Lehen irakurgaia

Izai profetaren liburutik 11, 1-10.

Jainko Jaunaren Hitza :
Jezeren zuhaitz-ondotik sortuko da aldaxka bat,
haren errotik jaliko muskil bat.
Haren gainean pausatuko da Jaunaren izpiritua :
zuhurtzia eta adimenduzko izpiritua,
argi eta indarrezko izpiritua,
jakitate eta Jaunaren beldurrezko izpiritua,
Jaunaren beldurraz baitu beteko.
Ez du jujatuko begiek ikusiaren arabera,
ez da mintzatuko beharriek adituaren arabera.
Zuzen erabakiko du xumearen auzia,
eta zuzenbidez jujatuko herriko behartsuak.
Zigor baten pare, haren hitzak joko du gaixtoa,
haren ezpainetako hatsak hilen gaixtagina.
Zuzentasuna izanen da haren gerrikoa,
eta leialtasuna haren gerriko uhala.
Otsoa bildotsarekin biziko da,
lehoinabarra ahuñarekin etzanen,
aratxea eta lehoikumea elgarrekin alatuko dira,
eta haurtxo bat izanen dute artzain.
Behia eta hartza bazka berean alatuko dira,
heien umeak elkarrekin etzanen.
Lehoinak, idiak bezala, lastoa janen du.
Bularreko haurra suge-zilo gainean jostatuko da,
eta bularra utzi berriak, bere eskua suge gorriaren kafian sartuko.
Ez du gehiago nehork ez gaizkirik ez funditzerik eginen
nere mendi saindu guzian.
Itsasoa urez betea den bezala,
lurraldea ere Jaunaren ezagutzaz beteko baita.
Egun hartan, Jezeren muskil berria
herrien ikurrintzat altxatuko dute:
herriak haren bila etorriko dira,
eta ospetsua izanen da haren egoitza.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

71. Salmoa
Zuzentasuna harekin zaiku argituko
eta bakea sekulako.

Emozu, Jauna, zure argia erregeri,
Zuzen dabilan, zu iduri.
Zuzenki bezo mana zure den jendeari,
Zure xumentzat zuzen ari.

Haren urtetan zuzentasuna dena lore ;
Lurra lur deno, denek bake.
Hak itsasotik itsasoraino denak bere,
Ibaiak eta lurrak ere.

Lagunduko du oihuz ari den behartsua
Eta guziek ukatua.
Dohakaberi luzatuko du maiz eskua
Heien zain dago apaldua.

Haren izena on aipagarri sekulako,
Iguzkiaren iduriko.
Hari jo-eta, on eta saindu denak oro,
Guziek hura goretsiko.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Erromanoeri 15, 4-9.

Haurrideak,
Liburu sainduetan lehen izkiriatu guzia
gure argitzeko izkiriatua izan da,
gure iraupenari eta Liburu sainduek emaiten duten kuraiari esker
esperantza izan dezagun.
Iraupenaren eta kuraiaren iturri den Jainkoak
eman diezazuela elkarrekin akortean bizitzea,
Jesu Kristok nahi bezala.
Orduan, bihotz batez eta aho batez goretsiko duzue Jainkoa,
Jesu Kristo gure Jaunaren Aita.
Beraz, egiozue ongi etorri elkarri
Kristok ongi etorri egin dautzuen bezala, Jainkoaren aintzarako.
Alabainan, hitz dautzuet: Kristo Juduen zerbitzari egin da,
Jainkoak arbasoeri egin agintzen betetzeko,
eta hola , Jainkoa leiala dela erakusteko.
Eta herrialde paganoek Jainkoa goresten dute,
haren urrikalmenduaren gatik.
Hau dio, hain zuzen, Liburu Sainduak :
Nazioneen artean goretsiko zaitut, Jauna,
eta zure izenari eginen diot kantu.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Apain zozue bere bidea Jainkoari,
Haren bidexkak zuzen egin.
Gizon guziek laster dute
Jainko Jaunaren salbamendua ikusiko.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 3,1-12.

Egun heietan, agertu zen Joanes Bataiatzailea
Judeako basamortuan, hunela oihukatuz :
“Bihozberri zaitezte,
hurbildua baita zeruetako Erreinua.”
Joanes hori zuen aipatzen Izai profetak, ziolarik :
“Mintzo bat oihuka ari da basamortuan :
Presta bidea Jaunari, zuzent haren bidexkak.”
Joanesek kamelu-ilezko jantzia zuen
eta larruzko uhala gerrian ;
otteak eta baseztia zituen janari.
Orduan, Jerusalemetik, Judea osotik eta Jordan eskualde guzitik
harenganat joaiten zen jendea.
Eta Joanesek bataiatzen zituen Jordan ibaian,
beren bekatuak aitortzen zituztela.
Farisau eta zaduzear ainitz bataiorat heldu ikusirik, erran zioten :
“Sugegorri arraza !
Nork irakatsi dautzue gainean duzuen hasarreari ihes egiten ?
Emazkitzue, beraz, bihozberritzeari dagozkion fruituak,
Eta ez erran zuen baitan:
Guk, Abraham dugu aita.
Zeren, nik diozuet : harri hautarik ere
Jainkoak Abrahami semeak egin diezozke.
Jadanik aizkora zuhaitz-erroari ezarria dago :
fruitu onik emaiten ez duen zuhaitz oro
moztuko da eta surat botako.
Nik urez bataiatzen zaituztet, bihozberri zaitezten.
Bainan nere ondotik datorrena ni baino ahaltsuagoa da,
eta ni ez naiz on hari oinetakoen kentzeko ere.
Harek Izpiritu Sainduz eta suz bataiatuko zaituzte.
Eskuetan dauka bahea, bere larraina garbituko du
eta bihia bere bihitegirat bilduko;
lastoa, berriz, itzaltzen ez den suan erreko du.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Parropia bakotxak egokitu behar du