Lehen irakurgaia

Jalgitza liburutik 20, 1-17.

Zinai mendian,
Jaunak hitz hauek guziak erran zituen :
“ Ni naiz Jauna, zure Jainkoa,
Egiptoko lurraldetik, esklabutza etxetik atera zaitudana.
Ez duzu izanen nitaz beste jainkorik.

Ez duzu eginen idolorik, ez itxurarik, goiko zeruan,
behereko lurrean edo lurpeko uretan direnetarik.
Ez zira ahuspez emanen itxura horien aitzinean, heien adoratzeko.
Ni, Jauna,zure Jainkoa, Jainko jeloskorra bainaiz.
Hastio nauten aiten gaixtakeria haurren baitan gaztigatzen dut
hirugarren eta laugarren gizaldiraino ;
bainan milagarren gizaldiraino agertzen diotet urrikalmendua
ni maite nauteneri eta nere manamenduak begiratzen dituzteneri.

Ez duzu Jaunaren, zure Jainkoaren izena erabiliko gaizkirako,
Jaunak ez baitu gaztigurik gabe utziko
haren izena gaizkirako erabiltzen duenik.
Izan gogoan larunbat eguna, Jaunari sagaratzeko.

Sei egunez ariko zira lanean, eta eginen zure lan guziak ;
bainan zazpigarren eguna atseden eguna duzu,
Jaunari, zure Jainkoari, eskainia :
ez duzu egun hortan batere lanik eginen,
ez zuk, ez zure semeak, ez zure alabak,
ez zure mutilak, ez zure neskatoak, ez zure abereek,
ez eta zure etxean bizi den etorkinak ere.
Alabainan, Jaunak sei egunez egin ditu zeru-lurrak,
itsasoa eta horietan diren guziak,
eta atseden hartu zuen zazpigarren egunean.
Horra zergatik Jaunak benedikatu zuen larunbata, eta saindu egin.

Ohora aitamak, luzaz bizi zaitezen,
Jaunak, zure Jainkoak, emaiten dautzun lurraldean.
Ez nehor hil.
Ez egin adulteriorik.
Ez ebats.
Ez egin gezurrezko lekukotasunik hurko lagunaren kontra.
Ez gutizia hurko lagunaren etxerik, ez haren emazterik, ez mutilik,
ez neskatorik, ez idirik, ez astorik, ez eta deus harena denik.

EDO BERTSIO LABURRA :

Jalgitza liburutik 20, 1-3. 7-8. 12-17.

Zinai mendian,
Jaunak hitz hauek guziak erran zituen :
“ Ni naiz Jauna, zure Jainkoa,
Egiptoko lurraldetik, esklabutza etxetik atera zaitudana.
Ez duzu izanen nitaz beste jainkorik.

Ez duzu Jaunaren, zure Jainkoaren izena erabiliko gaizkirako,
Jaunak ez baitu gaztigurik gabe utziko
haren izena gaizkirako erabiltzen duenik.
Izan gogoan larunbat eguna, Jaunari sagaratzeko.

Ohora aitamak, luzaz bizi zaitezen,
Jaunak, zure Jainkoak, emaiten dautzun lurraldean.
Ez nehor hil.
Ez egin adulteriorik.
Ez ebats.
Ez egin gezurrezko lekukotasunik hurko lagunaren kontra.
Ez gutizia hurko lagunaren etxerik, ez haren emazterik, ez mutilik,
ez neskatorik, ez idirik, ez astorik, ez eta deus harena denik.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

18. Salmoa
Betiereko bizirako
hitzak ditutzu, Jesu Kristo !

Jainko legea on ona da,
Bihotz gogoen pizgarria.
Jaunaren hitza ezin alda,
Jende lañoen zuhurtzia.

Haren manuak beti zuzen,
Bihotzarentzat bozkario.
Garbiki dute joanarazten,
Soari argi baitzaizkio.

Jainko beldurra zoin garbia,
Menderen mende garbi doa.
Jaunak errana zoin egia,
Gezur izpirik gabekoa.

Urrea ez da hain dirdira,
Den garbiena balitz ere.
Eztiak ez du gozo hura :
Jaunaren hitzek non zer pare ?


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Korintiarreri 1a : 1, 22-25.

