Lehen irakurgaia

Zakari profetaren liburutik 9, 9-10.

Hau dio Jaunak :
Bozkaria zaite, Ziongo alaba, bozkaria !
Egizu alegrantziaz oihu, Jerusalemeko alaba !
Hor datorkizu zure Erregea, zuzen eta garaile,
umil eta asto baten gainean, astakume baten gainean.
Harek kenduko ditu Efraimeko gudu-karroak
eta Jerusalemeko zaldiak ;
Harek hautsiko ditu gudu-arkuak,
eta bakea iragarriko diote jendaldeeri.
Haren nagusitasuna itsasotik itsasoraino,
Eufrates ibaitik lurraren azken mugetaraino.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

144. Salmoa
Zure izena dut goretsiko mendez mende.
Zu zaitut Jainko, zu errege !

Bai gora Jauna, zu zaitut Jainko, zu errege :
Zure izena dut aipatuko mendez mende.
Zuri eskerrak egun guzian zeru alde.
Goretsiko dut zure izena mendez mende.

Eztia eta guziz ona da gure Jauna :
Urrikaltsua eta bihotzik nasaiena.
Mundu guziko guzientzat da ona Jauna :
Egin dituen ororentzat du bihotz ona.

Zuhauk eginek,Jauna, goraipa zaitzatela :
Zure gizonek eskerrak zuri, zor bezala.
Zuk erresuman duzun ospea diotela,
Aipa ere bai zure besoan den ahala

Egia Jaunak, beti egia erranetan ;
Saindu da eta dena bihotz da egintzetan.
Jaunak laguntzen bidean ezin joan guziak ;
Altxatzen ditu berak altxatzen eroriak.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Erromanoeri 8, 9. 11-13.

Haurrideak,
ez zabiltzate haragiaren arabera, bainan Izpirituaren arabera,
Jainkoaren Izpiritua zuen baitan denaz geroz.
Norbaitek Kristoren Izpiritua ez badu, hori ez da Kristorena.
Bainan Jesus hilen artetik piztu duenaren
Izpiritua zuen baitan bizi bada,
hilen artetik Jesus piztu zuenak
zuen gorputz hilkorrak ere biziaraziko ditu
zuen baitan bizi den Izpirituaren bitartez.
Zorretan gaude beraz, haurrideak, bainan ez haragiaren aldera,
haren arabera bizitzeko.
Horrela bizi bazirezte, hilen zirezte;
bainan, Izpirituaren bidez
giza egintza gaixtoak hiltzen baditutzue, biziko zirezte.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Eskerrak zuri, Jainko Aita, zeru-lurren Jaun betikoa !
Haur ttipieri baititutzu Erresumako mixterioak agertuak.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 11, 25-30.

Egun hartan, Jesus mintzatu zen, erranez:
“ Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna,
gauza horiek zuhur eta jakintsuneri gorde baititutzu,
eta ttipieri agertu.
Bai, Aita, hori izan duzu atsegin.
Nere Aitak denak eman dauzkit.
Nehork ez du Semea ezagutzen, Aitak baizik,
eta nehork ez du Aita ezagutzen, Semeak baizik,
eta Semeak agertu nahi dionak.
Zatozte nereganat, nekatuak eta zamapean zirezten guziak,
eta nik atsedena emanen dautzuet.
Har zazue nere uztarria ;
eta ikas nereganik, eztia eta bihotz-apala bainaiz ;
eta aurkituko duzue atseden zuentzat.
Bai, jasan errexa da nere uztarria, eta arina nere zama.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Parropia bakotxak egokitu behar du