Zamuelen bigarren liburutik 7, 4-5a. 12-14a. 16.
Jaunaren hitza etorri zitzaion Natan profetari :
“Zoaz eta errozu Dabid nere zerbitzariari :
Hau dio Jaunak :
Zure egunak bete eta zure arbasoekin atseden hartuko duzunean,
ondoko bat emanen dautzut zure ondorean, zureganik sortua,
eta sendotuko dut zure erregetza.
Harek eraikiko dio etxea nere izenari
eta nik finkatuko dut betiko haren errege-alkia.
Harek aita izanen nau ni, eta seme izanen dut nik hura.
Zure etxeak eta zure erregetzak iraunen dute beti nere aitzinean,
eta zure errege-alkia sendo izanen da betikotz.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
88. Salmoa
Haren semeak iraunen zaizko sekulako.
edo :
Zure hitzak hitz, Jauna, betiko !
zure izena dut goretsiko !
Jaunaren bihotz onari kantu sekulako,
Haren egia mendez mende dut aipatuko.
Bai betiko du harek guretzat amodio ;
Hari egia zeruan berme dagokio.
Zin egina du : Dabidekin naiz bat egina,
Hura da hura nik hautatua den gizona.
Sekulako naiz zure semeen Jainko Jauna ;
Zure alkia menderen mende dirauena.
Deituko nauzu ni: zu nere Aita, nere Jauna,
Nere harroka, beti nere zain bazaudena.
Harentzat dutan amodioa betikoa,
Harekilako batasun hura berme doa.
Jondoni Paulok Erromanoeri 4, 13. 16-18. 22.
Haurrideak,
Jainkoak Abrahami eta haren ondokoeri agindu zioten
ondorez mundua berena izanen zutela,
ez Legea betetzearen bidez,
bainan sinestearen bidez zuzen eginak izanez.
Beraz, agintza, dohain hutsa izanez, fedeari lotua da ;
horrela, Abrahamen ondoko guzientzat balio du,
ez bakarrik Legearen arabera ondoko direnentzat,
bainan Abraham, gu guzien aitaren fedean parte dutenentzat.
Hori da Liburu Sainduan izkiriatua :
Herri ainitzen aita egin zaitut.
Abraham aita dugu sinetsi duen Jainkoaren aitzinean :
Jainkoak hileri bizia emaiten diote,
eta izaiterik ez dutenak izaitera deitzen.
Esperantza guzien kontra esperantza ukanik,
sinetsi zuen Abrahamek ;
hola herri ainitzen aita egin zen,
Jaunak erran zionaren arabera: holakoa izanen da zure etorkia.
Eta, Liburu Sainduak dion bezala,
bere fedearengatik, zuzentzat hartu zuen Jainkoak.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
edo Garizumaldian : Jesu Kristo guri mintza, argi gure bihotza !
Dohatsu zerbitzari leiala,
Jainkoak bere etxearen buru ezarriko du.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 1, 16. 18-21. 24a.
Jakobek sortu zuen Josep, Mariaren senarra.
Eta Mariaganik sortu zen Jesus, Kristo deitzen dena.
Jesu Kristoren sortzea hunela gertatu zen :
Maria, Jesusen ama, Josepekin ezkontzeko emana zen ;
eta elkarrekin bizi izan baino lehen,
haur beharretan gertatu zen, Izpiritu Sainduaren egitez.
Josep, Mariaren senarra, gizon zuzena zen ;
ez zuen bere emaztea salatu nahi, eta ixilka uztea erabaki zuen.
Hori gogoan zagolarik,
Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan, eta erran zion :
“ Josep, Dabiden semea,
ez izan beldurrik Maria, zure emaztea, etxean hartzeko,
haren baitan sortua dena Izpiritu Sainduaganik baita.
Semea izanen du, eta zuk “Jesus ” emanen diozu izena,
harek baitu bere herria salbatuko bere bekatuetarik.”
Josepek, lotarik atzarri zenean,
Jaunaren aingeruak errana egin zuen.
EDO :
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 2, 41-51a.
Jesusen burasoak Jerusalemerat joaiten ziren urte guziz
Bazko bestakari.
Jesusek hamabi urte bete zituenean,
harat igan ziren, besta hortan ohi den bezala.
Besta egunak bururaturik, etxera abiatu zirenean,
Jesus haurra Jerusalemen gelditu zen, burasoek jakin gabe.
Ustez eta bideko lagunen artean zen,
egun baten bidea egin ondoan,
haren bila hasi ziren ahaide eta ezagunen artean.
Ez baitzuten aurkitu, Jerusalemerat itzuli ziren, hura bilatuz.
Hiru egunen buruan , Tenpluan aurkitu zuten,
irakasleen erdian jarria, heieri beha eta galdeka.
Entzule guziak miretsirik zauden,
haren adimendu eta ihardespenengatik.
Ikusi zutenean, harriturik gelditu ziren, eta amak erran zion :
“ Haurra, zergatik egin daukuzu holakorik ?
Horra nolako atsegabetan ibili giren aita eta biak zure bila ! ”
Harek erran zioten :
“ Zergatik zinabiltzaten nere bila ?
Ez ote zinakiten nere Aitaren etxean egon behar dutala ? ”
Bainan heiek ez zuten konprenitu zer erran nahi zioten.
Jesus heiekin Nazareterat jautsi zen,
eta heien menpeko zagon.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Propositions à adapter par chaque paroissse