Haurrideak,
Juduak Mesiasen ezaugarri eske dabiltza,
eta paganoak zuhurtzia bila.
Guk, Mesias gurutzefikatua predikatzen dugu,
juduentzat eskandala, paganoentzat erokeria dena.
Bainan Jainkoak deitu dituenentzat, izan diten Judu ala Greka,
Mesias hori Jainkoaren indar eta Jainkoaren zuhurtzia da.
Zeren Jainkoaren erokeria gizakiak baino zuhurragoa da,
eta Jainkoaren ahulezia gizakiak baino indartsuagoa.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Jesu Kristo guri mintza, argi gure bihotza.
Goraipa Kristo Jauna :
Haren baitan, haren gorputzean dago
Jainkotasunaren bete betea.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 2, 13-25.

Hurbil zen Juduen Bazko-besta eta Jesus Jerusalemerat igan zen.
Tenpluan merkatariak aurkitu zituen idi, ardi eta uso saltzen,
eta diru-trukalariak ere, han jarrririk.
Sokaz azote bat eginik,
Tenplutik haizatu zituen denak, bai eta ardi eta idiak ere,
trukalarien diruak barreiatu eta mahainak uzkaili.
Uso-saltzaileeri erran zioten :
“ Ken horiek hemendik !
Ez egin nere Aitaren etxea merkatu-etxe.”
Haren dizipuluak oroitu ziren izkiriatua dela :
Zure etxearen maiteminak erreko nau.
Juduek orduan galdatu zioten:
“ Zer ezaugarri emaiten daukuzu horren egiteko ?”
Jesusek ihardetsi zioten:
“ Suntsi zazue Tenplu hau, eta hiru egun barne berriz eraikiko dut.”
Juduek erran zioten:
“ Berrogeita sei urte behar izan dira Tenplu hunen egiteko,
eta zuk hiru egun barne berriz eraikiko duzula ?”
Hura, ordea, bere gorputzaren tenpluaz ari zen.
Horrengatik, hilen artetik piztu zenean,
oroitu ziren haren dizipuluak hori erran zuela ;
eta sinetsi zuten liburu Saindua, bai eta Jesusek erran hitza.
Jerusalemen zagolarik Bazko-bestako,
ainitzek sinetsi zuten haren baitan,
egiten zituen ezaugarriak ikusi-eta.
Bainan Jesus bera ez zen heietaz fida, denak ezagutzen baitzituen,
eta ez baitzuen nehork gizonaz argitze beharrik,
berak baitzakien zer dagon gizakiaren baitan.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Andiazabal, “Mezetako deiak”, B urtea, 1

Jesu Kristo Aitaren ondoan dago, gure alde otoitzean.
Fidantziarekin ager ditzogun gure galdeak gizon guzientzat.

1. ” Zure etxearen karrak erretzen nau.”
Eliza sainduarentzat: deneri idekia egon dadin,
gizon guzientzat otoitz etxe, otoizten zaitugu, Jauna!

2. ” Jaunaren manuak beti zuzen.”
Gure kargudun eta gobernari guzientzat:
heiek egin legeak izan diten onak eta zuzenak, otoizten zaitugu, Jauna!

3. ” Zure gurutzea Juduentzat eskandala, paganoentzat errokeria.”
Ebanjelioaren berri ez dakitenentzat:
zure gurutzean ezagut dezaten Aitaren zuhurtzia
eta haren amodioaren indarra, otoizten zaitugu, Jauna !

4. ” Zure populua esklabo etxetik atera zinuen.”
Ez jakinaren ilunbean, pekatuaren pean daudenentzat:
zure Ebanjelioak libra ditzan, otoizten zaitugu, Jauna!

5. ” Zure legea begien argi, eztia baino gozoagoa.”
Guhaurentzat, zure haur guziek sendi dezagun zure Hitzaren gozoa.
otoizten zaitugu, Jauna!

Jesus Jauna, saltzaleak Tenplotik haizatu zinituen.
Gure bihotzak Izpiritu Sainduaren egoitzak baitira,
ken-azu gure baitarik hastio duen guzia,
eta bete gaitzazu zure maitasunaren beteaz.
Errege baitzira gizaldi eta gizaldietan.

Parropia bakotxak egokitu behar du