Lehen irakurgaia

Erregeen lehen liburutik 3, 5. 7-12.

Jauna gauaz agertu zitzaion ametsetan Zalomoni, Gabaonen,
eta erran zion :
“ Galda nahi duzuna, eta nik emanen dautzut.”
Zalomonek ihardetsi :
“ Jauna, nere Jainkoa, zuk egin nauzu errege
nere aita Dabiden ordez ;
ni, ordea, gazte hutsa naiz, ez dakit nola goberna,
eta huna zuk hautatu herriaren erdian nagola ;
herri handia da, hain handia non ez baititake neurtu, ez eta konda.
Emozu zure zerbitzariari bihotz zentzuduna,
zure herriaren gidatzeko, eta ongia gaizkitik berexteko ;
bestela, nola gida hain handia den zure herria ? ”
Galde horrek atsegin eman zion Jaunari ; eta erran zion :
“ Hori eskatu duzulakotz, eta ez zuretzat urte ainitz,
ez eta aberastasunak, edo zure etsaien heriotzea,
bainan bai zuzen erabakitzeko zuhurtzia,
nik egiten dut zuk errana,
eta emaiten dautzut bihotz zuhur eta jakintsuna,
zuk baino lehen nehork izan ez duen bezalakoa,
ez-eta zure ondotik nehork izanen.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

118. Salmoa
Jaun zerukoa, zoin dutan maite zure legea !

Hau dut bizia, hau dut guzia bai nik Jauna :
Egin nahi dut zuk errana.
Zure ahoko legeak hobe du balio
Urre, zilarrez milek baino.

Pizgailu bekit zure betiko bihotz ona,
Neri baituzu hitzemana.
Bizi nadien ixur nasaiki amodio,
Zure legea hain dut gozo.

Hargatik ditut manamenduak bihotzean :
Ez zait urrea deus aldean
Hargatik hautuz zuk nahiari nagokio :
Gezur bidea dut hastio.

Eman ditutzu manamenduak miragarri :
Hargatik naiz ni hoitan ari.
Zuk erran hitza entzuleentzat zer argia :
Bihotz lañoen bidaria.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Erromanoeri 8, 28-30.

Haurrideak,
badakigu Jainkoa maite dutenentzat,
gauza guziak onerako bideratzen dituela,
haren erabakiaren arabera deituak direnaz geroz.
Aitzinetik ezagutu dituenak, aitzinetik ere hautatu ditu Jainkoak,
bere Semearen idurirat izan daitezen,
eta hola, Semea haurride ainitzen artean lehen-seme izan dadin.
Aitzinetik hautatu dituenak, deitu ere ditu ;
deitu horiek, berriz, zuzen egin,
eta zuzen egin ditueneri bere aintza eman diote.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Eskerrak zuri, Jainko Aita, zeru-lurren Jaun betikoa :
Haur ttipieri baititutzu Erresumako mixterioak agertuak.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 13, 44-52.

Jesusek parabola hauk erran ziozkan jendeari :
“ Zeruetako Erreinuak iduri du diruketa bat, landa batean gordea.
Norbaitek aurkitzen duelarik, berriz gordetzen du,
eta lorietan badoa,
dituen guziak saltzen ditu, eta landa hura erosten.
Edo oraino :
Zeruetako Erreinuak iduri du perla ederketa dabilan tratularia :
Balio handiko perla bat aurkitzen duenean, badoa,
dituen guziak saltzen ditu, eta perla erosten.
Edo oraino, Zeruetako Erreinuak iduri du
itsasorat botatzen den sare bat,
eta mota guzietako arrainak biltzen dituena.
Betea denean, itsas-bazterrerat ateratzen dute,
eta jarririk, onak saskietarat biltzen dituzte
eta tzarrak kanporat botatzen.
Berdin izanen da munduaren azkenean :
aingeruak etorriko dira, gaixtoak zuzenetarik berexiko dituzte,
eta su-laberat botako.
Han izanen da nigar eta hortz-karraska
Horiek oro konprenitu ditutzue ?”
Heiek ihardetsi zioten : “Bai.”
Jesusek orduan :
“ Beraz, zeruetako Erreinuko ikasle
egin den lege-irakasleak iduri du
bere gordailutik zahar eta berri ateratzen duen etxeko jauna.”

EDO BERTSIO LABURRA :

Jesu Kristoren Ebanjielioa jondoni Matiuren liburutik 13, 44-46.

Jesusek parabola hauk erran ziozkan jendeari :
“ Zeruetako Erreinuak iduri du diruketa bat, landa batean gordea.
Norbaitek aurkitzen duelarik, berriz gordetzen du,
eta lorietan badoa,
dituen guziak saltzen ditu, eta landa hura erosten.
Edo oraino:
Zeruetako Erreinuak iduri du perla ederketa dabilan tratularia :
Balio handiko perla bat aurkitzen duenean, badoa,
dituen guziak saltzen ditu, eta perla erosten.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.