Erregeen lehen liburutik 17, 10-16.
Eli profeta joan zen Zareptarat.
Hiriko ateetarat heltzean,
emazte alargun bat ikusi zuen, egur biltzen ari.
Elik deitu eta erran zion :
“ Ekar-ezadazu,otoi, ur xorta bat pegarrean, edan dezadan.”
Emaztea bila zoalarik,oihu egin zion gibeletik, erranez :
“ Ekar-ezadazu , otoi, ogi puska bat ere.”
Emazteak ihardetsi zion :
“Bizi den Jaunaz, zure Jainkoaz, hitz dautzut, ez dut ogirik.
Bakarrik ahurtara bat irin, untzi batean,
eta olio xorta bat pitxer batean.
Bi xixtapurren biltzen ari naiz,
neretzat eta nere semearentzat opil baten egiteko.
Janen dugu eta gero hilen gira.”
Orduan Elik erran zion :
“ Zoazi eta egizu erran duzun bezala.
Bainan, egidazu lehenik opil ttipi bat eta ekar,
gero eginen duzu ogia zuretzat eta zure semearentzat.
Hunela baitio Jaunak, Izraelen Jainkoak :
Irin-untzia ez da hustuko, olio-pitxerra ez da agortuko,
Jaunak lurrerat euria igorriko duen eguna arte.”
Emaztea joan zen, eta Elik errana egin,
eta luzaz jan zuten Elik, emazteak eta haren semeak.
Irin-untzia ez zen hustu, ez eta olio-pitxerra agortu,
Jaunak Eliren ahoz errana zuen bezala.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
145. Salmoa
Nahi nitzaio Jainkoari
bizi naizeno kantuz ari.
Dohatsu Jaunak lagundua,
Jaunak bidean argitua ;
Egin baititu zeru lurrak
Bai itsasoa eta denak.
Jaunak betiko baitu zaintzen,
Bertzek joentzat hura zuzen.
Gosetueri harek ogi,
Gakotueri harek argi.
Itsutueri Jaunak begi,
Lehertueri dio : jeiki !
Jaunak laguntzen urrun joanak,
Hazten umezurtz, alargunak.
Jaunak zuzenak ditu maite ;
Gizon makurrek traban dute.
Jainkoa Jainko betiere :
Gure Jauna Jaun mendez mende.
Hebrearreri epixtolatik 9, 24-28.
Kristo ez zen sartu giza eskuz eginikako saindutegian,
egiazkoaren iduri baizik ez zen saindutegian,
bainan sartu zen zeruan berean,
orain Jainkoaren aitzinean gure alde agertzeko.
Ez eta behin eta berriz bere burua opari eskaintzeko,
apez nagusia berea ez duen odolarekin
saindutegian urte oroz sartzen den bezala.
Bestela, Pasionea sofritu behar izanen zuen askotan,
munduaren hastapenetik gaur arte.
Bainan ez, Kristo behin bakarrik agertu da orai,
azkenak diren garai hauetan,
bere buruaren opariaz bekatuaren ezeztatzeko.
Eta, gizakiak behin bakarrik hil behar duela,
eta gero jujatua izan, erabakia den bezala,
berdin Kristo ere : behin bakarrik bere burua opari eskaini du,
guzien bekatuen kentzeko,
eta gero bigarren aldikotz agertuko da, ez bekatuarengatik,
bainan haren beha daudenen salbatzeko.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Dohatsu bihotz barnez behartsu direnak,
heiena baita zeruetako Erresuma.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 12, 38-44.
Jesusek, bere irakastaldian, erraiten zion jendeari :
“ Begira zaitezte lege-irakasleetarik :
gogoko dute jantzi ederretan ibiltzea,
eta plazetan jendearen agurrak hartzea ;
gogoko dituzte zinagogetan lehen alkiak,
eta apairuetan ohorezko lekuak.
Alargunen ontasunak iresten dituzte,
eta otoitz luzeak egiten, agertzeko:
holakoek kondenamendu zorrotzagoa izanen dute.
Jesus Tenpluko dirutegiaren aitzinean jarririk zagon,
jendeari beha, dirua nola botatzen zuten kutxarat.
Aberats ainitzek ausarki emaiten zuten.
Etorri zen ere emazte alargun behartsu bat,
eta bi sos bota zituen, huskeria bat.
Bere dizipuluak deiturik, Jesusek erran zioten :
“ Egiaz diozuet: alargun behartsu horrek
beste guziek baino gehiago bota du kutxarat.
Zeren, beste guziek sobera dutenetik eman dute ;
horrek, aldiz, bere eskasiatik,
dena eman du, bizitzeko zaukan guzia.”
EDO BERTSIO LABURRA :
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 12, 41-44.
Jesus Tenpluko dirutegiaren aitzinean jarririk zagon,
jendeari beha, dirua nola botatzen zuten kutxarat.
Aberats ainitzek ausarki emaiten zuten.
Etorri zen ere emazte alargun behartsu bat,
eta bi sos bota zituen, huskeria bat.
Bere dizipuluak deiturik, Jesusek erran zioten :
“ Egiaz diozuet: alargun behartsu horrek
beste guziek baino gehiago bota du kutxarat.
Zeren, beste guziek sobera dutenetik eman dute ;
horrek, aldiz, bere eskasiatik,
dena eman du, bizitzeko zaukan guzia.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Andiazabal, « Mezetako deiak », B, 2
Bere Semea emanez, Jainkoak denak eman dauzkigu.
Esperantza bihotzean egin diezogun otoitz.
1. Elizarentzat: lur huntako ibilaldian ez dezan bertze sustengurik bila, bere Hitzaz eta sakramenduez beti ondoan duen Jaunaren baitan baizik, egin dezagun otoitz.
2. Alargunentzat; herioa gatik laguntza galdu dutenentzat: Jauna baitan kausi dezaten sokorri eta goxotasun, egin dezagun otoitz.
3. Gerlak umexurtx eta alargun egin eta egiten dituenentzat, gizonen tzarkeriaren gatik sofritzen duten emazte guzientzat, egin dezagun otoitz.
4. Aberatsentzat: ikas dezaten emaiten, soberakinetik bakarrik, behar dutenetik ere, egin dezagun otoitz.
5. Guretzat, Jaunak partekatzen daukun ogia hartzeko eskua luzatuko dugunentzat: hurbileko eta urruneko haurrideen zerbitzari izan gaiten, egin dezagun otoitz.
Jainko Jauna, zure dohainez betetzen gaitutzu;
emozute zure laguntza gure haurride guzieri,
eta entzun beti zuri fidatzen direnak.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
Propositions à adapter par chaque paroissse