Apostoluen Egintzetarik 1, 15-17. 20a. 20c-26.
Egun heietan, haurrideak bildurik zauden, ehun eta hogei bat.
Heien erdian xutiturik, Petrik erran zuen :
“ Haurrideak, bete beharra zen
Izpiritu Sainduak Liburu Sainduan errana :
Dabiden ahoz aitzinetik aipatua zuen Judas,
Jesus arrastatu zutenen gidaria.
Gutarik bat zen, eta gure zerbitzu bera betetzeko hautatua.
Hau izkiriatua da Salmoen liburuan :
Har beza beste batek haren kargua.
Huna beraz zer egin behar den: badira gurekin ibili diren gizonak
Jesus Jauna gure artean bizi izan den denbora guzian,
Joanesek bataiatu zuenetik hasi eta zerurat altxatua izan den arte :
Heietarik batek gurekin batean
haren piztearen lekuko izan behar du.”
Biga agertu zituzten:
Josep, deituraz Barsaba, izengoitiz Zuzen, eta Matias.
Gero, otoitz hau egin zuten :
“ Jauna, zuk ezagutzen ditutzu guzien bihotzak,
erakutsaguzu bietarik zein hautatu duzun,
apostolu-zerbitzu huntan Judasek utzi lekuaren hartzeko,
berea duen lekurat joan baita hura.”
Xotxak atera zituzten, eta Matiasena atera baitzen,
hameka Apostoluen taldean sartu zuten.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
102. Salmoa
Munduan kantu Jesu Kristori,
Aldean baitu Aitak ezarri !
edo : Alleluia.
Eskerrak eman, nere arima, Jainkoari ;
Nere barneko guziek haren izenari!
Eskerrak eman, nere arima, Jainkoari,
Ez nehoiz ahantz zoin usu zaitzun urrikari !
Zenbatez baita zerua nausi lur zolari,
Hala guretzat Jainko bihotza nausi ari.
Bi zeru aldek ezin neholaz jo elgarri,
Gure hobenak gutarik urrun hak ezarri.
Zeruetan du bere alkia Jaunak jarri,
Handik errege manatzen dio munduari.
Eskerrak eman diren guziek Jainkoari,
Eskerrak, mundu zabalekoek, Jainkoari !
Jondoni Joaniren lehen epixtolatik 4, 11-16.
Maite maiteak, Jainkoak gu hain maite izan bagaitu,
guk ere elkar maitatu behar dugu.
Jainkoa, nehork ez du nehoiz ikusi.
Bainan, elkar maitatzen badugu, Jainkoa gure baitan dago,
eta haren maitasuna bere beterat heldua da gure baitan.
Badakigu haren baitan gaudela, eta hura gure baitan,
bere Izpiritutik eman baitauku.
Eta guk ikusi dugu eta aitortzen
Aitak bere Semea igorri duela munduaren Salbatzaile.
Norbaitek aitortzen badu Jesus Jainkoaren Semea dela,
Jainkoa haren baitan dago, eta hura Jainkoaren baitan.
Eta guk ezagutu dugu eta sinetsi Jainkoak guretzat duen maitasuna.
Jainkoa maitasuna da :
maitasunean dagona Jainkoa baitan dago, eta Jainkoa haren baitan.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Ez zaituzte Jaunak umezurtz uzten,
berriz heldu da zuenganat,
izanen baitu zuen bihotzak bozkario.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 17, 11-19.
Mundu huntarik bere Aitarenganat zoanean,
Jesusek, begiak zerurat altxaturik, hunela otoitz egin zuen :
“ Aita guziz saindua, begira nere dizipuluak
eman dautazun zure izenari leial,
bat izan daitezen, gu bat giren bezala.
Hauekin nintzeno, begiratu ditut eman dautazun zure izenari leial.
Zaindu ditut, eta ez da bat ere galdu, galtzera doana baizik,
hola betetzen baita Liburu Sainduak diona.
Orai, ordea, zureganat noa.
Hau guzia, oraino munduan nagola erraiten dut,
nere bozkarioa beren baitan izan dezaten, bozkario betea.
Zure hitza eman diotet,
bainan munduak hastio izan ditu, mundukoak ez direlakotz,
ni ere mundukoa ez naizen bezala.
Ez dautzut eskatzen mundutik atera ditzazun,
bainan Gaixtoarenganik begira.
Ez dira mundukoak, ni ere mundukoa ez naizen bezala.
Sagara itzazu egiaren bidez : zure hitza egia da.
Zuk mundurat igorri nauzun bezala,
nik ere mundurat igorri ditut.
Eta hauengatik sagaratzen dut nere burua,
hauek ere sagaratuak izan daitezen egiaren bidez.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Zeruetan, Aitaren eskuinean dago Jesus, gure aide otoitzean:
haren bitartez helaraz ditzogun Jainkoari gure galdeak gizon guzien fagoretan.
1. Eliza sainduarentzat: Jainkoak eman diezon behar dituen apezen sor-arazteko ahala, egin dezagun otoitz.
2. Apez, fraile eta serora bokazionentzat: bide zail horri lotzen direnek ukan dezaten kar, indar eta kuraia, egin dezagun otoitz.
3. Mundu huntako kargudun guzientzat: ez ditzan urguluak gida, bainan zuzentasunaren eta bakearen alde lan egiteko lehiak, egin dezagun otoitz.
5. Zuzentasunaren edo fedearen gatik gaizki erabiliak direnentzat:
ikus dezaten beren lan, neke eta oinazeen fruitu ederra, egin dezagun otoitz.
6. Hemen bilduak gaudenentzat: izan gaiten beti gehiago Kristoren lekuko suhar eta gure haurrideen zerbitzari kartsu, egin dezagun otoitz.
Jainko gure Aita,
entzun-azu, otoi, zure Semearen otoitza,
eta harekin batean zure Elizarena,
zure Izpirituak gure baitan sortzen duena menderen mendetan.
Propositions à adapter par chaque paroissse