Premiere lecture

Izai profetaren liburutik 40, 1-5. 9-11.

“ Kontsola zazue, kontsola nere herria, dio zuen Jainkoak.
Mintza bihotzera Jerusalemi, egiozue oihu :
Betea duela bere mutilgoa, ordaindua bere hobenen zorra,
Jaunaren eskutik hartua baitu bere bekatu guzien ordain betea. ”
Mintzo bat ari da oihuka :
“ Presta basamortuan bidea Jaunari.
Egin eremuan galtzada laua gure Jainkoari.
Bete daitezela erreka guziak, apal mendi eta munoak oro ;
Xuxen daitezela malkarrak, eta zelai bilaka maldak.
Orduan Jaunaren aintza agertuko da,
eta guziek batean ikusiko dute Jaunaren ahoa mintzatu dela.”
Igan mendi gainerat, zu, Zioni berri ona ekartzen diozuna.
Egin oihu handi, Jerusalemi berri ona ekartzen diozuna.
Egin oihu, ez izan beldurrik.
Erran Judako hirieri : “ Huna zuen Jainkoa.”
Hara: indarrez jantzia heldu da Jainko Jauna
eta haren besoa nagusi da.
Hara : berekin dakar garaipen saria,
eta bere aitzinean irabazia.
Artzainak bezala, zaintzen du bere artaldea,
bildotsak besoan hartu eta altzoan eremaiten ditu,
eta artarekin gidatzen ardi umatu berriak

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Psaume

103. Salmoa
Zure lekuko, Izpiritua eta ura,
Ospez betea ziren Jauna !

Dena dirdira, edertasuna duzu jauntzi,
Argi zabalaz inguratua zare bizi.
Oihal urdinez duzu gain hartan zuk egoitza,
Lanoez gora baizik zurekin ezin goza.

Zuk hedoi beltzak zaldi karroa, karro gaitza,
Haize-hegalen gainen gainean bazabiltza.
Haize zaluez duzu zabaltzen zure hitza,
Suaren garraz badakizu noiz nola mintza.

Zoin diren nasai zure egintzak, Jainko Jauna,
Zuk egin hoitaz lurra betea dago dena.
Huna itsaso, den izaiterik zabalena,
Handi bai ttipi baitabil nasai hor arraina.

Guziak oro mundu guzitik daude zuri :
Eman dezazun behar orduan zuk janari.
Guziak dire zuk eman horren biltzen ari,
Zabaltzen duzun eskutik denek indar berri.

Begitartea zuk gordetzean denen lotsa !
Zuk hatsa kenduz heien gorputza zer errautsa !
Berpizten dira zuk igortzean zure hatsa,
Eta betbetan berritua da mundu hitsa.


Télécharger la partition Télécharger la lecture

Deuxieme lecture

Jondoni Paulok Tito dizipuluari 2, 11-14 ; 3, 4-7.

Agertu da Jainkoaren grazia, jende guzientzat salbagarri.
Hunek irakasten dauku
Jainko gabeko biziari eta munduko gutizia tzarreri uko egiten,
zentzuz, zuzentasunez eta jainkozaletasunez
mundu huntan bizitzen,
gure esperantza zoriontsuaren beha gaudela :
Jesu Kristo gure Jainko handia eta gure Salbatzailea
aintzaz beterik noiz agertuko den.
Harek bere burua eman du guretzat,
gu gure gaitz guzietarik libratu eta garbi egiteko,
gu haren herri izan gaitezen, beti ongiaren egiteko prest.
Agertu zaizkigu Jainko gure Salbatzailearen bihotz ona
eta gizakien alderako haren maitasuna.
Salbatu gaitu, ez guk egin zuzenbidezko egintzengatik,
bainan bai bere urrikalmenduari esker.
Bataioko mainuaren bidez sorberritu gaitu,
eta Izpiritu Sainduaren baitan berri egin.
Izpiritu hori nasaiki ixuri dauku Jainkoak,
Jesu Kristo gure Salbatzailearen bidez.
Horrela, haren graziari esker, zuzen eginak gira,
eta esperantzaz betiereko biziaren ondarearen jabe.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Acclamation de l'Evangile

Alleluia, alleluia.
Heldu da ni baino ahaltsuagoa dena, dio Joanesek.
Harek Izpiritu Sainduaz eta suz bataiatuko zaituzte.

Evangile

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 3, 15-16. 21-22.

Joanes Bataiatzailearen ganat etorri jendea haiduru zagon,
eta denak beren baitan ari ziren
Joanes ez ote zen Mesias.
Joanesek deneri erran zioten :
“ Nik urez bataiatzen zaituztet ;
bainan badator ni baino ahaltsuagoa dena,
eta ni ez naiz on haren oinetako lokarrien laxatzeko.
Harek Izpiritu Sainduaz eta suz bataiatuko zaituzte.”

Herri guzia bataiatzen ari zela,
eta Jesus ere bataiaturik otoitzean zagola, zerua zabaldu zen.
Izpiritu Saindua gainerat jautsi zitzaion
gorputz itxuran, uso bat bezala.
Eta mintzo bat etorri zen zerutik :
“ Zu zaitut neure Seme maitea, zu zaitut atsegin.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Propositions de priere universelle

(P. Andiazabal apeza, « Mezetako deiak », C urtea  – sail berria)

Jesus bataiatu-eta, otoitzean ari zela, zerua zabaldu zen haren gainera. Gu bataiatuen otoitzak idek dezala zerua gure eta munduaren gainera.

Errepika : Jainkoa, zure Izpiritua igor guri, Mundu guzia dadin berri .

1. Zure Semearen Eliza izaiterat deitzen ditutzunentzat: gizonen artean zure Amodioaren lekuko izan diten, otoizten zaitugu, Jauna.

2. Populu eta nazionen buruzagientzat, bakearen eta guzien aintzinamenduaren alde lan ona egin dezaten, otoizten zaitugu, Jauna.

3. Bataioari buruz prestatzen ari direnentzat, heien burrasoentzat, girixtino berriak behar bezala onartuak izan diten Elizaren baitan, egin dezagun otoitz.

4. Ebanjeliotik urrun bizi direnentzat: beren bidean kausi ditzaten Kristoren lekuko suharrrak, beren fedea iratzarriko diotenak, otoizten zaitugu, Jauna.

5. Guhaurentzat, herriko girixtino guzientzat, gutartean beti azkarrago ager dadin Eliza, otoizten zaitugu, Jauna.

Jainko gure Aita,
gelditu gabe zure Izpiritua emaiten diozute bataiatu guzieri.
Bete zatzu gure bihotzak Erreinurako esperantzaz.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Propositions à adapter par chaque paroissse