Lehen irakurgaia

Jeremi profetaren liburutik 20, 7-9.

Lilluratu nauzu, Jauna, eta ni zure lillurapean erori ;
bortxatu nauzu, eta meneratu.
Irringarri naiz orai, egun guzian, trufaka ari zaizkit denak.
Mintzo naizen aldi bakotxean, oihu eta garrasi egiteko da :
“ Indarkeria eta lapurketa ! ”
Jaunaren hitza laido eta trufa-bide da neretzat egun guzian.
Nere baitan erraiten nuen :
“ Ez naiz gehiago hartaz orroituko,
ez naiz gehiago haren izenean mintzatuko.”
Bainan bazen nere baitan sua bezalako zerbait
hezurretaraino erretzen ninduena.
Entsaiatzen nintzen itotzera, bainan ezin.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

62. Salmoa
Egarriz noa, deika noa,
noiz ikus ote, noiz Jainkoa.

Nere Jainkoa, goizetik noa zure bila :
zutaz egarri banabila.
Lur agortua uriz egarrri den bezala,
ni zure minak nerabila.
Zauden etxean zu, Jauna, ikus zaitzadala,
indarrez, ospez hoin zabala.

Bizia baino zure grazia gozoago ;
zuri gogotik kantuz nago.
Jaun izenari nere bizian laudorio :
eskuak luze nagokio.
Nere arimak Jauna du Jauna gozoz gozo :
nere ezpainek bozkario.

Izan zare zu nere laguntza gal bidean :
gostuz nagozu hegalpean.
Nere arima badago tinki zure ondoan,
atxik beti ni Zuk eskuan.


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Erromanoeri 12, 1-2.

Haurrideak, otoizten zaituztet, Jainkoaren urrikalmenduarengatik,
zuen buruak eskain ditzazuen opari bizi,
saindu eta atsegingarri Jainkoarentzat :
hori da egiazko zuen adorazionea.
Ez zaitezte mundu hunen iduriko egin,
bainan alda zaitezte, zuen pentsa-moldeak berrituz :
Hola berexten ahalko duzue zer den Jainkoaren nahia,
zer den ona, atsegingarri zaiona eta on baino hobea.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Jesu Kristoren Aitak gutan bihotz begiak argi bitza,
jakin dezagun norat doan deituak giren esperantza.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 6, 21-27.

Petrik Jesusi errana zion :
“ Zu Mesias zira, Jainko biziaren Semea.”
Ordutik hasi zen Jesus bere dizipulueri agertzen,
Jerusalemerat joan behar zuela,
eta han ainitz sofritu zahar, apezburu eta lege-irakasleenganik,
hilen zutela eta hirugarren egunean piztuko zela.
Jesus berex harturik, Petri hasi zitzaion erasiaka :
“ Ez balinba, Jauna ! Ez zaitzu holakorik gertatuko.”
Bainan Jesusek, itzulirik, Petriri erran zion :
“ Ken nere aitzinetik, Satan ! Erorbide zira neretzat,
zure gogoetak ez baitira Jainkoarenak, bainan gizonenak.”
Orduan Jesusek bere dizipulueri erran zioten :
“Nere ondotik etorri nahi duenak uko egin bezo bere buruari,
har beza bere gurutzea, eta jarraik bekit.
Alabainan, bere bizia salbatu nahi duenak galduko du ;
bere bizia neregatik galduko duenak, aldiz, aurkituko du.
Zertako du gizakiak mundu guziaren irabaztea,
bere bizia galtzen badu ?
Eta zer eman dezake bere biziaren ordain ?
Zeren, Gizonaren Semea etorriko da bere aingeruekin
bere Aitaren aintzan ;
eta orduan, bakotxari bere obren arabera ordainduko dio.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

(Pierre Andiazabal apeza, Mezetako deiak A urtea – sail berria)

Haurrideak, egin dezagun otoitz mundu huntako hersturen gainerat jeiki dadin piztearen argia.

1- Elizaren baitan Jeremik bezala, beren zerbitzua uzteko tentazionea dutenentzat : Jaunaren amodioaren suak erre ditzan heien bihotzak, egin dezagun otoitz.

2- Kristoren egiaren edo zuzentasunaren amodioz pertsekuzionea jasaiten duten gure haurrideentzat : esperantzan sendo iraun dezaten, egin dezagun otoitz.

3- Kurutze dorpe bat jasaiten dutenentzat, eri, langabetu, desterratu eta bertze : sendi dezaten Kristo hiletarik piztuaren presentzia beren ondoan, egin dezagun otoitz.

4- Guhaurentzat : jakin dezagun gure bizia galtzen Jainkoaren eta gure haurrideen zerbitzuko, egin dezagun otoitz.

Jainko Jauna,
gure urrats guzietan zure nahiaren egitea galdatzen daukuzu. Onar-azu gure libertatearen eskaintza,
beti zure eskuetan izan gaiten. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Parropia bakotxak egokitu behar du