunak, zeruko Jainkoak,
eta manatu daut hari tenplu baten eraikitzeko Judako Jerusalemen.
Beraz, zuen artean haren herriko diren guziek
izan bezate Jainkoa berekin eta igan bitez Jerusalemerat.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
136. Salmoa
Zoin zaren ona, orroit, Jauna,
eta jar zaite gure alde !
Babiloneko ur bazterretan ginen jarri,
Eta nigarrak Ziongo minez hor ixuri.
Zurxurietan dilindaka
Eman ginuen xirribika.
Gu horrat bildu gizonek guri : jo kantu, jo !
Minez asetzen gintuzten jendek : bozkario!
Eman Ziongo zerbait kantu :
Behar da boztu eta piztu !
Guk Jainkoaren kantu saindurik nolaz kanta,
Jerusaleme atzerrirako utzi-eta ?
Ez banaiz zutaz orroit beti
Nere eskua eihar bedi.
Nere mihia idor dadila nola taula,
Bizi naizeno zu ahantzirik banabila.
Neri zorigaitz, ez badut nik
Jerusaleme maiteenik.
Jondoni Paulok Efesako girixtinoeri 2, 4-10.
Haurrideak,
urrikalmenduz aberatsa da Jainkoa ;
neurrigabeko maitasunez maite gaituelakotz,
gure hobenengatik hilak ginelarik,
bizia eman dauku Kristorekin :
bai, grazia hutsez salbatuak zirezte.
Harekin piztu gaitu, harekin zeruetan jarrarazi,
Kristo Jesusekin batean.
Hola, Kristo Jesusen baitan guretzat hain ona izanez,
geroko gizaldieri agertu nahi izan diote
bere graziaren aberastasun ezin handiagoa.
Bai grazia hutsez salbatuak zirezte fedearen bidez.
Eta hori ez da zuenganik heldu, Jainkoaren dohaina da.
Ez da zuen egintzetarik heldu, nehor ez dadin harro izan hortaz.
Alabainan, Jainkoak eginak gira,
Jesu Kristoren baitan kreatu gaitu, ongia egin dezagun,
Jainkoak guretzat aitzinetik erabakia duen bezala.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Jesu Kristo guri mintza, argi gure bihotza.
Jainkoak hain maite izan du mundua,
Non bere Seme bakarra eman baitu.
Haren baitan sinesten duenak badu betiereko bizia.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 3, 14-21.
Moisek basamortuan brontzezko sugea altxatu zuen bezala,
hala altxatua izan behar du Gizonaren Semeak,
sinesten duten guziek haren bidez betiko bizia izan dezaten.
Alabainan, Jainkoak hain maite izan du mundua,
non bere Seme bakarra eman baitu:
haren baitan sinesten duenik nehor gal ez dadin,
bainan betiereko bizia izan dezan.
Zeren Jainkoak ez baitu bere Semea mundurat igorri
munduaren jujatzeko,
bainan haren bidez mundua salbatua izan dadin.
Haren baitan sinesten duena ez da jujatua ;
sinesten ez duena jadanik jujatua da,
Jainkoaren Semearen izenean ez baitu sinetsi.
Eta jujamendua hau da: argia mundurat etorri da,
eta gizakiek ilunbea nahiago izan dute argia baino,
heien egintzak gaixtoak zirelakotz.
Alabainan, gaizkia egiten duenak hastio du argia :
ez da argitarat heldu, haren egintzak agerian geldi ez daitezen.
Bainan egiaren arabera ari dena, argitarat heldu da,
haren egintzak Jainkoak nahi bezalakoak direla ager dadin.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Andiazabal, “Mezetako deiak”, B urtea, 1
Bere Semea munduari eman dion Aitari erakuts ditzogun munduaren beharrak.
1. Elizarentzat: Jainkoaren amodio neurrigabe horren lekuko leial eta kartsu izan dadin beti, egin dezagun otoitz.
2. Desterruan direnentzat, arrotz herrietarat nahi ta ez igorriak direnentzat:
ukan dezaten etxerat itzultzeko zoriona, egin dezagun otoitz.
3. Girixtinoak eta jende pobreak pertsekutatzen dituztenentzat:
Jaunak argi ditzan heien bihotzak, bai eta gureak ere, egin dezagun otoitz.
4. Jaunaren amodioak hemen bildu gaituenentzat:
lan egin dezagun, gure grazien arabera, Jaunaren tenplo berria den Eliza xutik ezartzen.
egin dezagun otoitz.
5. Garizuma ondar hau ongi balia dezagun, bekatuaren ilunbeetarik jalgi-eta, Jaunaren argirat joaiteko, egin dezagun otoitz.
6. Jerusaleme berriaren aiduru bizi gaiten, Jaunaren amodioa nausi izanen den mundu bat eraikiz, egin dezagun otoitz.
Jainko gure Aita, sinesten dugu zuk gaitutzula salbatzen,
ez guk mereziari behatuz, bainan zure graziaren bidez.
Fidantziaz beterik gaude, zure ganik ardietsiko dugula salbamendua.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
Parropia bakotxak egokitu behar du